5G teknologia Euskaltelen etorkizuneko apustuetako bat da. Eta errealitate bat da dagoeneko, 5G Euskadi proiektuaren emaitzak ofizialki aurkeztu baititugu berriki. Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroan (CFAA) egin zen aurkezpena, eta edukien eta egungo aurrerapenen berri eman genuen; gainera, 4.0 Industriako denbora errealeko demo bat ere erakutsi genuen.

5G Euskadi proiektu pilotu bat da, eta, Euskaltel Taldearekin batera, beste 16 enpresak eta erakundek parte hartzen dute; gure sare aurreratua eta gure profesionalen talentua eskaintzen dugu guk, 5G errealeko sare bat hedatzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoetan. Lankidetza publiko-pribatua proiektua bultzatzeko funtsezko palanketako bat izan da.

Saio praktikoa

Proiektuaren barruan garatzen ari diren 9 erabilera- eta aplikazio-kasuetako batzuk azaldu ziren aurkezpenean.

CEITeko Igone Vélez errealitate areagotuari buruz aritu zen. Zentro teknologiko hori urruneko laguntza-sistema bat garatzen ari da instalazio elektrikoen mantentze- eta konponketa-lanetarako. Sistema horri esker, adibidez, langile batek kontrol-zentro batean dagoen aditu baten laguntza jaso ahal izango du, errealitate areagotuaren bidez.

Bestalde, Ignacio Martinek (Iberdrola) azaldu zuen sare elektrikoaren digitalizazioa nahitaezkoa dela oinarrizko zerbitzua eskaintzeko herritarrei, baita lekurik isolatuenetan ere; adibide gisa, azaldu zuen nola enpresa elektrikoa 5G sarearen estaldura hedatzeko gaitzaile izan daitekeen.

Igor López Orbe CAFeko ordezkariak mugitzen ari diren ibilgailuen mantentze-lanak 5G bidez egiteko erakustaldiari buruzko azalpenak eman zituen. Erabilera-kasu jada oso aurreratu batean dihardute lanean: zehazki, 5G teknologiak latentzia baxuan eta banda-zabalera altuan ingurune mugikor batean dituen transmisiorako aukerak eta Edge Computing delakoa 5G operadorearen sarbide-sarean ustiatu nahi dira.

Zibersegurtasuna funtsezko elementu gisa aztertu zuen Basque Cyber Security Centre-k (BCSC). 5G sareei eragin diezaieketen mehatxu nagusiak identifikatzea da proiektuaren oinarria, eta arreta berezia jarri dute proiektu pilotuko erabilera-kasuetan.

Biki digitalak Gestamp enpresan

Jardunaldiko une gorenetako bat 4.0 Industriako kasu baten erakustaldia in situ ikusteko aukera izan zen. Gestamp enpresak zuzendutako kasuaz ari gara, 5G indoor estaldurarekin planteatua Gestampen ekoizpen-instalazioetan, Abadiñon.

Proiektu honen helburua da une bakoitzean erabakiak hartzeak izan ditzakeen arriskuak aurreikustea eta aldez aurretik ebaluatzea. Horretarako, biki digital bat sortzen ari dira benetako ekoizpen-instalazio batean. Bikian simulatuko dira ekintzak, eta han ikusiko dira ondorioak. Hala, mundu errealean aplikatuko diren edo aplikatuko ez diren aukerak planteatuko dira.

Lankidetzan du oinarri proiektuak, eta Euskadiko enpresen parte-hartzea sustatu nahi du

Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen estatu-idazkaria 5G Euskadi proiektu pilotuaren aurkezpenean izan zen, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi zuen prozesu guztien digitalizazioa eta jasangarritasuna lortu behar dela eredu ekonomiko jasangarri bat lortzeko —ikuspegi sozial, ekonomiko eta ingurumenekotik jasangarria— eta, hala, trantsizio hirukoitzari arrakastaz heltzeko.

David del Campo gure lankide eta aldi baterako enpresa-elkarteko gerenteak proiektu pilotuen helburu nagusietako bi nabarmendu zituen: batetik, jasotako ezagutza eta esperientzia Euskadiko enpresa-ehunera zabaltzeko lan egitea eta, bestetik, pilotuetan parte hartu nahi duten enpresei sartzeko aukera ematea eta parte har dezaten bultzatzea. Gainera, iragarri zuen, mugikortasunaren inguruko kasuei dagokienez, Donostiako autobus-linea erabilienetako bateko ibilgailuek (28. lineakoek) 5G zerbitzua izango dutela pare bat astean.

Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen estatu-idazkariaren hitzekin amaitu zen aurkezpen-ekitaldia, eta iragarri zuen 2022ko aurrekontuetan 600milioi euro bideratuko direla 5G sareen hedapena bizkortzeko.

5G Euskadi’ proiektua

5GEuskadi proiektua 19 enpresa eta erakunde publiko eta pribatuk osatutako ekimena da, eta hiru parke teknologikoetan 5G sarea hedatzea eta gaitzea du helburu. Horrez gainera, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sareko zerbitzuen inguruko produktu eta zerbitzuen garapen aurrekomertzialera bideratutako 9 erabilera-kasu garatzen dihardu.