Ekainaren 12an (osteguna), Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoen beste edizio bat egin da. Oraingoan, zibersegurtasunaren gaia landu da beste "Adimen Digital" batzuen ikuspegitik.
Honezkero mugarik ez duen mundu global batean, ingurune ziberseguruak sortzea zeharkako lehentasun estrategiko bihurtu da maila guztietan: politikoan, sozialean eta pertsonalean. Hori dela eta, Jardunaldi Teknologikoek —euskal enpresariei berariaz zuzendutako ekitaldia— hizpide izan dituzte gure artean ditugun mehatxu digitalak, zeinen aurrean prest egon behar baitugu eta erresilienteak izan. Horretarako, ezinbestekoa da erronkak gainditzeko eta gizarte aurreratuagoa, helduagoa eta prestatuagoa eraikitzeko aukera emango digun informazioa izatea.

"Adimen digitalak" jardunaldia Eneko Atxaren Azurmendi konplexuko Eneko Jatetxean egin da (Larrabetzu); munduko egoera geopolitikora hurbildu da, eta gako batzuk ematen saiatu da enpresak oraindik eraldatze-prozesuan dagoen testuinguru guztiz berri batean mugitu ahal izan daitezen. Horretarako, solaskide izan dira Hugo Zunzarren, adimen korporatiboko aditu eta CISOa, eta Silvia Leal, nazioarteko aditua teknologian eta etorkizuneko joeretan.
Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari, eta zibersegurtasunaren testuinguru horretan kokatu ditu parte-hartzaileak: edozein enpresaren egungo funtzionamenduaren funtsa eta gakoa da.
Ondoren, 2025eko Jardunaldietako lehen gonbidatuak hartu du hitza: Hugo Zunzarren. Geopolitikan, ziberadimenean eta zibersegurtasunean aditua da, eta mundu multipolar batean dauden arrisku zibernetikoak eta horiek gobernu eta enpresetan dituzten inplikazioak aztertu ditu.
Iñaki González kazetari eta komunikatzaileak moderatutako hitzaldian, Hugo Zunzarrenek esan du mehatxu zibernetiko berriak sortzen ari direla botere globalaren zatiketaren eta lehia geopolitiko gero eta handiagoaren ondorioz. Mehatxu horiei aurrea hartzeko eta mundu digital gero eta konplexuago batean erakundeen erresilientzia sendotzeko estrategia batzuk proposatu dizkie Zunzarrenek bertaratu direnei.
Web iluneko (dark web) mundu kolaboratiboaz ere hitz egin du, baita adimen artifiziala zereginaz ere, zeinak inpaktua baitu seigarren gatazka-eremuan (pertsonen adimenean).
Ondoren, solasean aritu dira Silvia Leal, nazioarteko aditua teknologian eta etorkizuneko joeretan, eta Iván Álvarez, Euskalteleko zibersegurtasun-aditua, egungo testuinguru teknologikoan enpresak mehatxatzen dituzten zibersegurtasunaren arloko arrisku nagusiei buruz.
Lealek, azalpena hasteko, bi kontu nabarmendu ditu: zibersegurtasunean adituak diren profesional gutxi izatea Euskadin (% 60) eta mehatxuei aurrea hartzeko eta zibersegurtasuna lehiarako abantaila bihurtzeko ikuspegi estrategikoa eman dezakeen kultura digitalaren falta.

Ekitaldiaren amaieran, aleluIA II. saria eman zaio Array Españari; energia berriztagarrietan liderra da Euskadin, bere instalazioen eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeko datu-analisian oinarrituta energia-eredu jasangarriago baten alde egiten duen apustuagatik.
Sari hori iazko Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoetan eman zen lehen aldiz; sormen-gehigarri bat eta teknologia aplikatzeko espiritu berritzailea duten proiektuak saritzen ditu.
Aurten ere, Euskaltelen jardunaldi teknologikoak eztabaida-foro espezializatu bihurtu dira, non enpresek eta adituek gure oraina eta etorkizuna markatzen dituzten gaiak, joerak eta erronkak aztertzen baitituzte. Aurtengo edizioan, zibersegurtasuna izan da protagonista nagusia.