Euskaltel Fundazioak eta Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako "Imajinatu etorkizuna, eraiki oraina" jardunaldian parte hartu du Euskaltelek. Bertan elkartu dira teknologiako adituak eta enpresa- eta kultura-arloan adimen artifizialeko aplikazio praktiko berriak ezartzen ari diren aitzindariak.

Urriaren 8an (asteazkena), "Imajinatu etorkizuna, eraiki oraina" foroaren eszenatoki izan da Guggenheim Bilbao Museoko Auditoriuma. Jardunaldi horretan, teknologiaz eta adimen artifizialak sorkuntza digitalera ekarritako agertoki berriez hitz egin da.

Ongietorriaren ondoren, Laura Marrón BAICeko zuzendari nagusiak Euskadiko AAren ekosistema aurkeztu du. AAk berekin dakartzan aukerak izan ditu hizpide, haren inpaktua, etika eta lehiakortasuna ardatz hartuta.

Segidan, "Ereduak, narratibak eta algoritmoak: nork sortzen du zer?" izeneko mahai-ingurua egin da. Hauek hartu dute parte mahai-inguruan: Cristian Bietti (Globant), Diana Nuñez Morales (The Clueless), Israel Olalla (Google Cloud) eta David Diaz (Guggenheim Bilbao Museoa). Adrian Bertol lankidea, Digital Masorange-ko AAko teknologia- eta estrategia-zuzendaria, aritu da moderatzaile-lanetan.

Cristian Bietti, ikusizko edukien automatizazioari buruz

Cristian Bietti fluxu adimendunen arkitektoa da, eta, AA bidez, ikusizko tresnak sortzen ditu Globant-en. Hark azaldu digunez, AA bidezko irudi- eta bideo-sorkuntzaren gaineko kontrola ereduari ematen zaion xehetasun- eta informazio-mailaren araberakoa da. Adierazi du makinek, gizakiek bezalaxe, "zarata" edo aldakortasuna sartzen dutela, emaitzak berdin-berdinak izan ez daitezen eta naturaltasuna lortu dadin. Azpimarratu du testuarekin bakarrik ezin dela erabat kontrolatu emaitza, baina erreferentziazko irudiak erabiliz nabarmen areagotu daitekeela sortutako edukiaren egiletza eta zehaztasuna.

Bestalde, Cristianek nabarmendu du AA bidezko bideo-sorgailuek ez dutela sendotasunik, oraindik ez baitute memoria bisualik eta testuinguru-memoriarik. Muga horrek erasan egiten dio eszenen, pertsonaien eta ahotsen koherentziari. Ondorioz, gaur egungo kalitatea sare sozialetarako soilik da egokia, eta ez zinema edo telebistako produkzioetarako.

Diana Núñez eta influencer birtualak

Diana Núñez Morales The Clueless-en sortzaileetako bat eta zuzendari sortzailea da. Adimen artifizial bidezko eredu birtualak sortzen aitzindaria da agentzia hori. AAren bilakaera izugarri azkarra izaten ari dela jakitun, Dianak uste du bere negozioak ere eraldatzen jarraituko duela, teknologiak ahalbidetzen duen erritmoan.

Dianaren iritziz, "bi profilek —errealak eta digitalak— ekarpen osagarria egiten dute: giza influencer-ek balio, esperientzia eta emozio paregabeak transmititzen dituzte, eta digitalek, berriz, beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte, hala nola eskalagarritasuna, 24/7 eskuragarritasuna eta estetika guztiz kontrolagarria". Hori dela eta, uste du profilok elkarrekin biziko direla ekosistema hibrido batean, eta sormenaren etorkizuna gizakien eta makinen arteko lankidetza sakonean oinarrituko dela.

The Clueless-ek Aitana sortu du, erabat AA bidez sortutako lehen influencer espainiarra. "Aitanak adimen artifizialaren potentziala islatzen du, eta, horrez gain, funtsezko eginkizuna betetzen du marken eta gazteagoa den entzuleria berriaren arteko belaunaldi-zubi gisa; izan ere, gazteen hizkuntzan hitz egiten du eta haien kode kulturalak ulertzen ditu".

David Díaz: AA produktibitatea handitzeko eta bisitarien esperientzia hobetzeko

David Díaz Guggenheim Bilbao Museoko garapen digitalen arduradunak azaldu du nola ari diren AAdun tresnak erabiltzen museoaren barneko lanen produktibitatea handitzeko. "Sailetako barne-prozesuak hobetzeko proiektuak eta bisitariaren esperientzia hobetzeko proiektuak daude".

Zehazki, bi hauek nabarmendu ditu: "AAdun laguntzaile birtuala" —bildumako erakusketak eta obrak azaltzen ditu, bisitariaren adinera eta profilera egokituta—, eta "planifikatu zure bisita” —museoan eta bisita ondoren egin ditzakezun jardueren agenda sortzeko aukera ematen du—.

Bestalde, Refik Anadol artistak gidatutako "Arkitektura bizia: Gehry" erakusketaz ere hitz egin du Davidek. Adimen artifizial sortzaileko plataforma bat erabiltzen du museoko artxibotik aukeratutako irudiak prozesatzeko. Euskaltel proiektuaren bazkide teknologiko nagusia da, eta azpiegituraz eta alderdi teknologikoaz arduratzen da.

Adrián Bertol, AAren erronka etikoak eta enpresa-aplikazioak

Adrián Bertol AAko teknologia- eta estrategia-zuzendaria da Digital Masorange-n, eta "Ereduak, narratibak eta algoritmoak: nork sortu zer?" mahai-inguruaren moderatzailea izan da.

Adrián Bertolen iritziz, "Adimen artifizialak erabat aldatu du irudi-sorkuntza ulertzeko modua. AA goitik behera ari da aldatzen ez bakarrik irudia —azken produktua—, baizik eta sormen prozesu osoa". Testuinguru horretan, Adriánek azpimarratu du AAk hainbat erronka etikori egin behar diela aurre, batez ere egiletzarekin eta jabetza intelektualarekin eta erabilera desegokiarekin lotutakoei.

AAren abantailak aprobetxatzeko eta AA ikus-entzunezko sorkuntzan txertatzeko, "gaitasun horiek ohiko lan-fluxuan integratzea da gakoa: AA diseinu-tresnekin, CRM tresnekin edo barne-komunikaziokoekin konektatzea, eta giza berrikuspenerako irizpide argiak zehaztea (human in the loop). Kontua ez da eduki gehiago ekoiztea, baizik eta hobeto ekoiztea, xede jakin batekin eta markarekiko koherentziaz".

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.