Inork ez du zalantzan jartzen AA gure lan egiteko eta komunikatzeko modua aldatzen ari dela, bai enpresetan, bai enpresetatik kanpo. Asko dira gure eguneroko zereginetan laguntzen diguten AAko tresna eta agenteak. Hainbeste, ezen ez baita erraza bat aukeratzea eta gure enpresaren beharretarako egokiena zein den jakitea.
Beraz, enpresetan gehien erabiltzen diren AAko agenteen zerrenda bat prestatu dugu, eta nola lagundu diezaguketen erakutsiko dugu.
ChatGPT (OpenAI)
Aitzindaria AAko agenteen artean eta, ziur asko, denetan ezagunena.
Oso malgua da, eta lan ugari egin ditzake: esate baterako, mezuak, testuak edo laburpenak idatzi, itzulpenak egin, galderei erantzun edo kode bat idatzi, zuzendu eta azaldu.
Bertsio doako bat du (free), eta nahikoa da webgune ofizialean erabiltzaile gisa alta ematea erabili ahal izateko (https://chatgpt.com/).
Zuzenean ChatGPTn integratuta dago DALL·E, irudiak sortzeko gehien erabiltzen den AAko agenteetako bat.
Claude
Claude elkarrizketarako AAko morroi bat da. Testu luze konplexuak aztertzeko eta testuingurua ulertzeko gai izatea da Clauderen ezaugarri nagusia. Beraz, oso tresna egokia da irakurketa- eta idazte-lan konplexuetarako, hala nola txosten legalak edo eskuliburu teknikoak idazteko.
Kosturik gabeko bertsio librea du, bai eta funtzio aurreratuagoak betetzeko gai den ordainpeko bertsio bat ere. Webgune ofizialetik sartzen da bietara: https://claude.ai.
Bitxikeria gisa, jakizu Claude Shannon matematikari, ingeniari elektriko eta kriptografoagandik datorkiola izena. Informazioaren teoriaren aitapontekotzat jotzen da Shannon.
Gemini (Google)
Geminiren en funtzionalitateen artean, hauek dira aipagarrienak: artikuluak edo web-orriak laburtzeko gaitasuna, testuak berridatzi eta hobetzekoa, kodea zuzentzekoa, akatsak zuzentzekoa eta hobekuntzak iradokitzekoa. Gainera, denbora errealean bidaltzen ditu datuak, eta iturriak zuzenean aipatzen ditu.
Hau du webgune ofiziala: https://gemini.google.com. Mugikorrerako aplikazioak ditu (Android eta iOSerako bertsioa, biak Google Assistant-ekin integratuak), eta Googleren beste produktu batzuekin ere integratzen da, hala nola Gmail, Google Docs edo Google Drive-rekin.
Copilot (Microsoft)
Enpresentzako beste AAko agente praktikoenetako bat da Copilot.
Oso lagungarria da jarraibide batetik abiatuta dokumentu osoak idazteko, testu bat beste tonu edo estilo batean berridazteko, idatzitakoa zuzentzeko edo ideia, izenburu eta eskemak sortzeko.
AAko agente independente gisa ere erabil daitekeen arren, Microsofteko aplikazioetan zuzenean laguntzeko diseinatuta dago (Word, Excel, PowerPoint, Outlook, Teams).
-
Microsoft Excel-ekin konbinatuta, datuak aztertzen ditu, grafikoak sortzen ditu edo formulak eta taula dinamikoak ere prestatzen ditu hizkuntza naturala baliatuta.
-
Microsoft Outlook-ekin konbinatuz gero, mezu elektronikoak laburtzen ditu eta automatikoki erantzuten.
-
Microsoft Teams-ekin konbinatuta, berriz, bilerak laburtzen ditu eta egiteko dauden zereginak nabarmentzen.
Fireflies
Bilera birtualak ohiko bihurtu dira hainbat enpresa eta erakundetan.
Fireflies elkarrizketa guztiak transkribatu, laburtu, bilatu eta aztertzen dituen AAko agente ezaguna da. Denbora errealean funtzionatzen du, eta 100 hizkuntza baino gehiagotan.
