Gure segurtasun-taldea ohartu da gero eta phising-kasu gehiago daudela; hau da, norbait, datu pertsonalak eskuratzen saiatzeko, enpresa bat balitz bezala aritzen da. Zure telefonoa, zure pasahitzak, zure baku-kontua edo NANa. Gogoan izan: guk ez dizkizugu inoiz eskatzen zure datu pertsonalak posta elektroniko bidez ematea eta, oro har, enpresa fidagarri batek ere ez du horrelakorik egingo. Interneten, erabil ezazu sena beti.

Seguru asko, jaso duzu noizbait era horretako iruzurrezko mezuren bat; adibidez, zure bankua dela sinetsarazi nahi dizuna. Edo, bestela, Amazon, PayPal edo antzeko plataforma batena, esaten dizuna arazo bat izan dela zure erabiltzailearekin eta zure datuak berriro sartu behar dituzula. Normalean, mezu horiek benetakoen itxura dute, baina gaizki idatzita daude, eta, askotan, itzulpen edo esamolde okerrak edo jatorrak ez direnak erabiltzen dituzte. Jardunbide horri phising-a esaten zaio, eta oso arriskutsua da. Garbi izan behar duzu arazoren bat izanez gero, eta segurtasunagatik, ez guk eta ez beste edozein enpresa handik ez dizkizula eskatuko datu horiek idatziz ematea. Inoiz ez. Eta guk normalean bidaltzen dizkizugun mezuen antza duen bat iritsi bazaizu baina haren jatorriari buruz zalantzarik baldin baduzu, erantzun aurretik, jar zaitez gurekin harremanetan foroaren, sare sozialen edo 1717aren bidez (doan), ziurtatzeko.

Webgune faltsuak

Phishing-a ez dago mugatuta datu pertsonalak bidaltzen dizkizuten mezuetara bakarrik. Askotan, iruzurgileek enpresa baten webgunearen antz handia duten webguneak sortzen dituzte enpresa horren identitatea ordezteko. Normaltasun-itxura eman nahi dute, zuk susmo txarrik ez hartzea lortzeko eta, hala, zure datuak lapurtu ahal izateko.

Horregatik, erreparatu beti estekari (ez baita betiko webgunea), testuari (ortografia-hutsak izaten dira, edo idazkera bitxiak), bai eta diseinuari ere.

Eta, berriro ere, zalantzarik izanez gero, galdetu guri. Zuri laguntzeko gaude. Gainera, blog honetan maiz idazten dugu Interneteko mehatxu nagusiei buruz eta saihesteko moduei buruz. Eta are babes handiagoa nahi baduzu, gure erabateko irtenbidea eskuratu dezakezu sareko mehatxu nagusietatik libratzeko: hackerrak, birusak, phising, spam, malware… Eta gogoan izan: Interneten, garrantzitsuena sena erabiltzea da. Pentsa ezazu ondo zer egiten ari zaren zure datu pertsonalak arriskuan daudenean. Saihestu arriskuak!