Zure mezua erabiltzaile askorengana helarazten dute sare sozialek gaur egun. Eta sareetako presentzia probetxugarria eta eraginkorra izan dadin, helburu eta estrategia argiak definitzea komeni da.

Lehenik eta behin, pentsatu behar da zer sare diren egokienak zuen enpresarako, eskaintzen duzuen produktuaren edo zerbitzuaren arabera, publikoaren arabera... eta kontuan izanda, halaber, zer baliabide dituzuen haiek artatzeko. Izan zaitezte errealista zenbat sare sozialetan izango zareten eta zenbat argitalpen eta zer maiztasunekin egingo dituzuen planteatzeko garaian. Arrakasta baduzue, zuen komunitatea hazi egingo da, eta gero eta interakzio gehiago izango dira; beraz, dedikazio handiagoa eta bezeroen arretako estrategia landuagoa beharko dituzue.

Gaur egun aukera ugari daude. Twitch, Reddit, TikTok eta bestelako sareek beren tartea dute, baina oraingoan sare ezagunenetan eta erabiltzaile gehien dituztenetan zentratuko gara.

Facebook. Ospe handieneko sareetako bat da. Profila edo orria? Profilak lagunekin konektatzeko daude pentsatuta. Baina, enpresa bat baldin baduzue, hobe da orri bat sortzea (hori ere doakoa da) zure negozioaren berri emateko eta nahi adina jarraitzaile lortzeko. Gainera, bezero potentzialen inguruko informazio interesgarria (adibidez, adina eta kokapena) ematen duten txostenak eskaintzen dituzte orriek.

Instagram. Sare bisualena da, primerako plataforma zure produktu edo zerbitzuak irudien bitartez ikusgai jartzeko. Instagrameko reelak —gehienez 60 segundo arteko bideoak— oso erakargarriak dira erabiltzaileentzat, eta asko partekatzen dituzte.

Twitter. berehalakotasuna eta laburtasuna (280 karaktereko muga du) dira sare horren balio nagusiak. Toki ezin hobea da markek produktu berriak plazaratu ditzazuen eta munduan zer gertatzen den eta joera berrienak zein diren jakin dezazuen denbora errealean.

Youtube. Milioika eduki igotzen dira egunero bideoak partekatzeko sortu zen webgune horretara. Enpresa batentzat, identitate eta ospe digitala eraikitzeko modu bat da kanal propioa izatea. Gainera, lagungarria izan daiteke zuen produktu eta zerbitzuen SEO posizionamendua hobetzeko, eta zuen negozioaren publizitatea egiteko ere erabil dezakezue, kanalean iragarkiak jarrita.

Linkedin. Sare sozial hori eremu profesionalean eta enpresarialean zentratzen da. Zuen marka posizionatzeaz gainera, hornitzaileekiko eta bezero posibleekiko lotura zuzena ematen du, eta tresna bikaina da talentua eta profil profesional zehatzak aurkitzeko.

Edozein sare hautatzen duzuela ere zuen marketin digitaleko estrategiarako, arreta berezia jarri alderdi hauetan:

  • Argitaratzen duzuen edukia. Zehatza, laburra, originala, bisualki erakargarria edo bideo-formatukoa, erabiltzaileen gogokoena, gero eta arrakastatsuagoa.
  • Tonua. Sare sozial bakoitzaren erabilerara egokitu behar da. Arrunta eta lagunartekoa (Linkedinen formalagoa), zuzena baina egokia, irainik eta borroka dialektikorik gabea, halakoek zuen enpresaren linea korporatibotik urrunduko baitzaituztete ohartu ere egin gabe.
  • Interakzioa. Bilatu erabiltzaileen parte-hartze aktiboa, eta egin ekintzetan parte hartzeko deialdi zuzenak. Lehiaketa, zozketa eta inkestak oso eraginkorrak dira bezeroen arreta erakartzeko eta bezero potentzialak bilatzeko.
  • Esploratu aukera guztiak. Ez konformatu edukiak argitaratzearekin. Sare sozialak bezero-arretako zentro digital arinak, salmenta-plataformak eta publizitate-erakusleiho dinamikoak izatera irits daitezke, sare sozial askok iragarkiak sartzeko aukera eskaintzen baitute.

Sare sozialak funtsezko tresna dira hainbat gailu erabiliz une eta toki desberdinetan dauden pertsonen artean komunikatu eta erlazionatu ohi den gizarte digital honetan. Zuen enpresan estrategia egokia aplikatzen baduzue, ikusgaitasuna areagotu, gehiago saldu eta errentagarritasuna hobetuko duzue.