Urtarriletik apirilera txotx garaia da, eta kuadrillak Astigarragara begira jartzen dira, Euskadin sagardo-garaiaren epizentro bihurtu baita. Badakizu hogei sagardotegi baino gehiago daudela han? Astigarragako sagardotegirik onenak zein diren kontatuko dizugu.

Euskadi, Asturiasekin batera, penintsulan sagarrondoak era masiboan ustiatzen eta sagardoa egiten hasi ziren lehen lekuetako bat izan zen.

XIV. menderako, sagardo-salerosketa diru-sarreren eta merkataritzako trukeen iturri garrantzitsua zen. Are gehiago, isunak eta zigorrak ere bazeuden kupel bat hausten edo sagarrondoak hondatzen zituztenentzat.

Euskal baleazaleek ere zamategiak sagardoz betetzen zituzten Groenlandiara edo Ternuara abiatu aurretik.

Sagardoaren tradizioak eutsi egin dio, eta handitu ere egin da, eta, gaur egun, sagardoaren eta txotxaren garaiak jende ugari erakartzen du.

Astigarragak 6 000 biztanle eskas ditu, baina hogei sagardotegi baino gehiago, eta horrexegatik bihurtu zaigu “sagardoaren hiriburu”.

Astigarragako sagardotegiak

sagardotegis astigarraga txotx
Iturria: San Sebastián Turismoa

Astigarragak, Donostiatik bost kilometro eskasera dagoen herriak, Euskadin metro koadroko sagardotegi-kopuru handiena du.

Zuk zeuk aukeratu dezazun, hona hemen Astigarragako sagardotegien zerrenda:

  • Oialume Zar: Astigarraga eta Hernani artean.

  • Etxeberria : 70eko hamarkadan sortua, egun 150 000 litro inguru sagardo ekoizten du urtero.

  • Larrarte: Astigarragako Santiagomendin dago, bere sagarrondoz inguratua.

  • Oiarbide: Sagardotegi tradizionala, non sagarra langileek kixkiaz eta saskiaz jasotzen duten, duela hainbat hamarkadatik.

  • Gurutzeta: Ergobia auzoan dago XIX. mende amaieratik sagardoa ekoizteko lanetan dabilen familiako enpresa hau.

  • Rezola: Sagardotegi honek pare bat upategi eta hiru jantoki ditu bezeroen eskura, eta txotx aukera urte osoan eskaintzen du.

  • Astarbe: Astigarragako eta Gipuzkoa osoko sagardotegirik zaharrenetako bat da. 1563tik egiten dute sagardoa, pentsa.

  • Bereziartua: Sagardotegi honek hiru kupel-gune ditu, eta sari eta aitortza ugari jaso ditu; esaterako, Urrezko Pommea Sagardoaren Frankfurteko Nazioarteko Azokan.

  • Alorrenea: Urte osoan eskaintzen du sagardotegiko janari tipikoa. Alorrenea sagardoak Gorenak kalitate-ziurtagiria du.

  • Petritegi: Kupeletara sarbide zuzenarekin jatea, Gipuzkoako baserri tipiko batean eta euskal arrantzale-munduko giroan.

  • Lizeaga: Urumea ertzean dago Astigarragako Gartziategi dolare-baserria, 450 urte baino gehiagoko etxe bat, XVI. mendetik sagardoa egiten diharduena.

  • Irigoien-Herrero: Sagardotegi ezagun, saritu eta bisitatuenetako bat da. Bertako sagardo naturala, artisau eran egina, belaunaldiz belaunaldi gozatu ahal izan dugu.

  • Zapiain: 500 urte baino gehiagoko sagardotegia. Askok gozatu dute bertako sagardoa 1542ko ekainean Joanes Zapiainek Astigarragako sagarrondo-lursail txiki bat erosi zuenetik.

  • Gartziategi: Bertako sagarrondoak ditu, eta jatorri-deitura duen sagardoa. Bere burua euskal sagardotegirik zaharrentzat du, aktibo baitago XVI. mendetik.

  • Artola: Jabeak, Xabik, arbasoek orain dela lau mende sagardoa egiteko erabilitako teknika berberak erabiltzen ditu, eta sagardoaz gozatu ahalko duzu XV. mendeko kanoi-zuloa duen sagardotegi birgaitu gabeko honetan.

  • Ipintza: Astigarragako erdigunean dagoen sagardotegi honetan urte osoan goza dezakezu sagardo naturalaz. Txotx garaitik kanpo, menu-aukerak ugariagoak dira.

