Gepardoa animalien erreinuan, Usain Bolt gizakien artean, Ferrari bat... eta Euskal Encounter topaketa informatikoen artean! Estatu mailan erreferentziako party informatikoak teknologiaren milaka zale elkartuko ditu berriro ere. Lau egunez, Interneteko konexio-abiadurari esker, telekomunikazioen paradisu batean murgilduko dira parte-hartzaileak.

Pentsa ezazu toki bat dagoela aukera ematen dizuna gehien gustatzen zaizkizun jokoak sarean jokatzeko, arte digitala sortzeko (irudiak eta musika) edo, besterik gabe, Interneten segundoko 40 gigan nabigatzeko (40 giga igotzeko eta 40 giga jaisteko). Zer, galduta hainbeste giga artean? Bai, abiadura hori iazkoa baino bi aldiz handiagoa da, eta, hari esker, topaketa munduko lasterrenetako bat izango da bere kategoriakoen artean. Abangoardia betea Bilbao Exhibition Centerren.

Publiko guztientzako edukiak

Lau egunen zehar (uztailaren 23tik – 26ra) 6.000 parte-hartzailek baino gehiagok —haien artean, Europan talenturik handiena dutenetako batzuk izango dira— azken aurrerapen teknologikoak probatuko dituzte mega-gorabehera txundigarri batean, zoratzeko moduko abiaduran. 35.000 metro karratutik gora gori-gori egongo dira parte-hartzaileak party honen era askotako eskaintzez gozatzen diren bitartean. 23 urteren ondoren, informatikaren zaleentzat egutegian gorriz markatu beharreko punta-puntako topaketa gisa sendotuta ageri da.

Hala ere, Estatu mailako party informatikorik zaharrena den hau ez da programazioaren profesionalen topagune huts bat. Ez horixe. Izan ere, Euskal Encounterren hiru guneetako bat, Opengune izenekoa, guztientzat irekita egongo da. Hartan, era guztietako publikoarentzat zabalik, zenbait hitzaldi interesgarri izango dira; adibidez, bideo-jokoei edo osasunari buruz, edo segurtasun informatikoari buruz. Eta tailerrak ere izango dira; haien artean, nabarmentzekoak dira autonomo eta enpresaburuei zuzenduta daudenak, hala nola sare sozialak nola erabili negozio batean edo Google Adwords (publizitate digitala) softwareari buruzko hastapenak.

Euskaltel Gaztea Kopa

Opengunez gainera, kanpalekua eta Euskal Party guneak izango dira. Azken horretan, beren saltsan jardungo dira topaketaren jarraitzaile leialak, erakargarri nagusia punta-puntan ibiliko den FIFA 15 Euskaltel Gaztea Kopa jokoak leku izango duen gunean (http://euskaltelgazteakopa.eus/es/). Zalantzarik gabe, e-kirolak, joera gisa, gorantz ari dira. Ez da hori izango, ordea, parte-hartzaileek izango duten joko bakarra. Izan ere, Espainia osoan, Encounter da joko-lehiaketa gehien antolatzen duen partya. Hemen duzu joko-programazio osoa.

Jokoez gainera, Euskaltel Konekta Fundazioak babestutako topaketa honek era askotako jarduera, tailer eta hitzaldiak eskaintzen ditu sorkuntza digitalaren eta hardware eta software librearen arloetan, bai eta beste gai askotan ere. Scenerak, gamerak, edo moddingzaleak. Azpikultura teknologiko guztiek tokia dute Euskal Encounterren. Hemen aurkituko dituzu programazioaren xehetasun guztiak.