Euskal Herriko azoka garrantzitsuenaren beste edizio bat ospatuko du laster Bermeok. 2024ko maiatzaren 17tik 19ra egingo den Arrain Azoka Bermeoren itsas eta arrantza-tradizioaren erakusleihorik onena da. Zatoz eta gozatu Bermeoko kontserba-fabriketako postuez, eskaintza gastronomikoaz, itsasontzi-txangoez, danborradez eta 2024ko Arrain Azokaren programako beste hainbat jardueraz.

Zer da Bermeoko 2024ko Arrain Azoka?

Arrantzak eta itsas gastronomiak markatzen dituzte bermeotarren historia, ekonomia eta bizimodua. Horregatik dute hain protagonismo handia Bermeon arrantzaleek, saregileek, kontserbagileek eta elkarte gastronomikoek.

Eta, maiatzean, bermeotarrek handitasunez ospatzen dute Arrain Azoka ezaguna, ahal bada Bermeoko mahoiarekin jantzita, tokiko ohiturari jarraituz.

2024ko Arrain Azokaren programa

Arrain Azoka 2024

Irudia: Arrain Azoka

Jaiak eztanda egiten du Bermeoko Arrain Azokan. Aurtengoa, 2024koa, maiatzaren 17tik 19ra egingo da. Lamera parkean jartzen dira azokako saltokiak. Bermeoko kontserba-fabrikek beren produkturik onenak eskaintzen dituzte han, erosteko eta dastatzeko aukera izan dezazun.

Lamera parkeko azokako postuen ordutegia:

  • Ostirala: 11:00 - 20:00
  • Larunbata: 11:00 - 21:00
  • Igandea: 11:00 - 15:00

Ongintzako xedeetarako gune solidarioan ere badu lekurik gastronomiak. Atuna eta marmitakoa jateko aukera izango duzu; aurten, gainera, Lamera parkean bertan egongo da gune solidarioa.

  • Hau da ordutegia: 13:00etatik 22:00etara ostiralean eta larunbatean; 13:00etatik 15:00etara igandean.

Herriko produktuak dira orobat protagonista azokako gune gastronomikoan; han, gainera, zenbait tailer egingo dira, guztiak ere atuna dutela protagonista. 2024ko Arrain Azokako tailer guztien berri izan nahi baduzu, deskargatu programa (behean daukazu).

Baina dena ez da gastronomia; beste jarduera asko ere egingo dira Bermeon: besteak beste, kalejirak, danborrada, erraldoiak, pilota-partidak, bisitaldiak eta itsasontzi-txangoak.

Ikusi hemen 2024ko Arrain Azokak argitaratzen duen programa osoa:

Maiatzak 17, ostirala:

  • 9:00 - 11:00: Bermeoko Nautika Eskolako nabigazio-simulagailua ikusteko bisitaldia.
  • 12:00: Arrain Azokaren hasiera eta Hegaluze sariaren banaketa Lameran.
  • 11:00 eta 12:00: Bisita libreak Arroyabe kontserba-fabrikara. Lamerako geltokitik, 10:15ean eta 11:15ean aterako da Bermibus autobusa. Lekua erreserbatu behar da turismo-bulegoan.
  • 17:00: Belaontzi-irteerak 6-12 urteko haurrentzat.
  • 19:00: Pilota-partidak Artza frontoian. Bermeo Hiria-Inpesca txapelketa
  • 20:00: Alkartasuna dantza-taldea Lameran
    21:00 aldera: larrain-dantza portu zaharrean.
  • 20:00: Kanta Kanta Lorue.

Maiatzak 18, larunbata:

  • 10:00 - 13:00: Bermeoko Nautika Eskolako nabigazio-simulagailua ikusteko bisitaldia eta korapilo-tailerra.
  • 10:00: Batel-estropada. Arrain Azokaren IX. bandera
  • 10:00 - 15:00: Ortube atunontzia ikusteko bisita gidatuak.
  • 10:30 - 14:30: “Izan arrantzale” tailerra Bokalen, Itsas Etxea kofradiako haurrentzat.
  • 12:00: Danborrada Lamerako alde zaharrean eta portu zaharrean. Antolatzaileak: Hurre-Hurre eta Adiskide.
  • 12:00: Kalejira Lameran eta portu zaharrean, musika-eskolako Kankinkabara txistu-taldeak eta Arrekatxuxak animaturik.
  • 12:00: Erraldoi txikien konpartsa alde zaharrean, Lameran eta portu zaharrean. Antolatzailea: KIETB
  • 12:30: Divenire dantza-eskola Olatan; 13:30ean, Lameran.
  • 20:00: Habanerak frontoian. Antolatzailea: Radio Nervión.

