Inoiz pentsatu duzue zenbat aplikazio dituzuen telefono mugikorrean? Demagun orain aplikazio bakar batekin posible duzula hotel bateko erreserba egin, hitzordu medikoak kudeatu edo banku-transferentzia bat agintzea. Bada, horixe litzateke superaplikazio bat.

Superaplikazioak eredu digital berri bat dira, erabiltzaileak behar dituen zerbitzuak plataforma berean eta aldi berean biltzen dituena.

Miniaplikazio modularrez osatutako plataforma gisa eraikitzen dira, eta miniaplikazio horiek pixkanaka aktibatzen dira, erabiltzaileak bere behar zehatzetara egokitu ditzakeen superaplikazio zabal eta pertsonalizatuagoak lortzeko.

Orain aplikazio desberdinen bidez eskuratzen diren zerbitzu digitaletarako sarbidea sinplifikatzeko eta bateratzeko modu bat da.

Eta ez dezagun ahaztu aplikazioak oso ohiko tresna bihurtu direla gure eguneroko jarduerak mugikorretik bizkor kudeatzeko. Hain zuzen ere, iResearch Industry Overviewren arabera, aplikazioen munduko merkatua 930.000milioi dolarretik gorakoa izango da 2023. urte honetan.

Superaplikazio ezagunenak eta iristear daudenak

Hori guztia dela eta, ez da harritzekoa superaplikazio deritzenek pixkanaka beren tokia aurkitzea gero eta digitalizatuago dagoen mundu honetan.

Baina ez da hein berean gertatzen ari toki guztietan: Latinoamerikan edo Asian finkatuta daudela dirudi, eta Europan, berriz, askoz presentzia mugatuagoa dute.

Txinan sortu zen superaplikazio nagusia, WeChat. Hasiera batean mezularitza-aplikazio bat zen, baina orain aukera ematen du erosketak online egiteko, etxetik janaria eskatzeko edo kontzertuetarako sarrerak erosteko.

Superaplikazio arrakastatsuen beste adibide bat da Grab; kasu honetan, finantzen esparrukoa. Hotela ordaintzeko nahiz mailegu bat eskatzeko aukera ematen du.

Beste superaplikazio hauek ere asko erabiltzen dira Latinoamerikan: Rappi, taxi bati deitzeko edo zergak ordaintzeko aukera ematen duena, eta OMNi, orotariko zerbitzu medikoak eskuratzeko aukera ematen duena.

Europan eta Espainian, esan bezala, ez daude horren finkatuta.

Ezagunenak Glovo, Cabify, Deliveroo, Uber edo Bolt dira, baina horiek ez dira superaplikazioak berez, zerbitzu anitzeko aplikazioak baizik; gainera, ikusten duzuenez, banaketari eta mugikortasunari lotuta daude guztiak.

Administrazio publikoari dagokionez, eAgora plataformak espazio bakar batean biltzen ditu udal-funtzionaltasun guztiak, eta dagoeneko 40 udalek baino gehiagok erabiltzen dute Espainian.

Bestalde, zenbait enpresa handi, hala nola Microsoft, beren superaplikazioak prestatzen ari dira, eta, haien bidez, aukera emango dute erosteko, bilaketak egin eta albisteak irakurtzeko nahiz mezularitza-zerbitzuak erabiltzeko.

Elon Musk-ek berak ere, Twitter erosi ondoren, “X” izeneko aplikazio bat sortuko duela iragarri du.

Beraz, nahiz eta teknologia hori oraindik bidea irekitzen ari den eta heldutasuna falta zaion, dagoeneko aipa ditzakegu erabiltzaile eta enpresentzat ekarriko dituen onuretako batzuk.

Erabiltzaileentzako abantailak:

  • Nabigazio bizkor eta arinagoa, superaplikazioek interfaze arin, sinple eta intuitiboak izaten baitituzte bereizgarri.

  • Mugikorrean leku gehiago izatea, aplikazio bakarra nahikoa izango baita; izan ere, oso aplikazio osatua izan arren, ez du leku asko hartzen.

  • Erosotasuna eta bizkortasuna, jada ezaguna den aplikazio bakar batetik zenbait kudeaketa egiteko aukera eskaintzen baitu. Aplikazio horiek erabiltzen ikasteko, denbora gutxiago behar da, eta ikaste-kurba ere txikiagoa da.

  • Segurtasuna eta konfiantza, aplikazio bakarrak eskuratuko dituelako gure datuak.

  • Zerbitzu digital berriak eskuratzeko aukera. Agian ez zenukete inoiz hegaldi bat erreserbatzeko aplikazio bat deskargatuko, baina beharbada erabiliko zenukete normalean erabiltzen duzuen superaplikazioan ikusiz gero.

Enpresentzako abantailak:

  • Identitate eta irudi bisual erakargarriagoa eta modernoagoa.

  • Bezeroen lehentasunei, gustuei, beharrei eta kontsumo-ohiturei buruzko datuak zentralizatzea.

  • Erabiltzaileentzako zerbitzu eta prestazioen irismena handitzea.

  • Aplikazio desberdinak erabiltzen zituzten erabiltzaileak taldekatzea.

  • Pertsonalizatzeko gaitasun handiagoa izatea, bai erabiltzailearentzat, bai superaplikazioaren arduradunarentzat. Izan ere, aukeratu daiteke zer miniaplikazio erabili, edo miniaplikazioak gehitu eta ezaba daitezke.

  • Garapen-kostuetako inbertsioa eta aurrezkia optimizatzea zuen enpresa-soluzio digitaletan, ahaleginak eta baliabideak aplikazio bakar batean kontzentratzen baitira, erabilera desberdin eta espezifikoetarako pentsatutako zenbait aplikaziotan sakabanatu ordez.

Laburbilduz, superaplikazioek mundu digital bat dakarte, plataforma bakar baten bidez behar ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak eskura baititzakegu, eta, hala, denbora, erosotasuna eta segurtasuna irabazi.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez.