AAren aroan bete-betean gauden honetan, berritasun eta aurrerapen asko ikusten ditugu egunero. Hala nola adimen artifizialeko agenteak; gero eta ezagunagoak dira, eta hiru gaitasun nagusi dituzte: hautematea, arrazoitzea eta jardutea.

Adimen artifizialeko agente batek bere ingurua behatzen du, hautematen duenari buruz arrazoitzen du eta helburuak lortzeko jarduten du. Bestela esanda, datuak jasotzen ditu, informazio hori AAko algoritmoekin prozesatzen du, zer egin planifikatzeko, eta ekintzak gauzatzen ditu inguruan. Hasi txatbot batean erantzunak ematetik eta robot baten mugimenduak egiteraino.

Ohiko txatbotek lengoaia naturala erabiliz erantzuten dute zenbait komando jakinen aurrean, besterik ez. AAko agenteek, baina, ekintza konplexuak egin ditzakete, eta modu adimentsu eta autonomoagoan planifika ditzakete zereginak.

Beste programa batzuek aurrez zehaztutako jarraibideak bete baino ez dute egiten; AAko agenteek, ordea, arrazoitu egiten dute, esperientziatik ikasten dute, azkar egokitzen dira eta zenbait arazo beren kabuz konpontzen dituzte. Zenbait forma izan ditzakete, eta, ondorioz, oso tresna balioaniztuna dira: ordenagailuetako softwarea, laguntzaile birtualak, robot fisikoak, sentsoreak dituzten gailuak...

AAko agenteek autonomia eta produktibitate handia dute, lan errepikakor edo konplexuak egin ditzakete, erabakiak har ditzakete eta denbora eta baliabide asko aurrezten lagundu diezagukete. Gainera, etengabe hobetzen dira, ikasteko eta egokitzeko duten gaitasunari esker, enpresa-sistemekin integratzen dira (CRMak edo ERPak, adibidez), eta lan-fluxuak automatizatzeko aukera ematen dute; beraz, funtsezkoak dira lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, egungo digitalizazio-testuinguruan.

AAko agenteen erabilera praktikoak

Zertarako erabiltzen dira AAko agenteak praktikan? Hona hemen adibide batzuk.

  • Txatbotak: maiz izaten diren zalantzak argitu ditzakete edo kudeaketak egiten lagundu diezaiekete bezeroei.

  • Laguntzaile birtualak: ezagunenetako batzuk —Alexa, Siri edo Google Assistant— aginduak ulertu eta gailuak kontrolatzen dituzten AAko agenteak dira. Eguneroko zereginetan lagundu diezazukete, hala nola agendak antolatzen, gogorarazpenak bidaltzen edo mezuak kudeatzen.

  • Bezeroarentzako arreta.

  • Robotika eta kontrola. Imajinatu robot xurgagailu bat etxea mapeatu eta bakarrik garbitzen duena.

  • Auto autonomoak.

  • Droneak.

  • Film eta produktuen gomendio pertsonalizatuak.

  • Trading automatikoa egiten duten finantza-sistemak.

  • Diagnostiko medikoak.

  • Bideojokoak.

  • Garraio- edo banaketa-bideen optimizazioa.

  • Energia-eraginkortasuna.

  • Hezkuntza-plataformak. Ikaskuntza pertsonalizatzeko eta ikaslearen interakzioa eta jarraipena hobetzeko modu bat da.

AAko agente motak

Adimen artifizialeko (AA) agenteak hautemateko, erabakitzeko edo jarduteko moduaren arabera sailka daitezke.

  • Agente erreaktiboak edo erreflexu bakuneko agenteak: Berehalako estimuluei zuzenean erantzuten diete, aurrez definitutako arauei jarraituz, memoriarik eta arrazoiketa konplexurik gabe.

  • Ereduan oinarritutako agenteak: Jarraitu beharreko ereduaren barne-irudikapena gordetzen eta gogoratzen dute, egoera ebaluatu eta horren arabera jokatzeko.

  • Helburuetan oinarritutako agenteak: Xede batzuk lortzen saiatzen dira, eta gai edo zeregin zehatz batzuk ebazteko bilaketa eta planifikazioetan adituak dira.

  • Erabilgarritasunean oinarritutako agenteak: Zenbait ekintza ebaluatzen dituzte, eta aukera onena bilatzen dute erabilgarritasunaren eta onuraren arabera.

  • Ikaskuntza-agenteak edo agente moldatzaileak: Esperientziatik ikasten dute, eta erabakiak hobetuz doaz denborarekin.

  • Multiagenteak: Zenbait agentek elkarrekin lan egiten dute. Agente guztiek laguntzen dute eta ezagutza partekatzen dute.

Adimen artifizialeko agenteek eguneroko praktikara eramaten dituzte teknologia horren abantailak eta potentzialtasunak, eta funtsezko tresna bihurtzen dute egunerokotasunari autonomian, pertsonalizazioan eta etengabeko hobekuntzan arreta jarrita aurre egiteko.

Adimen artifizialean oinarritutako enpresentzako soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.