Andres Pedreño Ekonomia aplikatuko katedraduna eta adimen artifizialean aditua da. Euskaltelen 2024ko Jardunaldi Teknologikoetan ere parte hartu du Pedreñok. AAz hitz egin dugu berarekin, nazioarteko eta Europako testuingurua kontuan hartuta, eta hizpide izan ditugu AAren erregulazioa, etika, enpresetan duen aplikazioa, joerak eta enpresa zein gizarte gisa aurrez aurre ditugun desafioak.

  • Ameriketako Estatu Batuak, Txina eta Europa oso bide ezberdinak hartzen ari dira Adimen Artifizialaren garapenean. Jardunaldi Teknologiko hauetan munduko panorama aztertuko dugu, bi bidetan banatuta baitago: batetik, teknologian aurrera egitearen aldekoak, eta, bestetik, erregulazioari garrantzi handiagoa eman nahi diotenak. Nola lortu berrikuntzaren, kontrolaren eta askatasunaren arteko oreka?

Gaur egun, hazkundea sortzen dutenak helburu orokorreko teknologiak dira, hala nola ekonomia digitala edo Adimen Artifiziala. Hori kontuan izanik, apustu eraginkorrago eta anbizio handiagoko bat behar du Europak.

  • Europak erregulazioa du kezka nagusi, eta horren isla da Europako Batzordeko Liburu Zuria. Aukera ezin hobea al da hori aitzindari izateko etika teknologikoarekin loturiko gaietan, besteak beste?

Ez du zentzu handirik batik bat erregularizazioaz kezkatzeak industria teknologiko propiorik ez daukagunean. Teknologikoki beste herrialde batzuen menpe egonez gero, berrikuntzari kalte egiten dion oztopo bihurtzen da maiz erregulazioa, eta lehiakortasun-arrakala bat sortzen du gure sektore esanguratsuenetan.

Erregulazioak etikoa izan behar du noski, esan gabe doa hori, baina batez ere efizientea izan behar du. Adibide bat: Espainia giza organoen dohaintzako liderra da munduan. Zergatik? Badaerregulazio efiziente bat daukagulako aukera ematen duena prozedura oso konplexu bat askotariko alderdi etikoekin uztartzeko.

Europako erregulazio digitala, ordea, ez da efizientea aspalditik —duela hamarkada asko—, eta emaitzei erreparatzea besterik ez dago. Hogei urteren buruan, ez daukagu erraldoi teknologikorik, ez dugu ia sortzen helburu orokorreko teknologietan diharduten enpresa adarbakarrik, eta gure startupek oso arazo handiak dituzte aurrera egiteko.

  • Zer arau dira nahitaezkoak AAren erabilera seguru eta onuragarria bermatzeko, eta zer alderdi etikok dute lehentasuna, zure iritzirako?

AA hain da tresna ahaltsua, ezen adierazpen-askatasunari, informazioaren manipulazioari edo beste kontu garrantzitsu askori eragin baitiezaioke. Baina, neurri handi batean, etikari eusteko eta bermeak ziurtatzeko botika onena ez da erregulazioa, hezkuntza baizik. ​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​

Andrés Pedreño “Hezkuntza da etikari eusteko botika onena”

  • Zer rol bete dezake (edo bete behar du) AAk munduan ditugun desafio handien aurrean?

Alor askotan oso berri itxaropentsuak ikusten ditugu egunero-egunero. Ekoizpen-sektore guztiek jasoko dituzte AAren onurak. Baina badira gizakiontzako kritiko diren arazo batzuk, eta AAren laguntza erabakigarria izan daiteke horiek konpontzen laguntzeko: klima-aldaketa, energia-efizientzia eta energia-iturri berriak, gaixotasun konplexuak, medikuntza pertsonalizatua, hezkuntza eta abar.

  • Eta zein da AAren egungo egoera Espainian?

Ez dago kalitatezko adierazle objektibo askorik diagnostiko zehatz bat egin ahal izateko. Espainian ikertzaile onak ditugu, argitalpen zientifiko garrantzitsuak dituztenak; bada orobat startupen ehun gero eta zabalago bat eta haien garrantziaren inguruko kontzientzia gero eta hedatuagoa, AA sortzailearen boomak eraginda. Baina Europako testuinguruak ez du laguntzen. Arrisku benetakoa (eta ez soilik hala izendatua) hartzen duen inbertsio pribatua falta da. Eta, nire ustez, Europako erregulazioak ez du “aukeren” kultura bat sortzen, “arriskuena” baizik. AAren azken belaunaldiko zenbait eredu eta tresna ez daude eskuragarri Espainian/Europan, baina bai munduko beste leku batzuetan. Hori larria da.

