Jon Garaño: “Film honetan dena da Handia”
Ana - Euskaltel- Babesletza
- 2017-10-20
7 min
Urte asko dira Altzoko handiak Jon Garaño (Donostia, 1974) liluratu zuela. Joaquín Eleizegui Arteagaren pertsonaiak halako arrastoa utzi zion haurra zela, non zinemagintzan hasi zenetik izan baitu gogoa haren historia pantaila handira eramateko. Urriaren 20an estreinatuko da Handia zinema-aretoetan, Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ondoren (John Malkovichek zuzendu du epaimahaia), eta irrikaz gaude filma ikus dezazuen; izan ere, Euskaltelek ere lagundu du.
Euskaltel bloga. Handia zinema-areto komertzialetan ikusteko moduan izango gara laster. Urduri zaude?
Jon Garaño. Ez, orain jada ez. Donostiako Zinemaldian filma aurkeztu zenean eta aurreko egunetan urduri ibili ginen, baina orain ez. Ikusi genuenean filmak funtzionatzen zuela, lasaitzen hasi ginen. Orain dator une erabakigarria, filma publikoari iristen zaion unea, eta oraindik ere bagaude urduri, baina hasierako estualdia pasatu da.
E.B. Nola definituko zenuke filma? Nola konbentzituko zenuke jendea, ikustera joan dadin?
J.G. Bere barnean film asko dituen film bat da. Parte batean gerra-filma da, beste batean baidaia-filma, beste batean intimistagoa, road movietik ere badu zerbait, eta komediatik ere bai… Gauza asko ditu, baina bada oso ondo definitzen duen estalki bat: drama historiko bat da. Azken batean, ez da hainbeste Altzoko handiari buruzko film bat, baizik eta anaiarekin zuen harremanari buruzkoa, Europan zeharreko bidaia guztietan laguntzen baitzion anaiak, ingurune eta gizarte oso berezi batean. XIX. mendea da, Antzinako Erregimenaren amaierak eta berriaren hasierak talka egiten duten garaia, tentsio handikoa, eta pertsonaiak garai horretan bizi dira. Aldatzen ari den mundu horretan bi anaiek duten harremana da.
E.B. Eta nola bururatu zitzaizuen Altzoko Handiari buruzko film bat egitea? Ipuin bat dirudi, benetako istorioa baino gehiago…
J.G. Adierazgarria da diozuna, askok uste baitute existitu ez zen pertsonaia bat dela. Altzoko Handiari buruzko film bat egiteari buruz hitz egiten hasi ginenean, askok ez zuten ezagutzen pertsonaia; beste batzuek bazekiten zerbait, Europan barrena ibili zela, munduko erregerik garrantzitsuenak ezagutu zituela, haren altueraren markak egiten zituztela Altzoko elizan… Baina jende gehienak, hemen Donostialdean behintzat, uste zuen mitologiako pertsonaia bat zela. Eta horrek zer pentsatu ematen zuen; besteak beste, pentsarazten dizu noiz uzten dion norbaitek benetako pertsona izateari eta mito bihurtzen hasten den. Eta ernamuin interesgarria da hori istorio bat sortzeko. Egiazki, umetan pertsonaia honek eragin zidan lilura dago honen guztiaren hasieran. Ikastolarekin San Telmo museora joan ginen nik 9-10 urte nituela, eta erraldoiaren gauzak erakutsi zizkiguten: aulki ikaragarri handi bat, kopako sonbreiru bat, zapata baten horma, tamaina naturaleko grabatu bat… Pentsatzen dut norbaitek kontatuko zizkigula munduan zehar egin zituen ibilerak, eta hori grabatuta geldituko zitzaidala. Urte asko geroago, zinemaren munduan hasi nintzenean, Moriartiko nire bazkideei planteatu nien Altzoko Handiari buruzko film bat egiteko aukera, eta ezetz esaten zidaten behin eta berriz, urtea joan eta urtea etorri. Harik eta, halako batean, zerbait idazteko aukera eman zidaten arte. Bizitzaren gorabeherak zirela medio, ezin izan nuen ezer egin, dokumental baten ekoizpenean sartu ginelako —zeinean parte hartu baitzuen Euskaltelek: Arrieta metodoa—, eta ez nuen ezer egin. Baina Andoni de Carlos gidoigileak Irusoineko gure koproduktoreei bidali zien gidoi bat —Irusoin koproduktore izan dugu Loreak, 80 egunean, Lucio eta beste lan batzuetan—, Altzoko Handiari buruz haurrentzako animazio-film bat egiteko gidoi bat. Jakina, guk ez genuen umeentzako film bat egin nahi, baina bat gentozen pertsonaiaren aukerarekin. Orduan, elkartu ginen eta erabaki genuen buruan genuen istorio hura idaztea.
