7  aholku,  Gabonetako  onlineko  erosketetan  iruzurrik  egin  ez  diezazuten

Gainean ditugu jada: Olentzero bertan da dagoeneko, eta gero Erregeak datoz. Eta zu ezin iritsi zabiltza. Ez duzu denborarik dendaz denda ibiltzeko, eta Interneten bila zabiltza, denbora eta dirua aurreztu nahian. Kontuz, ordea! Garai honetan, WhatsApp bidezko iruzurrak eta Internet bidezkoak gehitu egiten dira, eta kontuz ibili behar da, batez ere denda ez oso ezagunetan bazabiltza. Beraz, kontuan hartu zazpi gomendio hauek Gabonetako zure erosketak lasaitasun osoz egiteko.

  1. Egiaztatu webguneak baduela ziurtagiri digitala. Internet bidez zerbait erosi behar baduzu, lehenik eta behin, egiaztatu webguneak baduela SSL egiaztagiri digitala. Segurtasun-protokolo bat da, gure datuak sarean zifratutako gakoen bidez hedatzen direla bermatzen duena. Errazago ulertzeko: hori gabe, ezin duzu jakin komunikazioa segurua den edo ez. Beraz, ez ordaindu ezer URLa https-rekin hasten ez bada (horrexek bermatzen du konexioa zifratua duela).
  2. Ez fidatu prezio oso-oso merkeekin. Nahiz eta webgunea itxuraz ofiziala izan, prezioak oso-oso merkeak badira, ahaztu. Eta gauza bera egin webguneko produktu guztiek prezio bera badute. Ez fidatu. Interneten eskaintza oso onak egoten badira ere, inork ez du ezer opari ematen.
  3. Enpresari buruzko informazioa bilatu Merkataritza elektronikoko webgune batek hiru motatako informazioa eman behar du: enpresaren datuak, hau da, titularra, IFZ/ IFK eta helbide fiskala; salmentaren baldintzak eta itzulketen eta erreklamazioen politika, eta lege-testuak, behar bezala idatzita eta dagozkion lege-oharrarekin, pribatutasun-politikekin… Horietako bat falta bada, ez fidatu.
  4. Webgunearen itxurari begiratu Benetan uste duzu konfiantzazko webgune batek izan ditzakeela diseinu-arloan oker nabarmenak? Begiko mina ematen duten letra-mota ezberdinen konbinazioak, ur-marka duten irudiak edo bereizmen txikikoak, gaizki itzulitako testuak (hala nola Homeren ordez Casa jartzen dutenak)… Logikarik ez badu edo bitxia bada, ez fidatu.
  5. Ordaintzeko metodoak Iruzur egiteko bidea dira; beraz, kontu handiz ibili. Webgune faltsu askok ordaintzeko modu bat baino gehiago eskaintzen dizkizute, baina kreditu-txartela bakarrik onartzen dute; modu horretan, phishinga egin nahi dute, hau da, zure identitatea ordeztu.
  6. Ikus erabiltzaileen iritziak Webgune bati buruzko zalantzak badituzu, bilatu hari buruzko erreferentziak Interneten. Iruzurra bada, norbaitek kontatuko zuen bere esperientzia, edo sartuko zuen orrialdea iruzur-orrialdeen zerrendan.
  7. Konfiantza-zigiluari begiratzen badiozu, ziurtatu benetakoa dela. Izan ere, askotan ez dute aparteko bermerik eskaintzen. Berriz esango dizugu: ez fidatu.

Ziur gaude gomendio hauek kontuan izanda erosketa seguruak egingo dituzula, eta Gabonetako zure erosketetan aurreztuko duzula. Zentzuz jokatu, eta gogoan izan: benetakoa izateko onegia bada, ez da benetakoa.

Deja un comentario / Idatzi iruzkina

  • Criteria 2
    0.0

Valida tu comentario / Iruzkina balidatu *