Araudia betetzeari erreferentzia egiten dion ingelesezko terminoa da compliance. Enpresek arrisku operatibo eta legalak identifikatzeko eta prebentzio-, kudeaketa- eta erantzun-moduak ezartzeko finkatutako prozedura eta jardunbide egokiak biltzen ditu.
Compliance kontzeptua ez da gauza berria. 1970eko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan, finantza-sektoreko lehia librea mehatxatzen zuten ustelkeria-kasuei aurre egiteko.
1997an, ELGAko kideek erabaki zuten borroka egitea atzerriko agente publikoen ustelkeriaren aurka merkataritzako eta nazioarteko transakzioetan.
2005ean, Basileako Banku Ikuskapenerako Komiteak, mundu osoan bankuei zuhurtziazko arauak emateko ardura duen erakundeak, bere estatutuetan complianceari buruz hitz egin zuen, eta ohartarazi zuen arriskuak ekar ditzakeela enpresek halako prozedurak ez betetzeak.
Baina, orain, enpresa askotan ohiko bihurtu da kontzeptua, eta compliance officer delakoen presentzia nabarmena izaten hasi da.
Compliancearen alderdi nagusiak
Complianceak aukera ematen du lege-aginduak betetzeko eta legeria nazionala eta nazioartekoa ez betetzeak eragiten dituen arazoak saihesteko, legeria inoiz baino osoagoa, trinkoagoa eta konplexuagoa den eta, gainera, etengabe eguneratzen ari den garai honetan.
Beraz, prebentzio-tresna da, eta, haren bidez, enpresa arriskuan jartzen duten irregulartasunek edo portaera desegokiek eragindako zigorrak ekiditen (edo, gutxienez, minimizatzen) dira.
Praktikan, oro har, enpresako compliancearen helburua da delituak egiteko arriskua murriztea hainbat neurri eta estrategia abian jarriz.
Enpresak asko jokatzen du horretan; izan ere, ezarritako zehapenen artean daude, batetik, zigor ekonomikoak, eta, bestetik, jarduera jakin batzuk egiteko debekua eta diru-laguntzak lortzeko eta kontratu publikoak eskuratzeko inhabilitazioa.
Azpimarratu behar da, gainera, bezeroak gero eta zorrotzagoak direla enpresen etikarekin eta jokabidearekin.
Compliancea Espainiako legedian
"Compliance" delakoa Espainiako Zigor Kodean jasota dago 2010az geroztik; zehazki, II. tituluko (delituen erantzule kriminalak diren pertsonena) 31 bis artikuluan, non pertsona juridikoek dituzten erantzukizun penalei buruz hitz egiten baita.
Horrez gain, ISO 37301 araua ere badugu, enpresetan compliancea kudeatzeko sistemak ezartzeko aholkuak eta jarraibideak dituen nazioarteko estandarra.
Batzuek eta besteek gidatzen gaituzte compliance enpresariala egoki aplikatzen.
Nola eraman compliancea enpresara
Hasteko, oinarrizko bi jardun-arlo ditugu abiapuntu: batetik, indarrean dagoen kanpoko araudiari eta hura betetzeari eragiten diona eta, bestetik, erakunde bakoitzaren barne-alderdia, enpresaren berezko jokabide-kodeak eta jardunbideak zehazten dituzten arauak dituena.
Nolanahi ere, compliancea aplikatzeak enpresako sail eta arlo guztiei eragiten die, edozein dela ere haien tamaina edo jarduera.
Hauek dira zuen enpresan compliancea eraginkortasunez erabiltzeko kontuan hartu behar dituzuen alderdi nagusiak:
-
Enpresa barnean, balio behar du arrisku penal potentzialak identifikatzeko, aztertzeko eta ebaluatzeko. Delitutzat har daitezkeen jokabideak hautemateko balio duten prozedurak zehaztu behar dira.
-
Zalantzak argitzeko eta gorabeherak konpontzeko neurriak izan behar dira, eta, halaber, arau-hausteak badaude diziplina-ekintzak gauzatzekoak.
-
Ezarritako helburuak gauzatzeko behar diren giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta teknikoak jarri behar dira.
-
Compliancearen arauak enpresako kontratatze- eta sustatze-politiketan aplikatu behar dira.
-
Argi eta garbi adierazi behar da zein departamentu edo pertsona arduratuko den araua betetzen dela gainbegiratzeaz eta kudeatzeaz. Kasu askotan, aholkularitza-lanak ere egingo ditu.
-
Enpresako langile guztiei compliance estrategiaren berri eman behar zaie. Funtsezkoa da guztiok kontzientziatzea eta konpromisoa hartzea, eraginkortasunez bete ahal izateko.
Compliancearen bidez, enpresa-kulturan biltzen dira etika, errespetua, osotasuna, erantzukizuna, profesionaltasuna eta halako gaiak, zeinek lan-giro hobea, eraginkortasun handiagoa eta araudia betetzea baitakarte.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo, formulario honen bidez, jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin. Eta zaharrak berri esanez ez ibiltzeko, jarraitu iezaguzu LinkedInen.