E.B. Zenbat aldiz gogorarazi diezu zure lankideei? ?
J.G. A, ez! Haiek berenari eusten diote! Produktoreetako batek esaten du gauza bat zela nik zer egin nahi nuen eta beste bat zer egin zitekeen: ez da film merkea, eta nahita ere ezingo genukeen egin… Baina nik uste dut aitzakiak direla, zeren eta orduan funtzionatzen ez zuena zen Altzoko Handiari buruzko film bat egiteko ideia. Konturatu ginen aldatu beharra geneukala ikuspegia, bazelako jendea film bat egina zeukana pertsona ezberdin bati buruz eta oso emaitza ona izan zuena, hala nola El hombre elefante, David Lynch-ena. Orduantxe jabetu ziren Produkzio sailean gauza orijinala izan zitekeela filma.
E.B. Hitz egin dezagun filmaketaz: ia erabat Euskadin filmatu da. Bilboko erdigunera udaberri betean elurra ekarri ere egin zenuten. Jendea txundituta egongo zen, ezta?
J.G. Bai, bitxia da, Euskal Herrikoa izateko aurrekontu handiko filma baita, baina aurrekontu mugagabekoa ere ez. Nolabait moldatu behar genuen inguru hauetan sortzeko Joaquín eta Juan Martín Eleizegik bisitatzen zituzten mundu guztiak. Ia film guztia Euskadin grabatu dugu; Aitor zuzendarikideak esaten duen bezala, zirko ibiltari batean bezala ibili gara, herriz herri, eta gauza bitxiak lortu ditugu; esate baterako, Bilbo sortzea Durangon… Eta Bilbo bera, berriz, Bilbo izan beharrean Londres izan zen… Eta horrela hainbat hiri. Gasteiz Madril izan zen, Baiona Paris… Filmaketa oso gogorra izan zen, lan handiko zortzi aste. Oso aurrekontu handia geneukan, baina ez beharbada film hau egiteko bezain handia. Gauzatu ahal izan da jendea biderkatu egin delako, bakoitzak biren lana egin duelako… Filmaren motorra aldaketa da: landa-ingurune batean hasi ginen, karlistadekin, eta azkenean Paris, Londres, Bordele, Lisboa, Madril…, horiek denak ibili genituen. Pertsonaiek asko bidaiatzen zuten, eta horrek isla izan behar zuen filmean; horrek asko zaildu zuen filmaketa. Sekuentzia oso garrantzitsu batek elurretan izan behar zuen, eta 2016ko udaberri hartan ez zuen elurrik egin; baina sekuentzia horiek behar-beharrezko genituenez, urte honen hasieran filmatu dugu azken partea. Oraingoan ez ginen arriskatu, eta erabaki genuen Pirinioetara joatea elur bila, Aran ibarrera; hori da film honetan Euskadin filmatu ez den zati bakarra.
E.B. Euskara da Handiako hizkuntza nagusia, baina beste hizkuntza batzuekin ere nahasten da, lokalizazioaren arabera. Eragozpenik aurkitu duzue film bat euskaraz banatzeko, Loreakekin egin zenuten bezala?
J.G. Gustatzen zaigu esatea sei hizkuntzatan egina dagoela, nahiz benetan lau diren. Nagusiki euskaraz da, bi anaien arteko harremana —filmaren oinarria— euskaraz delako, baina gero pertsonaiek asko bidaiatu zuten, eta hitz egiten dute gaztelaniaz, frantsesez, eta ingelesez ere bai. Eta gero badira bi esaldi, bat arabieraz eta bestea portugesez. Banaketari dagokionez, orain, zinemetan estreinatzen den honetan, bi kopia izango dira: bertsio orijinal azpitituludun bat, eta bertsio bikoiztu bat. Erakustaileek erabakiko dute nola proiektatu kopia bakoitza. Euskadin ia dena jatorrizko bertsio azpitituluduna izango da, baina Euskaditik kanpo bi bertsioetan banatuko da. Hirurogeita hamar kopia baino gehiagorekin banatuko da, ez dago batere gaizki. Estreinatu ahal izateko, Espainiako leku askotan bikoiztu egin behar da, baina nazioarteko merkatuan ez du hainbeste axola. Publiko unibertsal bat buruan dugula egiten ditugu gure filmak, betiere munduko alde guztietan ikusteko asmoarekin. Ingalaterrako edo Txinako ikusle batentzat, berdin dio gaztelaniaz den edo euskaraz, denek jatorrizko bertsio azpitituluduna ikusten dutelako. Eta hori gertatzen da filma mugitzen ari den jaialdietan ere.

