Tiradera batean, ahaztuta. Litekeena horrela egotea urteen poderioz pilatu eta jada erabiltzen ez dituzun mugikorrak. Ez dakizula zer egin? Beharbada, inork ez dizu irtenbiderik eskaini, orain arte.

Onartzea zaila egiten bazaizu ere, zuk mugikor horiek berriz erabiltzeko probabilitateak oso urriak dira. Mugikor bat bazterrera uzten dugunean, mugarik gabeko "hibernazioan" utzi ohi dugu, normalean, per saecula saeculorum. Izan ere, gailu berriak bereganatu ohi du gure arreta guztia.

Bestalde, kontuan izanik munduan biztanle baino mugikor gehiago daudela duela urtebetez geroztik eta jende askok bi urtez behin aldatzen duela mugikorra, bada... a zer tiradera piloa egongo den sakelekoz gainezka!

SEKULA egin behar ez duzuna: mugikorrak zakarrontzira botatzea. Oso kutsatzaileak dira, izan ere, gailu horien osagai batzuk: kadmioa, rodioa, nikela, merkurioa…). Bateria bakar batek 600.000 litro ur kutsa ditzake.

Mugikorrak birziklatzen dituzten enpresak

Baliteke zure mugikor erabilia "txiki-txiki eginda" egotea eta zuk pentsatzea inon ere ez dizutela onartuko. Hala izango da beharbada, baina gogoan izan telefono zaharrak birziklatzen dituzten hainbat enpresa daudela. Ez pentsa, noski, dirutzarik ordainduko dizutenik!

Mugikor erabilia salduta dirua irabaztea pentsatzen baduzu, terminalaren antzinatasuna eta egoera izan behar dituzu kontuan. Ondo dagoen smartphonebategatik 200-300 euro emango dizkizute, agian; piztu ere egiten ez den "tramankulu" bategatik, berriz, 5-10 euro.

Dena dela, saldu nahi baduzu, aski duzu Googlen begiratu azkar bat egitea. Aukera ugari azalduko zaizkizu:

Ugariak dira, sarean, mugikorrak birziklatzeko aukerak.

Prozedura, berriz, ez da zaila izaten. Lehenbizi, esan zer marka eta modelotakoa den zure mugikorra, eta gutxi gorabeherako prezio bat emango dizute; bidali gailua, eta ondo dagoela egiaztatzen dutenean, ordaindu egingo dizute. Ez ahaztu zure SIM eta SD txartela kentzea!

Baina, zer egiten dute mugikor erabiliekin? Oraindik erabiltzeko moduan daudenak garabidean dauden herrialdeetara bidali ohi dira. Hartara, ingurumena babesteaz gain, "bigarren bizitza" bat ematen zaie mugikorrei. Jada erabilgarri ez daudenak, berriz, birrindu egiten dira, eta birziklatu balio duten osagaiak.

Birziklatzeko guneak telefonia-dendetan

Beste aukera bat: Euskalteleko dendetan egoten diren mugikor erabiliak birziklatzeko guneetakoren batean uztea.

Bigarren eskukoen merkatua

beste aukera bat:  zeure kabuz saltzea bigarren eskuko produktuen merkatuan. Hor ere bada zenbait aukera:

  • Marketplaceak: esate baterako,  Ebay eta Amazon.
  • Denda fisikoak (Cash Converters, besteak beste).

Azkenik, hor izango duzu, beti, mugikor "premian" dagoen senide edo lagunen bat.