Ulurun ikusi nahi zenukeela eguna argitzen, Australiako basamortuaren erdian? Edo Mendi Harritsuen isla Kanadako Louise lakuan? Zoragarria, ezta? Baina zubi honetan Australiara, Kanadara edo Mexikora joateko astirik izango ez duzunez, beste leku batzuk hautatu dizkizugu. Besteak bezain zoragarriak dira, baina askoz ere hurbilago dauzkagu. Gainera, gure lurraz harro mintzatuko gara.

Galea

Itsaslabar izugarriak ikusi nahi badituzu, eta itsas brisa eta kresala sentitu, ez daukazu Doverreko kostara edo Normandiara joan beharrik. Zoaz Getxora, eta ezagutu Algorta eta Sopela artean dauden Galeako eta Aixerrotako ibilbideak. Bizkaiko Golkoko bistarik ikusgarrienak aurkituko dituzu; Kantabriako kostaldea ikusiko duzu, eguna argia baldin bada; XVII. mendeko zenbait eraikin —Aixerrotako errota eta Galeako gotorlekua— bisitatu, eta Azkorriko hondartza basatian bainatzeko aukera izango duzu... Joateko gogoa, besterik ez duzu behar. Gainera, Bilbotik metroan joan eta Bidezabalen jaits zaitezke, pasieran joateko.

Zumaiako flyscha

Zumaia, Deba eta Mutriku aldean duzu Euskadiko beste harribitxi geologikoetako bat, eta izena ere itxura bezain berezia du. Gogortasun-maila desberdinetako materialak dituzten egitura geologikoak dira flyschak, milurtekoz milurteko eratuak itsas hondoan. Duela 20 milioi urte izan ziren mugimendu geologikoen eraginez sortu ziren egitura horiek, eta bistara geratu ziren Juego de tronosen atalen batzuetan agertu izan diren horma bertikal horiek. Ederra ikuskizuna, 50 milioiko historiaren laburpen gisara kostako 13 kilometroko eremuan banatua. Itsasotik, berriz, zoragarria da bista. Zumaiatik oinez joan daiteke flyschera, pasieran.

Ogoño

Euskal kostaldeko bazterrik ikusgarrienetakoa da, baina beharbada ezagunagoa zaizu lurmuturraren gailurretik behera, 350 metrora dagoen herria: Elantxobe. Kale aldapatsuak ditu, eta izerdi pixka bat botaraziko dizute, baina begien gozagarri ederra da Elantxobe. Autobus-geltokia, berriz, ezin bitxiagoa da! Polita da Elantxobe, bai, baina Ogoñok ikuspegi paregabea eskaintzen du,. Hona zer ikusiko duzun hango behatokitik: Urdaibai Biosferaren Erreserbako lekurik ederrenak, Lagako hondartza, Izaro uhartea, Bermeo... Diotenez, talaia horretara igotzen omen ziren zelatariak, duela zenbait mende, Bizkaiko Golkoan baleak agertu orduko euskal arrantzaleei horren berri emateko. Begiratu nahi al duzu? Utzi autoa Elantxobeko hilerriko aparkalekuan, eta hartu Ogoñora igotzeko dauden bi bideetako bat.

Errege Bardeak

Coloradoko Arroila Handiaren antzeko lekuren bat ikusi nahi baduzu, ez duzu zertan Atlantikoa zeharkatu: zatoz Errege Bardeetara. Tuteratik gertu dago, eta aho zabalik utziko zaitu hango paisaiak. Milioika urteren poderioz zizelkatutako hiru eremu daude: Lautada —labore-eremua—; Bardea Zuria, egitura geologiko bitxienak dituena, eta Bardea Beltza, non pinua eta sastraka diren nagusi. Oso toki aproposa da oinez edo bizikletaz ibilaldiak egiteko, 700 km-tik gora bide eta pista baititu. Kontuz ibili behar da, oso erraz gal baitzaitezke basamortu horretan, non ugariak diren arranoak, putreak, hontzak, basoiloak, azeriak, basakatuak, katajinetak, anfibioak eta narrastiak. Horra beste paradisu natural bat.

Nerbioiko ur-jauzia

Iberiar penintsulako ur-jauzirik garaiena da (ia 300 metro). Hiru errekatxok hornitzen dute urez, baina neguan bakarrik. Horregatik, ikuskizun horretaz gozatu nahi baduzu, euri ugari egin ondorengo egunetan joatea da onena, edo elurra urtzean. Eta aipatu ditugun gainerakoak bezala, mirari hau ere etxetik gertu daukazu: Urduñaren ondoan, Bizkaia eta Burgos arteko mugan.

Dena bertatik bertara dagoenez, maletarik bete beharrik ere ez dago; dena dela, ez ahaztu smartphonea, zure argazkiek arrakasta itzela izango baitute Instagramen. A! Beste leku zoragarriren bat ezagutzen baduzu, idatzi iruzkin bat, eta esan non dagoen. Gure paradisu guztiak ezagut ditzagun!