E.B. Oraingoz, kritika onak izan dira… Donostiako Zinemaldiko Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria. Ez da batere hasiera txarra, ezta?
J.G. Loreak egin genuenez, jendeak alderatu egin nahi zituen filmak, eta, oso desberdinak diren arren, biak berdin hasten ziren. Eta bai: egia da Loreak lehian izan zela Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eta ez zuela saririk jaso, baina oso indartuta atera zen Zinemalditik, eta horri esker funtzionatu zuen oso ongi aretoetan. Ibilaldi polita egin zuen jaialdietan; izendatuta egon zen Goya sarietarako, eta gero etorri zen Oscarretarako hautagai izatea. Ez dakigu zer egingo duen Handiak. Zaina izango da Loreakek egin zuen guztia errepikatzea, baina Handia ere nahiko indarturik atera da Zinemalditik: kritika onak, eta gainera, Loreaken kasuan ez bezala, bi sari. Eta ikustea nazioarteko epaimahai batek, John Malkovich buru, esaten duela Zinemaldiko bigarren saririk garrantzitsuena merezi duela, Urrezko maskorraren atzetik, bada, horrek animo handia ematen dizu eta saltzeko arrazoi indartsua da. Jendeak begiratu egiten die halako gauzei, eta garrantzitsua da guretzat ere, ikusten duzulako epaimahai batek, zerikusirik ez izanik ez herrialdearekin eta ez gurekin, aintzat hartu duela eta ulertu duela. Zeren eta beti daukazu zalantza bat, ulertuko ote den hemen idatzi eta pentsatutako film bat.
E.B. Sinatuko al zenuke orain Loreaken antzeko emaitza bat, denbora honen ikuspegiarekin? Noraino iritsi nahi zenukete?
J.G. Nik oso zaila ikusten dut Oscarretakoa gertatzea berriz. Halako aukera bat berriz, zaila. Nahi nuke oker egon, baina hura oso berezia izan zen eta ez dut uste errepikatuko denik…
E.B. Oscarretakoa izan zen Loreaken unerik hunkigarriena?
J.G. Bai, batez ere ezustekoa izan zen mundu guztiarentzat, jada sartuta geundelako Handiaren ekoizpenean. Pixka bat aspertuta geunden Loreakekin: oso polita izan zen gertatutakoa, baina une bat iritsi zen non lanean jarraitzekotan utzi egin behar baikenion jaialdietara joateari, bestela ez geneukalako gure proiektuetan aurrera egiterik. Eta jada Loreakekin pixka bat ahazten ari ginenean, orduan etorri zen ustekabea, ustekabe ikaragarria, denentzat eta batez ere geuretzat. Eta tira, berriz Loreak: oso polita izan zen, baina era berean errealitatea pixka bat distortsionatu egin zuen. Eta Handiarekin ez dut uste gertatuko denik Oscarretakoa, baina nahi nuke ikusle gehiago izatea. Uste dut film hori ikuslearentzat errazagoa dela, komatxo artean esanda. Ez da % 100 komertziala ere, baina bai samurragoa. Trailerra deigarri gertatu da eta banatzaileek apustu sendoa egin dute haren alde. Berez, Loreaken kasuan baino kopia gehiagorekin ateratzen gara. Eta sariena eta jaialdietan zeharreko ibilaldiarena ez dakit nola neurtu, baina bai, sinatuko nuke. Euskadin oso ongi funtzionatu zuen baina nahi nuke Euskaditik kanpo ere hala gertatzea.
E.B. Zenbateraino Loreakek ateak ireki zizkizuen eta lagundu dizue Handia aurkezten?
