Windows 10 laguntza-zerbitzurik gabe gelditu da; beraz, heldu da Windows11ra migratzeko garaia. Erronka handia enpresa askorentzat, beren beharrak aztertu eta zer aukera dituzten ikusi beharko baitute.
Windows 10erako laguntza-zerbitzua 2025eko urrian amaituko dela iragarri zuen Microsoftek. Beraz, une horretatik aurrera, Windows 10 duten ekipoek martxan jarraituko dute, baina ez dute jasoko segurtasun-eguneratzerik, ez zuzenketarik, ez eta laguntza teknikorik ere. Zehazki, Windows 10en edizio hauei eragiten die aldaketak: Home, Pro, Enterprise eta Education.
Nola eragiten die Windows 10en laguntza-zerbitzuaren amaierak azken erabiltzaileei eta enpresei?
Segurtasun-adabaki gehiagorik jasoko ez dutenez, Windows 10 duten gailuek arrisku gehiago izango dituzte birusen, malwareen edo edozein zibererasoren aurrean.
Bestalde, gerta daiteke aplikazioak gaizki funtzionatzen hastea edo bateraezin bihurtzea eta errendimendu- edo fidagarritasun-arazoak izatea. Eta Microsoften laguntza tekniko estandarrak ez du balioko, ez baita halakorik izango aurrerantzean.
Egoera horren aurrean, zer egin dezakegu Windows 10 duten ekipoak baditugu?
Ekipoa bateragarria baldin bada, Windows 11ra eguneratzea gomendatzen da, bertsio horrek hobekuntza nabarmenak baititu segurtasunean; gainera, antibirus integratu edo suebakia ere badu.
Windows 11ra migratzeko behar diren hardware-eskakizunak betetzen ez dituzten ekipoentzat, segurtasun-eguneratze hedatuen (ESU) programa bat eskaintzen da. Aldi baterako neurri horrek 2028ko urrira bitarteko segurtasun-eguneratzeak bermatzen ditu, hartara denbora gehiago izateko Windows 11ra migratzeko.
Beste aukera interesgarri bat da egoera baliatzea ekipamendua berritzeko edo are lanpostuaren kudeaketa-eredua ere berritzeko eta, adibidez,WaaS (Workplace as a Service) zerbitzua baliatzen hasteko. Zerbitzu horrek neurrirako soluzioak eskaintzen ditu ekipamenduaren, tresnen eta erabiltzaileentzako arretaren bizi-ziklo osorako eta, hala, alderdi guztien berrikuntza bermatzen da: teknologikoa eta erabiltzaile-esperientziarena.
Enpresen erronkak Windows 11rako migrazioa dela eta
Garbi dago enpresa askorentzat erronka handia dela Windows 11ra migratzea.
Edonola ere, nahitaezkoa da planifikatzea, aplikazioen bateragarritasuna egiaztatzea eta erabiltzaileak trebatzea. Eta oso garrantzitsua: datuen segurtasun-kopia egin behar da migrazio-prozesua hasi aurretik.
Lehenik eta behin, egiaztatu behar da ekipoa bateragarria dela Windows 11rekin. Horretarako, bi aukera daude:
-
PCaren egoera egiaztatzeko Microsoftek duen tresna erabiltzea edo baldintzak Microsoft-en web-orri ofizialean kontsultatzea.
-
Hardware-auditoretza bat egitea, Windows 11rekin bateragarria dela baieztatzeko.
Hauek dira Windows 11ra migratzeko behar direnak:
-
Gutxienez 1 GHz-eko eta bi nukleo edo gehiagoko prozesadorea (PUZ).
-
Gutxienez 4 GB-ko RAM memoria.
-
Gutxienez 64 GB-ko biltegiratze-espazio librea.
-
Sistemaren firmware UEFIduna eta Secure Boot-ekin bateragarria.
-
DirectX 12rekin edo berriago batekin bateragarria den txartel grafikoa.
-
720 p-eko gutxieneko bereizmeneko pantaila.
Gainera, baliteke funtzio batzuek beste hardwareren bat behar izatea, gutxieneko baldintza horietatik harago.
Edonola ere, enpresentzat erronka izan arren, bada orobat ingurune digitalean eguneratzeko eta segurtasuna areagotzeko aukera ere.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.
