Noranzko berean eramaten duen prozesua da. Talentua erakarri nahi dugu enpresok; talentudunak, berriz, sinesten duen enpresa batean aurkitu nahi du lana. Nola egin dezakete bat alde biek? Zer egiten dugu enpresok euskal gazteen trebakuntza eta lanbideratzea errazteko?

Gaitasun teknologikoak sustatzeko orientazio- eta trebakuntza-programak eta ekitaldiak babesten ditu Euskaltelek; besteak beste #FLLEuskadi eta Euskal Encounter-a. Harreman instituzionaletarako gure zuzendari Nerea Lupardok dioenez, "zeharkako gaitasunak" berenganatu behar dituzte gazteek, taldean lan egiten ikasteko, berrikuntzaren aldeko jarrera izateko eta ideiak sortzeko. Baina, horrez gain, beste zer bat ere egin behar dute enpresek, Lupardoren iritziz: jendea erakarri. "Talentua erakarri egin behar dute gure balioek. Ezinbestekoa du hori enpresa humanista batek".

SHARE

Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteari (HETEL) laguntzen dio Euskaltelek, SHARE proiektuan. Desafio itzela da: Lau HETEL ikastetxetako (Egibide, Zabalburu Ikastetxea, Deustuko Salestarrak eta Somorrostroko Lanbide Heziketako Ikastetxea) Telekomunikazio eta Informatika Sistemak Zikloko 60 ikaslek hilabete eta erdiz egingo dute lan, taldeka, ikastetxe horietako bakoitzean zenbait aplikazio-zerbitzari instalatzeko. Helburua: zenbait egoitza dituen alegiazko enpresa baten sare korporatiboa sortzea. Aipatutako ikastetxe guztiek eskuragarri izan behar dituzten zerbitzuak muntatuko dira sare horretan. Bai HETELek, bai Euskaltelek asmo bera dute: taldean lan egitea gazteek, arazoak konpontzen ikastea eta, ikastetxeen arteko bideokonferentzien bidez, elkarlanean jardutea. Laburbilduz, prestatuta egon behar dute gazteek lan egiteko era aldatu den gure mundu honetarako.

HETELen arduradunekin hitz egin dugu, programa horren eta Euskadin bultzatzen dituzten beste batzuen gakoak azal diezazkiguten:

- EUSKALTELEN BLOGA: Zergatik zen beharrezkoa SHARE proiektua? 

–HETEL: Beti egin dugu lan ikastetxeetan metodologia aktiboak ezartzeko eta, haien bidez, ikasleek eginez ikasteko edo arazo errealak konpontzeko aukera izan dezaten. Horren eta lankidetzako ikaskuntzak hartu duen garrantzi geroz eta handiagoaren eraginez sortu da SHARE ekimena, non ikasleek taldekako proiektuak egiten dituzten. Elkar ezagutzen ez duten ikasleek, hainbat ikastetxetakoek, hartzen dute parte proiektu horietan, eta enpresa batean arituko balira bezala jarduten dira.

- E.B: Zertan laguntzen diete ikasleei praktika-programek?  

-HETEL: Gaitasun oso garrantzitsuak garatzen dituzte ekimen horietan esku hartzen duten ikasleek (elkarrekin harremanetan aritzen, taldeko lanak adosten, bete behar diren epe errealen arabera lan egiten... ikasten dute). Hori dela eta, areagotu egiten dira ikasle horiek enplegua aurkitzeko aukerak. Funtsezkoak dira, bestalde, ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak. Elkarlanean jardun behar dute, nahitaez, bi eragile horiek. Aurrerapauso handia da Lanbide heziketa Duala, non ikasleek lan-kontratua duten eta, aldi berean, ikasten jarraitzen duten. Ezinbestekoak LHko titulazio orotan enpresetako praktikaldiak, zeinei esker hiru hilabeteko lan-esperientzia erreala izaten duten ikasleek. Teknologiak, ordea, oso azkar egiten du aurrera; hori dela eta, geroz eta enpresa gehiagok egiten dute LH Dualaren alde. Sistema horri esker, urtebetez lan egiten dute ikasleek, ikasten duten bitartean.

-E-B: gehiago ikasten al dute ikasleek praktikaldietan saio teorikoetan baino? 

-HETEL: Ezagutza teknikoak ez ezik, bestelakoak ere sartzen dira prestakuntza-programan: gaitasun eta trebezia sozialak, zeharkakoak eta sormenaren alorrekoak. Jakina, gaitasun horiek ezin dira ikasgelan bakarrik eskuratu. Zenbait osagairen bategite adimentsua behar da: alde batetik, enpresena eta ikastetxeena; bestetik, lankidetzari garrantzi handiagoa ematen dioten metodologiak. Emaitza? Ezagutza teknologiko gehiago bereganatzea ikasleak, gaurkotuagoak eta askoz ere errealagoak; eta beste batzuekin lan egiten, arazoei aurre egiten, bere kasa moldatzen... ikastea. Denentzat da onuragarria sistema hori: lana aurkitzeko aukera hobeak ditu ikasleak; askoz hobeto kokatzen da lan-merkatuan; enpresek, berriz, lehiakorrago izaten, nazioartera hedatzen, prozesuak hobetzen... lagunduko dien jendea izango dute, epe ertainera zama bihurtu eta lehiakortasuna motelduko dioten langileak izan ordez.