J.G. Dudarik gabe, Loreak filmari esker izan dugu Handia egiteko modua. Hark ireki zizkigun ateak, eta hari esker, bat-batean, lehenago atea jo eta hain erraz irekitzen ez zizuten zenbait telebista eta erakunde orain kasik zain dauzkazu hurrengo proiektua noiz aurkeztuko. Hori da alde ona. Eta alde txarrean, berriz, Loreakek sortzen duen presioa dago. Oso ongi funtzionatu zuen filma izan zen eta senti dezakezu presio hori, baina gure estrategia izan da film desberdina egitea, jendeak ez dezan erraza izan biak alderatzea. Zenbaiti gertatu zaie Loreak filmarekin ez hotz eta ez bero gelditzea, eta Handia, berriz, barrura iristea; ikusi dugu Zinemaldian. Hori ona da: publiko desberdinak izatea eta film desberdinak eskaini ahal izatea, eta hori izan da gure aukera.
“Loreaken aldean oso diferentea den filma egin nahi izan dugu, jendeak zaila izan dezan alderatzea”
E.B. Eta zenbaterainoko pisua du aurrekontua ia bikoitza izateak? Proportzionala da erantzukizuna, funtzionatuko duen produktu bat egitekoa?
J.G. Guk horretaz ahaztu beharra daukagu aurrera egin ahal izateko. Badakizu kostu handia daukan filma dela, arriskua ere halakoa duela, baina, buruan ideia hori baldin baduzu etengabe, blokeatu egiten zara. Egin behar duzuna da ahalik eta filmik onena egin eta konfiantza izan, zuri gustatzen bazaizu jende gehiagori gustatuko zaiola. Garrantzitsua da buruan duzun ideiarekin leial izatea, saiatzea istorio hori egiten eta pentsatzea, diru asko kostatzeaz gain, sortzen ere ari zarela, jende pila bat kontratatzen ari zarelako; ez da diru bat ez-dakit-zertan gastatzen ari zarena, baizik eta hemengo jendearekin inbertitzen ari zarena.
E.B. Zenbait erakunde partaide izan dira filmean, haien artean Euskaltel. Zenbaterainoko garrantzia du haien laguntzak horrelako film bat egiteko edo euskal zinemarako oro har?
J.G. Handiarentzat, lortu dugu euskarazko film bat egiteko lor daitekeen gehieneko finantzaketa. Erakundeen, telebisten eta Euskaltel bezalako entitate pribatuen laguntza jaso dugu. Bistan denez, oso garrantzitsua da halako erakundeen finantzaketa, bestela ezin izango baitzen egin. Eta era berean nolako arriskuan sartzen diren produkzio-etxeak, Moriarty eta Irusoin, eta hirugarren koproduktore bat, Kowalski Films, Koldo Zuazuak zuzentzen duena. Film honetan dena da Handia, dena da handia. Egia esan, ekipoa egin behar izan dugu eta denen artean eraman ahal izan dugu aurrera halako ekoizpen garesti bat.
E.B. Orain buru-belarri zabiltzate filmaren aurkezpenarekin. Nolako agenda duzue datozen hilabeteotarako? Baduzue proiekturen bat begi-bistan.
J.G.Orain sustapenean sartuta gaude, prentsarekin eta hedabideekin, eta elkarrizketak eman eta eman ari gara. Horrez gain, aurre-estreinaldi batzuk baditugu Euskadin hilaren 20an (ostiralean) estreinatu aurretik. Gaur (asteartea) Tolosan estreinatzen da, eta ikustaldi berezia da, Tolosa baita Altzotik gertu dagoen herri garrantzitsuena. Ilusioa egiten digu, bai herria eta bai Udala buru-belarri sartu direlako filmarekin, eta ekitaldi polita izango da. Bihar (asteazkena) ni Madrilera noa eta Aitor Bartzelonara. Ostiralean matiné bat egingo dugu ETBn Bilbon, eta arratsaldean jada zinema-areto komertzialetan estreinatuko da. Ostiralean jakingo dugu nola doan filma ikusle aldetik eta nola funtzionatuko duen. Joera bat, bederen. Lehenbiziko asteburua oso garrantzitsua da; horren arabera jakingo dugu zenbat denbora egongo den filma zinema-aretoetan. Nahi genuke ahalik eta gehiena egotea. Eta aldi berean gu filma aurkezten ibiliko gara, eskatzen diguten alde guztietan. Baieztatu digute beste zinemaldiren batetik ere, oraindik ez baitugu publiko egin, baina nazioartean ere mugitzen ari da.
E.B. Eskerrik asko eta zorte on, Jon. Bikainak izan daitezela zenbakiak.
J.G. Eskerrik asko zuei.
¿Te ha gustado?
ZURE IRITZIAK BALIO DU