Soluzio teknologiko aurreratuak eta langile espezializatu eta kualifikatuak eskatzen diren testuinguru batean, teknologoak erronka teknologiko berriei erantzuteko prestatzen ari dira, besteak beste, zibererronkak, datathon eta antzeko lehiaketen bitartez, eta enpresek erronka errealekin parte hartzen dugu topaketa horietan.

CTF (Capture The Flag) edo zibersegurtasun-erronka segurtasunaren arloko profesionalen eta/edo modu dibertigarrian ikasi nahi duten ikasleen arteko lehiaketa da, eta parte-hartzaileek (profesionalak zein ikasleak) beren mugak probatzen dituzte erronka irabazteko.

Soluzioak aurkitzeko edo planteatutako erronka teknologikoak deszifratzeko lehiatzen dira. Originaltasuna eta gaira ondo egokitzea baloratzen dira, eta sariak ere badaude. Beraz, soluzio berritzaileak planteatzeko, praktikatzeko, partekatzeko eta saritzeko oso modu aktiboa da.

Nola funtzionatzen dute zibererronkek?

Zibererronkek hainbat modalitate, helburu, parte-hartzaile edo sari izan ditzakete.

  • Banakako zibererronka, zibererronka kolektiboa edo taldekoa. Hau da, erronka izan daiteke pertsona edo talde bakar batek planteatzen diren urrats eta arazoak konpondu behar izatea azken ondoriora iritsi arte edo, adibidez, plantea daiteke profesionalen/enpresen arteko lehiaketa gisa. Bigarren kasuan, ideia eta soluzioak proposatu ohi dira, eta, ondoren, epaimahai batek balioetsi egiten ditu, aurrez zehaztutako irizpide batzuen arabera, proposamenik onena zein den erabakitzeko.

Nolanahi ere, zibererronken helburu nagusia ikastea da, eta ideiak sortu eta trukatzeko espazio bat sortzea.

  • Zibererronkak fisikoak, birtualak edo hibridoak izan daitezke. Aro digital bete-betean, azken bi motetakoak ohikoak dira, eta horretarako ezinbestekoa da plataforma birtual egokia izatea.

  • Behin parte-hartzaile mota eta garapen-modalitatea zehaztu ondoren, erronkak identifikatu eta planteatu behar dira.

Hona hemen adibide pare bat: enpresa baten datu-baseak ransomware eraso bat (informazioa bahitzea) jasan du. Zer soluzio hartuko zenukete enpresan?

Edo: zuen enpresan lan-eredu berri bat jarri da martxan, zeinean zenbait egoitza eta gailu konbinatzen baitira, dokumentuak partekatu behar dituzten baina baimen berberak ez dituzten ekipoekin, eta segurtasun-eten bat detektatu da. Zer egingo duzue?

  • Hurrengo urratsa zibererronkaren mekanika definitzea da: gauzatzeko denbora, eskuragarri dagoen dokumentazioa, mailen araberako banaketa...

  • Sari eta aintzatespenei dagokienez, parte-hartzaileen arabera zehazten dira. Adibidez, ikasleak lehiatzen badira, aukera interesgarri bat da irabazleari lan-aukeraren bat eskaintzea enpresan.

Nolanahi ere, halako topaketetan, funtsezko alderdia izaten da parte-hartzaileek planteatutako eta defendatutako soluzioak amaieran batera jartzeko lana. Izan ere, pertsona/talde edo enpresa bakoitzak ezagutza batzuk ditu, eta beharbada, maila guztiak gainditu ez arren, alderdi berri bati aurre egin behar izan dio eta arrisku edo mehatxu ezkutuez jabetu da.

Izan ere, ikasteko eta soluzio berritzaileak bilatzeko modurik onenetako bat erronka eta arazo berriak planteatzea da.

CITIC Cyber Competition lehiaketan, adibidez, parte-hartzaileek segurtasun informatikoaren arloan dituzten ezagutzak erakutsiko dituzte 4 orduz.

Baina erronkak ez dira beti zibersegurtasunari buruzkoak izaten. Gaurkotasun teknologikoko beste gai batzuk ere izan daitezke protagonista, hala nola Big Data edo Adimen Artifiziala, adibidez, Datathon “Madrid for Tech” erronkaren kasuan. Hartan, gure lankide Adrián Bertolek, Euskaltel parte den MásMóvil Taldeko AI Sales Specialist denak, beste aditu batzuekin batera, adimen artifizialari loturiko erronka eta desafioetarako soluzioak proposatuko ditu.

Euskaltelen uste dugu zibererronkak eta antzeko ekimenak modu egokia direla soluzioak pentsatzera behartzen duten egoera zailei aurre egiteko, baita talentua eta prestakuntza ezagutzeko eta sustatzeko ere, gaur egun funtsezkoa den esparru batean.

Enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz gehiago jakiteko, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin, formulario honen bidez.