Donostia izan zen, bi egunez, mundu osoko bideojokoen erdigunea, Euskaltel Konektak antolatutako Gamegune dela eta. Ikuskizun aparta eskaini ziguten munduko Hearthstone jokalaririk onenek: sei hizkuntzatan eman zen lehia, zeinak aurreko urtekoak baino bi aldiz ikusle gehiago izan zituen. Pavelek jantzi zuen txapela, hau da, 2016ko Blizzcon-en bi aste lehenago munduko txapela eskuratu zuen berak. Lehiaketaren amaieran, garaitu egin zuen gazte errusiar horrek Thunderx3 Baskonia taldeko Mario Lorente "Mariodela", txapelketako izarra.

 Geroz eta jarraitzaile gehiago dituzte bideojokoek, eta geroz eta garrantzi handiagoa haien industriak. Mundu osoko 400.000 ikusle baino gehiagok  jarraitu zuten Gamegunea streaming bidez (aurreko urtean, 200.000 izan zioren), eta 25.200 euro banatu ziren saritan.

Bideojokoen profesionalak

Euskaltel, SPRI, HP eta Intel ditu babesle Gamegunek, eta sSports-en Europa mailako lehiaketa da. Electronic sports (kirol elektronikoak) deitzen zaie bideojokoen profesionalen arteko lehiaketei. Oraingo honetan, Blizzard Entertainment enpresaren Hearthstone: Heroes of Warcraft jokoa izan da lehiako protagonista. Zenbait kalkuluren arabera, 50 milioi jokalari baino gehiagok hartzen dute parte, mundu osoan, karta birtualen bidezko banakako lehiaketetan, zoria eta estrategia elkarrekin uztartuz.

Ikusgarriak izan ziren partidak, eta profesionalen esfortzu mentala xake-partidetan pairatzen denaren parekoa izan zen, zenbaiten iritziz. Ezin azkarragoak izan ziren mugimenduak pantailetan. Hearthstone da Interneten jarraitzaile gehien duten estrategia-jokoetako bat: 7,5 milioi ikusletik gora Twitch plataforman, eta 50 milioi jokalaritik gora mundu osoan.

Aurtengo ekitaldian, Mario Lorente "Mariodela" jokalariak utzi ditu aho zabalik ikusleak, finalera iritsi baitzen, munduko jokalari onenetako batzuk kanporatu ondoren. Onda Vascako Euskaltel Konektaren atalean azaldu zigun Mariok arrakastaren sekretua: gogotik entrenatzea. "Egunean bost ordu praktikatzen nuen, gutxienez, Gamegunerako prestatzeko", esan zigun jokalari gazte horrek (18 urte). "Burua da garrantzizkoena. Zortea lagungarri izan daiteke, baina pentsatzeko jokoa da. Gauzak argi eduki behar dituzu, eta une oro jakin zer egin behar duzun. Bere kartak ondoen aprobetxatzen dituenak irabazten du".

Amateurren arteko lehiaketa

Ikusle hutsak baino zerbait gehiago izan ziren 2016ko Gamegunera inguratu zirenak,  eta partaidetza aktiboa izan zuten. Lehenbiziko aldiz, amateur-lehiaketarik ere izan zuen ekitaldiak. Kursaalean jokatu zen txapelketa paraleloa, non 2.000 euro banatu ziren saritan lehen lau sailkatuen artean, bai eta zenbait opari eta sorpresa ere.

Aurtengo ekitaldian izan zaretenok eta Internet bidez jarraitu duzuenok, zain gauzkazue 2017ko lehiaketarako ere!