Aurten ere, ATANAk (Nafarroako Teknologia eta Aholkularitzako Klusterra) eta IRISek (Nafarroako European Digital Innovation HUB) antolatutako NASEC Nafarroako Segurtasun Digitaleko Foroan parte hartu du Euskaltelek.

Laugarren edizioan —azaroaren 8an egina, ostiralarekin—, enpresentzako segurtasun-soluzio digitalak aztertu ditu foroak. Teknologiaren eta zibersegurtasunaren sektoreko enpresa eta erakunde garrantzitsuetako 10 hizlarik baino gehiagok, 15 minutuko hitzaldi laburren bidez, enpresaren segurtasuna zaintzeari buruzko ezagutza eta esperientziak partekatu dituzte, eta kasu arrakastatsuen berri eman.

Gure aldetik, Jokin Glaria Euskalteleko Kontu Handietako eta administrazio publikoetako aholkulariak azaldu du oso garrantzitsua dela zibersegurtasuna ondo kudeatzea, hitzaldi honen bidez: "Gai izango al dira Gandalf eta Rohirrim Orcos-en armadari aurre egiteko? Zibersegurtasunaren kudeaketa".

Nola kudeatu arrisku teknologikoa konpainia batean

foro nasec euskaltel

Tradizioz, zibersegurtasunaren arriskua "harresiak" jarriz kudeatu izan da (garaiagoak, sendoagoak...), hala "gaztelu" barrua (hau da, enpresa) babesteko. Baina, azkenean, dirua eta denbora baliatuta, harresi horiek eraistea lortzen du norbaitek. Beraz, komeni da pentsatzea ea batailaren estrategia birdefinitu behar ote dugun: harresiak eraikitzen jarraituko dugun edo soluzio berri baten alde egiten dugun.

Zibersegurtasunarekin lotutako edozein gorabeherak zuzenean eragin diezaioke EBITDAri eta enpresaren emaitzei, eta funtsezkoa da erakunde osoa babestea, baina aktibo guztiek ez dute kritikotasun-maila bera. Beraz, lehenengo lana da identifikatzea ea zerk egin diezagukeen kalterik handiena, zein diren gure aktibo kritikoak eta ea nola eragin diezaiekeen arrisku zibernetikoak.

Beste galdera funtsezko bat da jakitea nola errekuperatu gaitezkeen eraso batetik eta nola bermatuko dugun negozioak funtzionatzen jarraituko duela. Galdera horiei behar bezala erantzuteko, negozioaren jarraitutasun-plan bat behar da, zeina erakundeak kalitatea kudeatzeko duen sistemarekin integratu baitaiteke. Abantaila lehiakor bat da, aukera ematen duena lehiakideetatik bereizteko eta kostuak aurrezteko, enpresak jarduerari eusten baitio eraso bat jasan ondoren.

Arriskua Kudeatzeko Bulegoa: funtzioak eta erabilerak

Bestalde, enpresa orok izan beharko luke aginte-panel bat, arrisku-adierazleak —besteak beste, teknologikoak— aintzat hartuko dituena.

Zibersegurtasuna zaintzeko, onena da adierazleok sinplifikatzea, automatizatzea eta Arriskua Kudeatzeko Bulego baten bidez kudeatzea. Arriskua Kudeatzeko Bulegoak arriskuaren inguruko ikuspegi zehatza eta testuingurura egokitua ematen du, eta bere ardura dira monitorizazioa, estrategia, jarraipena, tresnak eta ROIa (inbertsio-itzulkina).

Etenik gabe egin behar da arrisku-kudeaketa, eta, horretarako, lanak automatizatzen eta gure aktibo kritikoak etengabe aztertzen lagunduko diguten tresnak behar dira. Tresna horien adibide bat XM Cyber da. Gure konpainiaren biki digital bat etengabe aztertuz, zenbait hobekuntza proposatzen dizkigu gure sistema hobeto babesteko denborak aurrera egin ahala, eta gure arrisku-maila murrizteko.

Izan ere, funtsezkoa da balizko erasotzaileak ebaluatzea, arrisku-probabilitatea eta izan dezakeen inpaktua aztertzea, eta zibereraso batetik nola errekuperatu aztertzea, gure arrisku teknologikoa murrizteko inbertituz eta hobekuntza-plan bat sortuz.

Horrekin guztiarekin, Zibersegurtasun Plan bat osatzen joango gara, arrisku-maila pixkanaka murrizteko edo minimizatzeko eta, hala, enpresaren efizientzia hobetzeko.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteak ezagutzeko, jarraitu guri LinkedInen.