Ez gara "bertan goxo" geratzen diren horietakoak. Hobetzen jarraitu nahi dugu, egunero-egunero, zerbitzurik onena eskaintzeko zuri. Eta hori lortzeko, aliantzak bilatzen ditugu etengabe Euskadiko enpresarik berritzaileenekin eta dinamikoenekin. Bind 4.0 programari esker, DeciData datu-analitikako aditu-talde baten start-uparekin batera lan egiten dugu, zeinak laguntzen baitigu gure zerbitzuak erabiltzeko esperientzia hobetzen.

2015ean jarri zen martxan DeciData. Hilabete gutxi batzuetan, sei laguneko lantalde txiki baina oso dinamiko batek enpresa teknologiko handi askori lagundu die datuak analizatzen eta, hala, erabaki egokiagoak eta azkarrago hartzen. Iñaki Pertusarekin hitz egin dugu, DeciDatako bazkideetako batekin, azaldu diezagun zergatik lagundu dezakeen datu-analisiak gure bizitza hobetzen.

EUSKALTELEN BLOGA. Bind 4.0 programan 250 enpresak baino gehiagok eman zuten izena, eta 11k bakarrik lortu dituzte proiektuak enpresa handiekin. Zuena da horietako bat. Nolatan erabaki zenuten parte hartzea?

IÑAKI. Bind 4.0. programa aukera ezin hobea iruditu zitzaigun hasiera-hasieratik enpresa industrial handiak ezagutzeko. Start-up batentzat ez da erraza enpresa handi bateko pertsona egokiarekin harremanetan jartzea, eta askotan, nahiz eta zuk ideia interesgarri bat izan aurkezteko, ideia hori ez bada pertsona egokiarengana heltzen, jai daukazu. Bestalde, programa horretarako aukeratzen bagintuzten kontratu bat lortuko genuela esan nahi zuen horrek, eta hori da garrantzitsuena start-up batentzat.

B. E. Gurekin garatzen ari zareten proiektuaren helburua da datuak analizatzea zerbitzuan egin beharreko hobekuntza identifikatzeko.

IÑAKI: Euskaltelen erabiltzaileen gogobetetze-maila hobetzea da gure helburua. Sareko jokabidea eta eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea aztertuz, bezero bakoitzaren erabiltzaile-esperientzian egon daitezkeen puntu kritikoak hobetzen lagundu nahi diogu Euskalteli.

Big Datatik analitika aurreratura

B. E. Big Data edo datu masibo eta anonimoen bilketan eta interpretazioan oinarritzen da proiektua. Blog honetan, inoiz esan dugu nola hobetu dezakeen gure bizitza big datak; esaterako, aparkalekuetan eta errepideetan sentsoreak dituzten hiri adimendunei esker. Zergatik da Big Data etorkizuna? Dagoeneko oraina ez bada behintzat. Emango dizkiguzu beste adibide praktiko batzuk?

IÑAKI. Big Data kontzeptuaren ordez, guk nahiago dugu Analitika Aurreratua kontzeptua. Uste dugu Big Data termino huts bat dela, batetik alderdi asko hartzen dituelako (azpiegitura, konputazioa, analisia, eta abar) eta bestetik, berriz, bat ere ez. Guretzat, analitika aurreratua da informazio-bolumen handi horri zentzua emateko tresna, modua.

Guk, azken finean, enpresei eskaintzen diegu aukera bat informazioa beren negozioa hobetzeko erabiltzeko, eta, horrez gainera, gure eredu batzuk erabiliz, lortzen duten hobekuntza kuantifikatzen dugu. Erabakiak hartzeko modu berri bat da, dagoeneko zenbait eremutan erabiltzen dena, hala nola produktuak gomendatzeko, makina bat noiz honda daitekeen iragartzeko, eskaerak iragartzeko, produkzio-prozesuak optimizatzeko, kalitate-kontrolak hobetzeko, inbertsioak hobetzeko, eta abar.

B. E. Nola lortzen duzue informazioa biltzea pertsonen pribatutasuna arriskuan jarri gabe?

IÑAKI. Pribatutasuna funtsezkoa da, bai DeciDatarentzat, bai gure bezeroentzat. Gure proiektuetan, zehatz-mehatz betetzen dugu Datu Pertsonalak Babesteko Legea, eta zorroztasun osoz zaintzen ditugu gure erabiltzaileen datuak. Datu agregatu eta anonimoak tratatzen dituzten ereduak erabiltzen ditugu beti.

B.E. Amaitzeko, Zer esan diezagukezu zuen sektorearen etorkizunaz?

IÑAKI. Analitika aurreratuaren sektorea sortzen ari da oraindik. Uste dugu datozen bost urteak oso interesgarriak izango direla, enpresa handiez gain ikusiko baitugu enpresa txiki eta ertainek ere datuen analisia erabiliko dutela erabakiak hartzeko prozesuetan laguntzeko. Alor hori arin aldatuko da, gainera, zuzendaritza-taldeen belaunaldi-aldaketaren ondorioz, gazteek errazago erabiltzen baitituzte teknologia eta datuak.

B. E. Eta nolakoa izango da, zure ustez, zuen enpresaren etorkizuna?

IÑAKI. Gauza batzuk oso argi ditugu DeciDatan. Gure ustez, datuen analisian oinarritzeak erabakiak hartzen laguntzeko paradigma-aldaketa bat dakar berekin, eta aldaketa sakona da, luzaro iraungo duena. Ziur gara metodo hori aplikatzen duten enpresak lehiakorragoak izango direla eta erabiltzen ez dutenek, berriz, desagertzeko arrisku handia izango dutela. Enpresa gisa, uste dugu ezagutza lortzeko sarean lan egin behar dela nazioarteko enpresarik onenekin, munduko ezagutzarik onena ekartzeko gure inguruko enpresetara.

Analitika aurreratuari aplikatutako talentu-, hezkuntza- eta teknologia-edukiontzi handi bat izan nahi dugu. Helburu hori ardatz harturik, egitura eta planteamendu dinamikoa izan nahi ditugu, etengabe aldatzen ari den inguru batean. Erne egon behar dugu beti, gure bezeroentzako baliagarri izateko eta gehien komeni zaizkien soluzioak eskaintzeko une oro. Eta, oraingoz, betetzen ari gara hori.

DeciDataz gain zer beste enpresa berritzailerekin lan egiten dugun jakin nahi baduzu eta garatzen ditugun proiektu teknologikoen berri izan nahi baduzu, jarraitu arretaz gure blogeko Enpresa atalari.