  • Iretza: Tradizioa eta kalitatea, modernitate-ukitu batekin; sagardotegi kontzeptu berri bat, kupela tipikoak ere badituena.

Sagardo-garaia Astigarragan

Sagardo-garai estandarra urtarriletik apirilera artekoa da, baina Astigarragako sagardotegi batzuk urte osoan egoten dira irekita. Halakoxeak dira Alorrenea, Rezola eta Ipintza, esaterako.

Beste batzuetan, jantokia irekita ez egon arren, sasoitik kanpo ere saltzen dute sagardoa. Halaxe egiten dute, adibidez, Oiarbiden.

Astigarragako sagardotegietan, ohikoena da sagardoa sagardotegiko menu tradizionalarekin batera dastatzea (askotan, etxeko gosegarriekin osatua) eta askotariko giro eta estilotako jantokietan jatea, hala eserita nola zutik, era tradizionalagoan.

Edari eta janari onaz gain, zenbait sagardotegik bestelako aisia- eta gastronomia-aukerak ere eskaintzen dituzte. Petritegin, adibidez, musika-ekitaldiak antolatzen dira, sagardoz ondo hornituak, baita kultura- eta zapore-esperientziak ere; esaterako, dastatzeak eta bisita gidatuak. Gurutzetan, adibidez, "Asteazkenean, Otxoteak” ekimena egiten dute.

Beste batzuek sagardoa zuk nahi duzun lekura eramateko aukera eskaintzen dute. Horren adibide da Etxeberria sagardotegiaren “txotx mugikorra”, gurdi batean eramaten baita.

Sagardo Berriaren Eguna Astigarragan

sagardotegis astigarraga cesta
Iturria: Consorcio Sagardun

Sagardo Berriaren Egunarekin hasten da sagardo-garaia Astigarragan.

2024an, XXXI. edizioan, txotx egun hori urtarrilaren 16an izan zen, eta Alorrenea sagardotegian egin zen.

Ekitaldi sinbolikoa da, non urtero ohorezko gonbidatuak sagarrondo bat landatzen duen.

Jaiegun horretan, 2 000 botila sagardo ere ireki daitezke. Gainera, ez dago musika eta dantza onaren, bertsolarien eta gure herri kirolen faltarik.

Sagardoaren inguruko jaiak eta ekitaldiak Astigarragan

Sagar Uzta Astigarragako sagarraren jaia da.

Irailean egiten da, dolare-lanak hastean.

Ikastaroak, tailerrak, uztartze-afariak, dastatzeak, musika-ekitaldiak, kultura- eta kirol-jarduerak eta abar. Jarduera ospetsuenetako batzuk dira urteko sagar-bilketako txapelketa eta denboraldiko lehen muztioaren dastatzea.

Orotariko jarduerak dira, zenbait egunez familiarekin sagarraren kulturaz gozatzekoak.

Astigarragako beste une berezi bat Sagardo Apurua da. Harrigarria irudituko zaizu, beharbada, festa Donostian egiten delako, baina badakizu nondik irteten diren Donostiako Parte Zaharrean dastatzen diren kupelak? Urumea ibaiak Astigarragatik bultzatzen ditu kupelak, gero Tabakaleran lurreratzen dira eta idiek tiraka eramaten dituzte Donostiako Konstituzio plazaraino.

Astigarragak, beraz, sinbolikoki gonbidatu egiten gaitu hango sagardoa dastatzera.

Sagardoetxea, Astigarragako Euskal Sagardoaren Museoa

Ezin duzu Astigarragatik alde egin Sagardoetxera, Euskal Sagardoaren Museora, bisita egin gabe.

Bisitatzeko hiru gune ditu museoak: sagastiak, interpretazio-zentroa eta dastatze-gune bat.

Sagastian sagarra biltzeko prozesua ezagutuko duzu, nola txikitzen den eta nola zanpatzen; interpretazio-zentroan milaka urte dituen edari honen historiak txundituko zaitu; eta dastatze-gunean txotxaren errituala probatu, eta hartaz gehiago ikasi ahalko duzu.

Museoa urte osoan bisita daiteke (astelehenetan, itxita egoten da), eta bisitak gidatuak dira beti.

Familia guztiak goza dezake Sagardoetxeaz. Txikientzat ere sagar-muztioa dastatzeko aukera eta joko interaktiboak daude.

Hortaz, zalantzarik ez, Euskadiko sagardo-garaiaz gozatzeko plan ederra da Astigarragako sagardotegiren batera joatea. Txotx!

Goiburuko irudiaren iturria: Consorcio Sagardun.