Maiatzak 19, igandea:

  • 12:30: Bermeoko erraldoiak Lameran eta portu zaharrean.
  • 12:30: Erroxape Martxan Lameran eta portu zaharrean.

2024ko Arrain Azokako beste jarduera batzuk

2024o Arrain Azokako beste zenbait jardueraren berri emango dizugu orain, guztiak ere maiatzaren 17tik 19ra bitartean gozatzekoak.

  • Arrain-salmentaren simulazioa kofradia zaharrean:
    • Maiatzak 17, ostirala: 11:30, 12:30, 13:30 eta 17:30 (euskaraz); eta 19:30 (gaztelaniaz)
    • Maiatzak 18, larunbata: 11:30 eta 19:30 (gaztelaniaz); 13:30 eta 17:30 (euskaraz)
    • Maiatzak 19, igandea: 13:00 (gaztelaniaz) eta 13:30 (euskaraz)
  • Hegaluze agentziaren itsasontzi-txangoak: sarrerak, hemen
  • Izarorako txangoak Taho konpainiaren itsasontzian: sarrerak, hemen

Gainera, 2024ko Arrain Azokak iraun bitartean, doan izango da Arrantzaleen Museorako sarrera.

Bermeoko Arrain Azokaren historia

Arrain Azoka de Bermeo

Irudia: Arrain Azoka

Bermeoko Arrain Azoka izan zen arrain eta kontserben Euskadiko lehenengo azoka.

Helburua garbia zen: Bermeoko kontserben potentziala erakustea publikoari, haiek baitira herriko ekonomiaren oinarri nagusietako bat.

Bermeoko portuak garrantzia hartu zuen Erdi Aroan, eta baxurako arrantzaren erreferente bilakatu zen.

Ordudanik, Bermeoko ekonomia portuaren inguruan egituratu da, kontserba-enpresa handiak eta kontserbari lotutako industriak sortu baitira; besteak beste, itsasontzi eta motorren eraikuntza, ontzien kontsignatarioak eta biltegi handiak.

Bermeok, gaur egun, indarra hartu du Euskadiko marinel-herri eta arrantza-portu garrantzitsuenen artean.

Beraz, ez da harritzekoa herriaren historia markatu duten eta oraindik ere markatzen duten itsasoko produktu horiek goresteko azoka bat egitea herrian.

Hegaluze saria

Hegaluze saria Arrain Azokako aintzatespen berezi bat da. Herriaren berri zabaltzen eta hura ezagutarazten bereziki nabarmendu diren pertsona, erakunde edo enpresei ematen die sari hori Bermeok urtero.

Arrain Azoka elkarteak hautatzen du irabazlea, herritarren proposamen eta iradokizunak jasotzen dituen deialdi ireki baten bidez.

1997an eman zen saria lehen aldiz, eta aurten 26. edizioa izango da.

Hona hemen urte hauetan zehar aintzatespena jaso dutenetako batzuk: kontserba-lantegiak, Arraun Elkartea eta Bermeoko arrantzaleak, Bermeoko Santa Veracruz Kofradia, Erroxape Emakumeen Elkartea eta, azken sariketan, Rafa Sardina.

Bermeo Tuna World Capital

Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak ere paper aktiboa dauka Arrain Azokan.

Bermeon atunaren sektorearekin lotura duten eragile guztiek, hasi atun-ontzietatik eta kontserba-lantegi eta ontzioletaraino, bat egin dute erakunde honetan, zeinaren helburu nagusia baita jateko bikain hau babestea eta ezagutaraztea, betiere jardunbide egoki eta jasangarrien garrantzia sustatuz.

Badakizu, itsas kutsuko plan on baten bila bazabiltza, zatoz Bermeoko 2024ko Arrain Azokara, maiatzaren 17tik 19ra.

Goiburuko irudiaren iturria: Conservas Serrats Bermeo