Ez iPhone berriak, ez Bruce Springsteenen kontzertu batek, ez Champions Leaguerako sarrerek: oso ekitaldi gutxik lortzen dute minutu bat igaro baino lehen saltzea sarrera guztiak. Gipuzkoa Encounterrak 34 segundoan saldu ditu. Galanta errekorra! Ona behar du izan Encounter horrek, derrigor!

Informatika gogoko baduzu, ez duzu aurkituko hori baino ekitaldi erakargarri askorik. Apirilaren 15etik 17ra bitartean, hamargarren Gipuzkoa Encounterraren segundoko 10 gigako abiaduraz gozatzeko aukera izango dute 500 bat lagunek, sarrerak eskuratzeko lasterren ibili zirenek alegia, Tolosako Usabal kiroldegian.

Errekor guztiak hausteko moduko abiadura, urteurren ikusgarri baterako: 400 ordenagailu sarean, 2.500 metro karratutik gora, eta etengabeko jarduera hiru egunez, informatikaren zaleek goza dezaten, ezagutzak trukatuz eta era guztietako eginkizunei ekinez.

Adin guztietako jendearentzat

Euskal Encounterra bezala, party informatiko hori programazioko adituen kontzentrazio hutsa baino zerbait gehiago da. Askoz ere gehiago. Izan ere, Gipuzkoa Encounterren hiru guneetako bat, Opengune izenekoa, guztientzat irekita egongo da.

Informatikaren azken nobedadeei buruzko hitzaldiak eta erakusketak izango dira eremu horretan, doan, bai eta tailerrak ere, nahi duten herritar guztiei helarazteko teknologia. Zenbait gai jorratuko dira: segurtasun informatikoa, 4.0 industria, haurrentzako robotika…

Horrez gain, izena eman dutenentzako ekitaldiak daude: arte digitaleko lehiaketak, softwarea, hardwarea eta jokoak. Hemen dituzue programaren xehetasun guztiak.

Euskal Encounterrerako beroketa-saiorik onena

Kasu honetan, guk kontatzea baino hobe izango da zeuk ikustea. Gauza bat ziurtatzen dizugu guk: ez zarela aspertuko. Are gehiago: beharbada, jakinarazi egin beharko genizuke ez duzula irten nahiko hara sartu eta gero. Ez hartu beste konpromisorik asteburu honetarako! ;)

Ekitaldi horrekin hasten da urteko Encounter topaketen denboraldia. Antolatzailea, Euskaltel Konekta Fundazioa. Gogoan izan uztailean Euskal Encounterra izango dela eta, geroago, Araba Encounterra. Erritmoa hartzea komeni zaizu, beraz. Hona gure proposamena: asteburu honetan, joan Tolosara eta hasi girotzen Gipuzkoa Encounterrarekin. Eta zurea?