Bileretako eta audio-fitxategietako hizlariak identifikatzen ditu, laburpen adimendunak egiten ditu, elementu giltzarriak erauzten ditu eta sentimendu-analisiak ere egin ditzake.
Funtzionalitate guztiak dituen doako plan bat eskaintzen du, baina biltegiratze-ahalmen mugatuarekin: 800 minutu erabiltzaile bakoitzeko.
Zapier AI
Zapier AI tresnaren arrakastaren arrazoi nagusietako bat da lan-fluxu automatikoak egiteko gai dela ezagutza tekniko espezializaturik behar izan gabe; horrek, beraz, lan errepikakorren ordu asko aurrezten ditu.
Zapier AI gai da erantzun automatikoak bidaltzeko edo fitxategi erantsiak gordetzeko. Eta, zehazki, marketinari eta salmentei lotutako abantaila baliotsuak eskaintzen ditu: adibidez, automatikoki bidaltzen ditu leadak CRM batera edo txosten automatikoak sortzen ditu.
Tresnaren doako bertsioarekin 5 "zap"erako sarbidea (automatizazioak) izan dezakezu. Aukera gehiago izateko, ordainketa-planen bat kontratatu behar da: Starter, Professional edo Company.
GitHub Copilot
Programatzeko aukera erakargarrienetako bat da GitHub Copilot.
Hizkuntza naturala kode bihurtzen du, eta, kode-lerro osoak sortzeaz gainera, iradokizunak ere egiten ditu denbora errealean, eta zenbait aukera eskaintzen ditu proiektu bakoitzaren testuinguruan eta ereduetan oinarrituta.
Bestalde, erraz integratzen da gehien erabiltzen diren garapen-tresna askorekin, hala nola Visual Studio Code-rekin, eta dokumentazioa eta erreferentziak antolatu eta zentralizatzen ditu, eta, beraz, talde-lana errazten.
Midjourney
Midjourney testutik abiaturik irudiak sortzeko AAko agenterik ahaltsuenetako bat da.
Deskribapen (prompt) soil batetik abiatuta, kalitate handiko irudiak sortzeko gai da adierazten zaion estiloarekin, hasi logotipoetatik eta bideo-jokoetako iruditegietaraino. Beraz, ez da harritzekoa asko erabiltzea diseinatzaileek, artistek, publizistek edo eduki-sortzaileek.
Ez du doako bertsiorik; planik oinarrizkoenak 10 $/hil balio du.
Leonardo AI
Irudi eta bideoetarako, Leonardo AI ere oso aukera ezaguna da.
Irudi zehatzak sortzeko aukera ematen du, eta bideo-sorgailu bat du, gainera, irudi estatikoak 4 segundorainoko animazio bihurtzen dituena; egoki-egokia da sare sozialetako edukietarako edo aurkezpenetarako. 3D-ko sorkuntza-lanetarako ere balio du.
Hori guztia doako bertsioarekin egin daiteke, baina erabilera profesionaletarako, zenbait harpidetza-plan eskaintzen ditu, abantaila eta prestazio gehigarriak dituztenak.
Trengo
Trengo funtzio espezifikoko AA agente bat da. Zenbait kanaletako mezuak ikuspegi bakar batean zentralizatzeko balio du; hala, bezeroekiko komunikazio-lana errazten da, bai eta talde-lana ere.
Aukera ematen du, batetik, txatbotak sortzeko koderik gabe, eta, bestetik, erantzun-denbora murrizteko, informazio-fluxua automatizatuz. Gainera, elkarrizketei buruzko estatistikak ematen ditu, eta erraz integratzen da enpresetako CRM sistemekin.
Doako proba egiteko 14 egunak igaro ondoren, ordaindu egin behar da tresna erabiltzeagatik.
Ikusten duzunez, adimen artifizialeko agenteak tresna baliagarri eta balioaniztunak dira, eta zereginak automatizatzen, produktibitatea handitzen eta eguneroko lana errazten laguntzen dute. Adimen artifizialak eskaintzen dituen aukera itzelak aprobetxa ditzazun nahi dugu Euskaltelen. Horretarako, gure aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen dizugu zure enpresa edo erakundean ezartzeko.
Adimen artifizialean oinarritutako enpresentzako soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.
