Vibe Coding esaten zaio kode-lerro bakar bat ere idatzi gabe programatzeari. Softwarea garatzeko modu bat da, adimen artifizial sortzailean eta hizkuntza naturalean oinarritua.
Vibe Coding-a, testuinguruan
Azken hamarkadan, doitasun teknikoak definitzen zuen programazioa. Baina 2024an eta 2025ean aurreko guztia apurtu duen mugimendu bat sortu zen: Vibe Coding-a. Orain, lehentasuna ez da kodea, ikuspegi sortzailea baizik.
Vibe Coding izenak adierazten du AAk lortu nahi den emaitzaren “muina” (the vibe) ulertu behar duela; xehetasun teknikoak, aldiz, bigarren mailan gelditzen dira orain. Zer lortu nahi den deskribatzen da, eta AAk erabakitzen du nola egin.
Vibe Coding-ek esan nahi du programatzea unean uneko inspirazioari jarraituz, kodea zuzenean esperimentatuz, sormena lehenetsiz, eta aurrera egin ahala behar diren doikuntzak eginez.
Vibe Coding-aren gakoak
Vibe Coding-a aplikazio konplexuak egiteko gai da, adimen artifizial sortzailea eta hizkuntza naturala soilik erabilita. Eta garrantzitsuena litzateke irizpide garbi bat izatea AAren emaitza zuzena, etikoa eta funtzionala dela baliozkotzeko.
Horretarako, hiru zutabe nagusitan hartzen du oinarri:
- Hizkuntza naturala: Ez du programazio-hizkuntzarik erabiltzen funtzioak, zuzenketak eta diseinuak deskribatzeko, hizkuntza naturaleko testuak baizik. Funtzioak eta logika baliatzen dituen eskuzko programazioan oinarritu ordez, Vibe Coding-a negozio-arauak testu bidez deskribatzean datza.
- Elkarrizketa-iterazioa: Zerbaitek huts egiten badu edo aldaketa bat egin behar bada, kodea ez da eskuz konpontzen; horren ordez, errorea AAra itzultzen da, eta hizkuntza naturalean adierazten zaio zein den arazoa eta, behar izanez gero, beste soluzio bat eskatzen zaio.
- Agentearen tresnak: Belaunaldi berriko editore batzuk erabiltzen dira, fitxategiak irakurtzeko eta aplikazioak hedatzeko gai direnak.
Vibe Coding-aren abantailak
Vibe Coding-aren abantaila nagusia da “programazioa” errazago bihurtzen duela edonorentzat, hizkuntza naturala baliatzen baitu; beraz, ez dago programatzen jakin beharrik.
Beste ezaugarri aipagarria abiadura da. Orain arte asteak behar izaten ziren zenbait garapenetarako (esate baterako, zerbitzariak eta datu-baseak konfiguratzeko); orain, berriz, Vibe Coding-arekin, nahikoa dira minutu gutxi batzuk.
Vibe Coding-a lan-estilo egokia da ideia eta teknologia berriak aztertzeko edo zerbait funtzionala eraikitzeko optimizatu aurretik.
Beraz, eremu askotarikoetan ari da erabiltzen dagoeneko: proiektu pertsonalak, prototipo azkarrak, web-garapenak, arte digitala, jokoak, AA, musika sortzailea edo hackatoiak.
Hala ere, eragozpenak ere baditu Vibe Coding-ak. Nabarmenena da zaila dela akats teknikoak saihestea edo zuzentzea AAk ez badu ematen emaitza optimoa, erabiltzaileak, gainera, ez baitaki zer logika baliatu duen AAk dena delako ondoriora iristeko. Eta ezjakintasun hori oztopo da orobat eskalagarritasunerako.
Bestalde, arreta handiz jokatu ezean, segurtasunarekin eta pribatutasunarekin lotutako arazo eta zalantzak sor daitezke.
