Egundoko plana proposatzen dizugu aurtengo Gabonetarako, familia-giroan goza dezazun. Garai bereziotan, izotz-pistak jartzen dituzte gure herri eta hiri askotan. Aukera paregabea zure trebetasuna probatzeko, dela patinen gainean, dela lerarekin. Hona hemen aurtengo Gabonetan Euskadin izotz gainean ibiltzeko topatuko dituzun pistarik onenak.

Bilboko izotz-pista

Bizkaiko hiriburuan izotz-pista ekologiko handi bat jartzen dute Areatzako kaian. Bilbao Gabonak esparruak 800 metro koadro jartzen dizkizu esku-eskura, dela patinetan ibiltzeko, dela lerarekin txirristan behera jaisteko. A! Eta erabat estalia da, eguraldi petralaren aitzakiarik ez izateko.

Bilboko izotz-pista: sarrerak eta prezioak

Sarrerak pistan bertan eros ditzakezu, baina baita aldez aurretik online ere, webgune ofizialean.

Sarrerek 3,5 euro balio dute pertsonako. Ordu erdiz ibili ahalko zara pistan, eta patinak prezio barruan sartuta daude.

Familia ugarien kasuan, 2,5 euro ordaindu behar da pertsonako.

Pista eta txirrista biak probatu nahi badituzu, sarrera konbinatu bat eros dezakezu: 6 euro balio du. Edo, bestela, txirristak balio dituen 2,5 euroak ordaindu. Bide batez, heldu batek lagunduta doazen 2 eta 3 urteko haurrek doan dute txirrista.

Talde-erreserbak egiteko (20 pertsona edo gehiago), mezu elektroniko bat bidali behar da [email protected] helbidera, edo 630 988 494 telefonora deitu, bestela. Astelehenetik ostiralera 9:30etik 14:00etara egoten da zabalik (lanegunetan).

Bilboko izotz-pista: datak eta ordutegia

Bilboko izotz-pista azaroaren 30ean zabalduko dute (osteguna), eta urtarrilaren 7ra arte egongo da irekita (igandea).

Eskola-egunek irauten duen bitartean, Bilboko izotz-pista 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik.

Asteburuetan, jaiegunetan eta Gabonetako oporretan ordutegi zabalagoa izango du: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.

Gasteizko izotz-pista

Aurten hirugarren urtez antolatuko dute Eguberrietako izotz-pista Gasteizko Florida parkean.

Pistak 700 metro karratu inguru ditu, bai eta 75 metro karratuko eremu berezi bat ere, haurrek patinatzeko eta ikasteko.

Aurten ere estimazio handia izango dute izotz-txirristek: 30 metro luze dituzte, eta lau errei.

Gasteizko izotz-pista: datak eta ordutegiak

Abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara, patinekin izotz gainean itzulipurdi batzuk egitera joan daiteke nahi duena, bai eta txirristetan behera jaistera ere.

Sarrerak txarteldegian bertan eros daitezke, edo aldez aurretik, online.

Izotz-gaineko atrakzioak Donostian

Donostian, Federico García Lorca plazan jartzen dute izotzaz lera gainean gozatzeko aukera.

Bost kale inklinatu topatuko dituzu, Gabonetarako dotore-dotore apainduta, txikiak eta helduak izotz gainean ibil daitezen. Photocall bat ere jartzen dute, dibertsio-une hori betiko jasota gelditzeko.

Donostiako Gabonetako txirrista: datak eta ordutegia

Donostiako izotz-arrapala abenduaren 1ean (ostirala) irekitzen dute, Gabonetako argiak pizten dituzten egun berean, eta urtarrilaren 7ra arte (igandea) funtzionatuko du.

Astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik. Eta, asteburu, jaiegun eta jai-bezperetan, berriz, lehentxeago irekiko dute: 10:30ean.

Sarrerek euro bat edo bi balio dute, asteko egunaren arabera. Sarrera bakoitzarekin bi jaitsialdi egin daitezke.

Izotz-pista gehiago Euskadin

Bilbon, Gasteizen eta Donostian ez ezik, toki gehiagotan ere izaten dira Eguberrietako izotz-pistak. Gure txokoetan nonahi topatuko ditugu izotz gainean patinatzeko pistak, gure herri askotako leku enblematikoenak benetako izotz-jauregi bihurtzen baitira Gabonetan.

Hauexek dira Eguberrietan izotz-pista jartzen duten Euskadiko beste herri batzuk:

  • Zallan 200 m2-ko pista jartzen dute Euskadi plazan.
  • Durangon patinaje-pista sintetikoa topatuko duzu Landako Gunean.
  • Irunen hiru izotz-pista sintetiko jarri ohi dituzte, horietako bat tirolina eta guzti.

Aurtengo Gabonetan, aukeratu Euskadin gehien iruditzen zaizun izotz-pista, hartu patinak eta/edo lera, eta gozatu!

Goiburuko irudiaren letra-mota: Bilbao Turismoa.