Nola jokatzen dute bezeroek produktu baten bila ari direnean? Saltzeko, lehenik eta behin, zure xede-publikoa nor den identifikatu behar da, eta haren interesak eta portaera-ereduak ezagutu.

Marketin digitaleko plan eraginkor batek zure bezero potentzialetara hurbiltzeko eta haien beharrak asetzeko aukera emango dizu. Ez dago formula magikorik, ezta estrategia bakar bat ere, baina, ekintza batzuei esker, agerikotasun eta posizionamendu handiagoa izango duzu, bezeroak errazago fidelizatuko dituzu, eta, seguruenik, zure ETEak irabazi handiagoak izango ditu.

  • Edukien marketina: Gure buruari galdetu behar diogu zer kontatu nahi diegun bezeroei haien interesa pizteko, eta egutegi bat osatu behar dugu, eduki erakargarri, berritzaile eta, batez ere, erabilgarriak izango dituena. Eduki erabilgarria da edukirik onena, eta modu askotara egin daiteke hori: zalantzak argituz, datu gehiago emanez, gai bat xehetasunez aztertuz edo ideiak emanez, besteak beste.

Garrantzitsua da, halaber, eduki bakoitzerako euskarri edo formatu egokia zein den erabakitzea: ez dugu estilo edo tonu bera erabiltzen sare sozialetan mezu bat bidaltzeko eta newsletter espezializatu baterako post bat egiteko.

  • Marketina bilatzaileetan: Posizionamendua hobetzeko estrategiei buruz ari garenean, norbaitek bilaketa egiten duenean zure webgunea ahalik eta lekurik nabarmenenean agertzeaz ari gara. Modu naturalean egin daiteke, SEO bidez, edo ordainduta.

SEO posizionamendua (Search Engine Optimization) erabiltzaileek bilaketa egiten dutenean zure webgunea aurkitzen dituzten lehen orrialdeen artean kokatzeko metodo natural bat da; horretarako, hauek hartzen dira kontuan, besteak beste: webgunearen egitura eta metadatuak, gako-hitzen erabilera egokia eta eduki originalak lantzea.

SEM posizionamendua, berriz (Search Engine Marketing), lehen emaitza-posizioetara azkarrago iristeko erabiltzen den kokapen-metodo ordaindu bat da.

  • Erabili sare sozialak: Twitter, Facebook, Instagram eta Linkedin plataformetan, bezero potentzial ugari daude. Hurbiltasuna erakusteko eta komunitateak eraikitzeko bitarteko egokiak dira, eta zure mezua zabaltzen laguntzen dute, helburu argi batekin: partekatzea, biral bihurtzea eta ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristea.

Iragarkiak ere sar ditzakezu, Facebook eta Instagram Ads erabilita, adibidez. Baliabide horiek segmentazio-aukera handiak dituzte erabiltzaile jakin batengana iristeko, besteak beste kokapena, adina eta interesak kontuan hartuta.

  • Sortu multimedia-edukia: Bideo erakargarri eta laburrak, erabiltzailearen arreta erraz erakartzeaz gain, bereziki erabilgarriak dira alderdi berriren bat nabarmentzeko, eta, bide batez, zure irudia eta marka are gehiago ezagutarazten dituzte. Ideia bat egin dezazuen: 2019an, erabiltzaileek, batez beste, egunean 84 minutu baino gehiago eman zituzten bideoak ikusten, eta kopuru hori nabarmen handitzen da urtetik urtera.
  • Marketineko mezu elektronikoak: Komunikazio-estrategia honekin, posta elektronikoa erabiliko duzue datu-basean dagoen bezero batekin harreman zuzena izateko. Beraz, helburua ez da bezero berriak lortzea, baizik eta berrikuntzen berri ematea edo produktu edo soluzio berriak ezagutaraztea, adibidez; eta, batez ere, gogoraraztea hor zaudela eta fidelizatzea.
  • Inbound Marketing: Marketin digitaleko estrategia honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu. SEO-, marketin- eta publizitate-teknika ez-intrusiboak konbinatzen ditu, erakartzeko, bihurtzeko, ixteko eta gozatzeko. Erabiltzailea prozesuaren erdian jartzen du, eta erosketa-zikloan hasieratik amaierara laguntzen; hala, harekiko harreman hurbilagoa sortzen da denborarekin.
  • Elkarrizketa bidezko marketina: Bezeroekin harremanak izateko armarik tradizionalenetako bat erabiltzen du: elkarrizketa, txaten bidez, deien bidez edoboten bidez. Irtenbide horietako edozein erabil daiteke hainbat gailutan, noiznahi eta nonahi, eta oso modu eraginkorra da bezeroei buruzko datu gehiago jakiteko, salmentaren, euskarriaren eta marketinaren arteko hesi hori hautsiz.
  • Erabili adimen artifiziala: Salmenta eta itzulketen aurreikuspenak egitea, sustapenak edo langileen beharrak optimizatzea. Adimen artifizialak aukera ematen du informazioa optimizatzeko eta bezeroengandik jasotzen dituzuen datu horiei guztiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta prozesuak automatizatzeko. Zenbat eta hobeto ezagutu zure bezeroak, orduan eta hobeto jakingo duzu zer eduki behar dituzten, eta aurrea hartu ahal izango diezu haien premiei.

Marketin digitalak aukera ugari ditu zuen ETEarentzat. Aukeratu zuen beharretara hobekien egokitzen direnak, eta sortu marketin-ekintza zehatzak, zuen negoziorako berariaz garatuak; ikusiko duzue laster iritsiko direla emaitzak.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroentzako sail komertzialeko taldearekin.