  • Zeintzuk dira enpresa-sektorean ikusten dituzun eraldaketa digitaleko joera nagusiak?

Nik bereiziko nituzke daudenak, batetik, eta egon behar luketenak, bestetikk. Teknologia benetan eraginkorrei buruz hitz egin behar dugu, AAri buruz, adibidez, abantaila lehiakorra ekar baitezake eta, gainera, erraz asimilatzen baita.

  • AAren garapena sustatzeko, ezinbestekoa dirudi sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana. Zer rol dagokio sektore bakoitzari? Zer neurri har daitezke elkarlan hori eraginkorragoa izan dadin?

Sektore publikoak Espainian duen pisua kontuan hartuta, AA oinarri duten proiektuen eskaeraren aldeko apustu nabarmena egin beharko litzateke, lizitazio bidez, bai, baina ez horrela bakarrik, baita beste formula batzuen bidez ere, hala nola Erosketa Publiko Berritzailearen bidez. Dirulaguntzen eta horien antzeko formuletatik proiektu errealetara pasatu behar dugu, funtzio sozial, enpresarial eta bestelakoetara egokitutako teknologiak, produktuak eta zerbitzuak garatzeko aukera emango duten proiektuetara, hain zuzen.

Eta, jakina, nahitaezkoa da burokrazia alferrikakoak murriztea, bai eta startup teknologikoei merkatuan erraz lehiatzeko eta hazteko aukerak kentzen dizkieten oztopo zentzugabeak kentzea ere. Enpresa mailan, “txoko erosotik atera” eta “ez beldurrik izan porrotari” esaldi ohikoak baztertu behar ditugu eta anbizio handiko enpresak planteatu, arrakastan eta eskalagarritasunean oinarrituak.

  • Nola eragiten dio AAk enpleguari?

Oso positiboki eragiten diola esatera ausartuko nintzateke, batez ere sor daitezkeen enpleguei erreparatzen badie dena delako herrialde batek. Gaur egun, STEM diziplinetan espezializatutako milioi bat gazte izango bagenitu, denek izango lukete lana, eta, gainera, enpresa teknologikoen inbertsioa erakarriko lukete. Ez badugu nolabait adierazten zeregin errepikakorretan oinarritutako enpleguek ez dutela etorkizunik, orduan bai, orduan egitura-arazoak izango ditugu epe ertainera. Baina gaur egun herrialderik digitalizatuenek eta AA gehien baliatzen dutenek dituzte ekonomiarik sendonak eta hazkunde- eta enplegu-mailarik altuenak.

  • Trebakuntza-beharraz hitz egitera garamatza horrek. Zure ustez, nolakoa izango da lan-merkatua etorkizunean eta zer trebakuntza- edo gaitasun-mota eskatuko dira gehien?

STEM diziplinak eta konputazioaren eta jakintzaren arlo eta alderdi profesional guztien arteko hibridazioa. Konputazioa tresna ezinbestekoa da lanbide guztietarako, baita humanitateetarako, zuzenbiderako eta arterako ere. Eta etengabeko trebakuntzarako prest egon behar dugu, jakina. AAri buruz, esate baterako, egunero trebatu behar dugu. Gaur egun, aste batetik bestera gertatzen diren aurrerapen esanguratsuen berri jasotzen eman behar dugu lanaldiaren zati bat.

  • AA eta beste teknologia batzuk halako indarrez sartzen ari direla ikusirik, zein dira enpresa baten desafio nagusiak? Eta gizartearenak? Eta gizarte gisa?

Enpresa gisa, gure lehiakortasuna handitzeko beharra da desafiorik handiena. Gure datu eta arazo espezifikoekin lan egiteko tresna berriak erabiltzea, hori da gakoa. Beraz, guk egokitu, optimizatu eta kudeatu behar dugu AA, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

Gizarte eta herrialde gisa, aitzindari izan behar dugu AAn. Aitzindari izan behar dugu gure sektore adierazgarrienei —osasungintzari eta turismoari, adibidez— aplikatutako AAn. Europak arriskuak identifikatu ditu, eta diskurtso etiko goresgarri bat osatu du, baina horrek, enpresarik gabe, menpekotasun teknologikoa eta ahultasuna dakar.​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​