Errugbi inklusiboa plakaketaz, melez eta entseguz betetako kirol bat baino zerbait gehiago da: dibertsitate funtzionala duten pertsonen integraziorako ate bat da, eta oso emaitza onak ematen ari da. Modalitate hori toki askotan zabaldu da; baita Euskadin ere. Jarduera zorrotz eta fisikoa da, baina ondo pasatzeko gogoa eta aurrera egiteko grina lagun, ez da oztoporik!

Moisés San Mateo Gaztediko lehendakaria da, dibertsitate funtzionala duten jokalariz eta dinamitzatzailez osatutako lehen taldeko lehendakaria hain zuzen ere. Bost urte pasatu dira taldea martxan jarri zutenetik, eta emaitza “itzelak” ematen ari da: “Berdintasunezko egoera bat sortu dugu, non jokalariek dibertsitate funtzionala duten pertsonak izateari uzten dioten eta jokalari soil bihurtzen diren, gainerakoen pare, bereizketarik gabe”.

Koldo Gómez, club Universitario Bilbao taldeko arduraduna, bat dator ideia horrekin: “Jokalarientzat beste mundu bat da, inoiz bizi ez duten esperientzia bat; inklusiorako atea irekitzen dien kirol batean parte har baitezakete; eta horrek integratuago sentiarazten die”.

Baina ez dira dibertsitate funtzionala duten jokalariak kirol honetaz gozatzen duten bakarrak. Jon Insauspi Hernani elkarteko arduradunak adierazi du errugbi inklusiboa dinamizatzaileentzat ere onuragarria dela: “Elkar aberasten dugu, guri bizitasuna ematen baitigu, zerbait berria egiteko gogoa... Eta sozializaziorako elementu bat da bi aldeentzat”.

Koldok azaldu duenez, dinamizatzaile gehienek ez dute inoiz honen pareko esperientziarik eduki; horrelako talde batean parte hartzeak beldur pixka bat eragiten du; izan ere, “ez dakite nolakoa izango de dibertsitate funtzionala duten pertsonekin izango duten harremana”. “Benetan zer den eta haiei sorrarazten diena eta haien alaitasuna ikusten dituztenean, laguntzeko gogoa areagotzen zaie, haiekin egotekoa... Eta oso ondo pasatzen dute”.

Emaitzak entrenamendu-zelaietan ikusten dira, eta partidak jokatzen dituzten guztietan. Zelaian eta harmailetan. “Emozioz beteta daude, eta entrenamendu guztietan ikusten da hori. Guztietara etortzen dira, eta, etortzen ez badira, gaixo dauden seinale. Beste edozein taldetan beti falta da jendea ikasketengatik edo beste arrazoi batzuengatik, baina hemen inork ez du hutsik egiten. Eta haien familiek ere ez dute hutsik egiten; beti daude zelaiaren ertzean”, kontatu digu Koldok.

Euskadin errugbi inklusiboko lau talde daude: Getxo, Universitario Bilbao, Hernani eta Gaztedi. Ez dago lehiaketa ofizialik, baina laurak elkartu egiten dira beren herrietan antolatzen dituzten topaketetan. Errugbi konbentzionaleko partidetako antzeko arauak dituzte, baina zertxobait malguagoak dira: talde bakoitzean 16 urtetik gorako 15 parte-hartzaile daude. Horietako 7 jokalariak dira eta beste zortzi dinamizatzaileak (hezitzaileak eta senideak). Parte-hartzaileen egoera fisikoak aukera ematen badu, taldeek 40 minutuko bi zati jokatzen dituzte. Epaileak ofizialak izaten dira, baina ez dute beti araudia zehatz-mehatz betetzen.

Eta orain dator galdera nagusia: Zergatik da errugbia egokia kirol inklusiborako, jarduera fisikoa eta kontaktuzkoa izanda, eta ez beste bat? Koldo Gómezek argi du: “Errugbiaren arauak konplikatuak izan daitezke, baina ez da behar trebetasun berezirik jokatzeko: baloia eskuekin hartu eta aurrera botatzea, besterik ez da. Arau konplexuak ditu, baina ez da trebetasun berezirik behar, adibidez, futbolean oinekin behar den bezala. Gainera, taldekideak oso garrantzitsuak dira, zure atzetik joan behar baitute baloia elkarri pasatu ahal izateko. Horregatik, dinamizatzaileen lana oso garrantzitsua da”. Denok maila berean jartzen gaitu kirolak: edozein gorpuzkeratako pertsonak, bizkorrak eta azkarrak, mutilak eta neskak”.

Eta, gainera, “oso dibertigarria” da. Izan ere, hezkuntza-jarduera bat izan arren, helburua ondo pasatzea da. “Ez zaigu hainbeste axola lehiaketa, eta hori argi uzten dugu topaketetan: jokalarientzat eta dinamizatzaileentzat, dibertsioa da”, nabarmendu du Koldok. Dibertsioa bai, kirola ere bai. Down sindromea duten pertsona askok sedentarismorako joera dute, eta hau modu bikaina da horri aurre egiteko. Hori dela eta, Moisések esan digu jokalarientzat eta dinamizatzaileentzat egoera dibertigarria eta berdintasunezkoa izateaz gain, “jarduera osasungarria” izatea dela da onura nagusietako bat.

Diziplina hau oso zabalduta dago herrialde anglosaxoietan eta Argentinan, baina bide luzea du egiteko gure inguruan, bereziki babes faltagatik eta baliabide ekonomikorik ez duelako. Talde horiek jokalarien fitxei esker eusten diete, bai eta diru-laguntzei esker eta Euskaltel eta antzeko beste enpresa batzuei esker.

Izan ere, Jonek azaldu duenez, “talde hauek segitu dezaten eta etorkizun bat izan dezaten nahi badugu, diruz lagundu behar dituzte erakunde publiko edo pribatuek”. “Gu hutsetik sortu ginen, eta, hazten segi nahi badugu, ezinbestekoa da diru-laguntzak jasotzea”.

Koldok gogorarazi digu errugbi inklusiboak “inork ahaztu ezin duen onura sozial bat” dakarrela. Eta horregatik aipatu du Euskaltel eta antzeko enpresen babesari esker bizi direla. “Batzuetan, desgaitasuna pobreziarekin lotuta dago, eta babesa izateak dakar autobusez bidaiatzeko aukera edukitzea, material egokia edukitzea… guzti-guztia. Babesik gabe oso zaila litzateke talde inklusibo bat edukitzea”.

Azkenik, Moisések uste du “aintzatespena” oso garrantzitsua dela, errugbi inklusiboko taldeak “paperean bakarrik” baitaude. “Ez dago federazioen asegururik, ez dago aukerarik jokalari batek beste talde batean federazio-fitxa bat eduki dezan”, azaldu du. “Normaltasuna da behar duguna, beste edozein taldek jasotzen duen babes berbera”.

Hori dela eta, gizarteko sektore guztiak animatzen ditu haiei laguntzera, desgaitasuna duten pertsonen integrazioa hobetzeko. Haien elkarteek (Gaztedi, Hernani eta Universitario Bilbao) duela urte batzuetatik hona egiten duten bezala. Guztiek onartu zuten erantzukizun-zati bat gai honetan, eta haien ateak zabaldu zizkioten dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioari. “Baina guztiok –gizarteak, enpresek eta erakundeek– aukera horri ateak zabalduko bagenizkio, mundua aldatu egingo litzateke”, ziurtatu du Koldok, “kirol inklusiboa bizitzako eremu guztietara eraman” baitaiteke.