Nola ari da aplikatzen AA Euskadin? Zer aukera eta erronka ekarriko dizkigu? BAIC zentroak (Basque Artificial Intelligence Center) Euskadiko adimen artifizialaren egoeraren bigarren diagnostikoa egin du, eta diagnostikoak berretsi du AA enpleguaren, lehiakortasunaren eta eraldaketaren funtsezko motor bihurtu dela.

BAICen txostenak Euskadin adimen artifiziala nola garatzen ari den deskribatzen du, haren aplikazioa, erronkak eta aukerak, eta asmoa da diagnostiko hori euskal ekosistema indartzeko ibilbide-orri gisa erabiltzea, berrikuntza, lehiakortasuna eta hazkunde jasangarria bultzatzeko.

AAren egoera Euskadin

AA errealitatea da Euskadin. EAEko erakundeen % 17,4k AAko sistemak erabiltzen dituzte, BAICen txostenaren arabera —Espainiako batezbestekoa baino handiagoa da—. Horietatik, 91 euskal enpresa baino gehiago AAko sistemen hornitzaileak dira.

Beraz, AAren eskaintzaren oinarri sendoa eta ekosistema dinamiko eta bizia dugu, nahiz eta teknologia horren erabilera hastapenetan dagoen oraindik Euskadin.

ETEak dira AAren erabiltzaile eta hornitzaile nagusiak.

Sektoreka, AA gehien erabiltzen duten enpresak manufaktura-industriakoak, jarduera profesional/zientifiko teknikoetakoak, informazioaren teknologietakoak eta komunikazioetakoak dira batez ere.

Txostenaren beste ondorio argi bat da teknologien eskariak dagoeneko gainditu duela eskaintza; gainera, eragileen % 92,6k asmoa du etorkizunean AAn inbertitzeko.

Datuek horretara bultzatzen dute: AA txertatzen duten enpresen fakturazioa % 9 hazten da batez beste.

Nabarmentzekoa da, halaber, AAren hornitzaile diren 30 startup ditugula, eta erabiltzaile diren 139.

Eta beste datu bat: AA hornitzen duten enpresen fakturazioa 223 M €-koa izan zen 2024an.

Eraldaketa digitala Euskadin

Azpimarratu behar da eragile gehienek beren prozesuak eta ikuspegia aldatu dituztela dagoeneko AAri esker. Horrek kultura-aldaketa oso esanguratsua dakar, eta goranzko joera bat, enplegu-aukerak eta prestakuntza-beharrak sortzen dituena.

Hain zuzen, prestakuntzari dagokionez, AAri lotutako eskaintza hau dago Euskadin: 30 gradu, 35 master eta 5 doktoretza. AAko prestakuntza hedatzen ari da Euskadin: 260.000 ordu baino gehiago egin dira 2024an, eta, gainera, 1.100 pertsona baino gehiago graduatzen dira urtero AArekin lotutako prestakuntza arautuan.

Bestalde, agenteen % 57,8k dagoeneko trebatu dituzte AAn beren langileak, eta oraindik trebatu ez dituztenen % 65ek badute horretarako asmoa.

AAren eskaeraren eta eskaintzaren artean, aldea dago: enpresa askok AA erabili nahi dute, baina eskaintza, bai soluzioena, bai profesional trebatuena, hedatzen ari da oraindik.

AAk dagoeneko 9.500 profesionali baino gehiagori ematen die lana Euskadin, eta eskariak gora egiten jarraitzen du: kalkulatzen da AAko 1.407 profesional gehiago beharko direla Euskadin 2025ean.

Azpiegitura eta ikerketa

AAko ereduak garatzeko, entrenatzeko eta hobetzeko eta soluzio aurreratuak sortzeko funtsezko azpiegitura teknologikoa dauka Euskadik.

Datuak prozesatzeko 14 zentro (DPZ) publiko/erdipubliko baino gehiago ditugu, eta horiei gehitu behar zaizkie 15 erakunde pribatuk eskaintzen dituzten DPZ zerbitzuak.

Gainera, errendimendu handiko zazpi zentro, bederatzi laborategi eta 100 ikerketa-talde baino gehiago aritzen dira AArekin, eta 1.200 profesional inguruk egiten dute lan haietan.

2024an, euskal eragileek Europa mailan eskatutako hogei AA patente erregistratu ziren.

AAren erronkak Euskadin

Hobetu beharreko puntu nagusietako bat, BAIC txostenaren arabera, araudiaren ezagutzarekin lotutakoa da. Soilik % 12k ezagutzen ditu eta hartzen ditu kontuan Europako araudiaren ondorioak.

Bestalde, prestakuntza, talentua eta espezializazioa funtsezkoak dira hazkundeari aurre egiteko. Ezinbestekoa da sarbidea demokratizatzea, proiektuak sendotzea, talentu berria erakartzea eta trebatzea, eta aurrera egitea araudian/etikan, adimen lehiakorreko estrategia helduen inplementazioan eta "subiranotasun teknologikoa" deritzonean, adimen artifizialeko estrategia arduratsu baterantz egiteko aurrera, denok —enpresak eta gizartea— indartuta atera gaitezen.

Adimen artifizialean oinarritutako enpresentzako soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.