Ezagutzen al duzue Inbound maketina? Marketin- eta publizitate-teknika ez-intrusiboak konbinatzen ditu, eta merkatu digitalen bilakaera logikoaren emaitza da.

Onlineko erosketak finkatu eta biderkatu diren heinean, eta hamaika aukera dagoela ikusita, ez da lan erraza kontsumitzaileengana erosketa-prozesuaren une erabakigarrietan iristea eta haien interesa piztea, kontaktu propio bihurtu arte; baina, lortzen denean, oso eraginkorra da.

Honako hau da Inbound marketinaren helburu nagusia: erabiltzaileak erosketa-prozesuaren hasieratik amaierara laguntzea, eta, azkenik, fidelizatzea.

Nolabait esatearren, erosten hasiberri diren erabiltzaileak identifikatzen ditu eta haien interesa pizten du, unera, baldintzetara eta bezero-motara egokitutako eduki aproposen bidez.

Jakin nahi duzue nola erakar ditzakezuen bezeroak eduki baliotsua eta neurrira egindako esperientziak sortuz?

Nola prestatu interesa pizten duten edukiak

Inbound marketinaren oinarria erabiltzaile potentzialak erakartzea da. Nola egin? Erabiltzaileei interesatzen zaizkien kalitatezko edukiak sortuz. Eta nola jakin zein diren gehien eskatzen dituzten gaiak? Funtsean, sareko hitz gako bilatuenak, webguneen erabilera- eta nabigazio-estatistikak edo sare sozialetako profilen jarraitzaile eta interakzio kopurua kontsultatuz.

Datu horiek ezagututa, eta gehien eskatzen den informazio mota zein den jakinda, zuen esku dago eduki erakargarri eta berriak sortzea, ahalik eta erabiltzaile gehienen interesa piztuko dutenak. Puntu honetan, ezinbestekoa da SEO (Search Engine Optimization) estrategia deritzenak ezagutu eta ondo erabiltzen jakitea, zuen edukiak ondo posizionatuta ager daitezen Interneteko bilaketetan.

Erakartzea eta bihurtzea Inbound marketinaren beste bi kontzeptu gako dira. Hau da, gure webgunerako bisitak lead bihurtzea, landing page bisual eta eraginkorren bidez; horietan, bereziki erabilgarriak dira formulario sinpleak eta ekintzarako deiak.

Arrakasta lortzeko, izen-deiturak jarri behar dira, eta orrialdeko bisitariak berezko kontaktu bihurtu, harreman kualifikatuen datu-base zabal bat sortzeko pixkanaka. Hala, eraginkorragoak izango dira, eta datu gehiagotan oinarrituak, zuen marketin-ekintzak.

Erabiltzailearen interesa piztea lortu duzuenean, eta jada zuen enpresa eta zerbitzuak ezagutzen dituenean, aukera izango duzue jakinarazpenak bidaltzeko, jakinik interesatuta dagoela; baina ez hori bakarrik, zeren ziurrenik zuen mezuak bere kontaktuen artean zabalduko baititu, sare sozialen edo mailingaren bidez, edo ahoz aho. Zenbat eta helmen handiagoa, are gehiago ezagutuko zaituztete, eta are sendoago eta hobeto posizionatua egongo da zuen marka-irudia, eta horrek, salmentak areagotuko ditu.

Eta horretan datza Inbound marketineko estrategia egoki baten beste gako bat: komunikazio- eta hedatze-ekintza digital eraginkorrak sortzea. Gaur egun aukera ugari dituzue eskura, eta horietako asko doakoak dira: newsletterrak, email marketing deritzona, sare sozialetako publizitatea... Badakizue ez dagoela kanpaina magiko unibertsalik; enpresa bakoitzak bere produktua ezagutu behar du, eta estrategia errealistak prestatu.

Erabiltzailea erdigunean

Inbound marketinak ekintzaren erdigunean jartzen ditu erabiltzailea eta haren beharrak, eta bezero potentzial bihurtzen du erabiltzailea, arreta guztia albait modu pertsonalizatuenean eskaini ahal izateko. Bi norabideko komunikazioa da eta, horretan, funtsezkoa da interakzioa, erabiltzaile potentzial izatetik bezero fidelizatu bihurtzeko prozesua finkatuko bada. Zuen edukien harira sortzen diren aipamen edo iradokizunei erantzutean, eskaintza eta zerbitzuak doitu edo birdefinitu ditzakezue.

Inbound marketinaren arrakastak badu zerikusirik, halaber, kanpainak egiteko automatizazio-tresna egokiak hautatzearekin. HubSpot, Hootsuite edo hitz gakoak kudeatzeko Googleren tresna oso baliagarriak izan daitezke eduki-estrategia egokia kudeatzeko.

Inbound marketina euskarri digitaletan oinarritzen da; hedabide tradizionalagoetarako, hala nola irrati, telebista edo egunkarietarako, Outbound marketina dago, antzeko helburuak izanik ere, masiboagoa dena eta markan eta produktuan zentratuagoa.

Inbound marketina interesatzen bazaizue eta zuen enpresan nola aplikatu jakin nahi baduzue, zenbait liburu gomendatzen dizkizuegu, lagungarri izango baitzaizkizue ideiak eta adibide praktikoak ezagutzeko.

  • Horietako lehena Inbound Marketing: Get Found Using Google, Social Media, and Blogs da, Brian Halligan eta Dharmesh Shah Inbound marketinaren sortzaileek idatzia.
  • Klasiko bat: Guerrilla Marketing, Jay Conrad Levinson, Jeannie Levinson eta Amy Levinson-ek idatzia.
  • Oinarrizko kontzeptuekin hasteko, Scott Anderson Miller-en Inbound Marketing for Dummies.
  • SEO gaiak ere interesatzen bazaizkizu, Inbound Marketing and SEO: Insights from the Moz Blog, Rand Fishkin eta Thomas Høgenhaven-ek idatzia.

Erakartzea, elkarreragitea, bihurtzea, gozatzea edo ixtea dira Inbound marketineko estrategiaren funtsezko alderdiak definitzen dituzten hitzetako batzuk. Gaur egun, enpresentzako teknikarik interesgarrienetako bat da Inbound marketina, abantaila nabarmenak baititu: kontaktuak, erregistroak (edo leadak) eta webguneetako bisitak areagotzen ditu.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin.