Berritzeko beharra hizpide da aspaldion. Etengabe aldatzen ari den gure mundu globalizatuan, behar-beharrezko bihurtzen ari da berrikuntza. Eta Euskadiko ikastetxeek, bidea egin nahian, ideia berriak lehenbailehen bilatzera animatzen dituzte neska-mutilak. Ez dago ideia txikirik, ona baldin bada!

Euskal ikasleen maila handiaren erakusgarri da Euskadiko First Lego League (FLL), robotika, zientzia eta teknologiako lehiaketa, Innobasquek antolatua, eta Euskaltel Konektak babestua.

Hona aurtengo txapelketako parte-hartzaileek duten eginkizuna: animalien eta gizakien arteko harremana hobetzen duen proiektu zientifiko bat aurkeztea. Eta gure #FLLEuskadi-n parte hartu duten bi taldek arrakasta handia izan dute aurkeztutako ideiekin!

Lauro ikastolako Lauronix taldeak aukera izango du, munduko beste 120 talderekin batera, bere proiektua Washingtongo Global Innovation Award-en aurkezteko. Bestalde, Begoñazpi ikastolako Faunity taldea Estatuko finalean sailkatu zen, eta Danimarkan egingo den Europako lehiaketan parte hartuko du asteburu honetan.

Bi talde horiek abenturan bidelagun izan dituzten bi irakaslerekin hitz egin dugu, ikasleen proiektuen atzean dauden ideien eta lan handiaren berri eman diezaguten.

Amaia Pérez, Lauro Ikastolako irakasleaEUSKALTELEN BLOGA. Lauro Ikastolako Lauronix taldeak errepideetako istripuetarako segurtasun-sistema bat aurkeztu zuen, animaliak sentsore bidez detektatzen dituena. Nola bururatu zitzaien hori?

Amaia: Ez zen izan bururatu zitzaien lehenengo ideia. Beste ideia batzuk ere izan zituzten esku artean, baina baztertu egin zituzten hainbat arrazoirengatik: bideragarritasuna, originaltasuna… Gehienetan, brainstorming edo ideia-jasa bat antolatzen da lehenengo, eta ideia askotarikoak aztertzen dira lantalde txikietan. Proiektuen garapena aurkezten da gero, eta onena aukeratzen dugu.

E. B. Proiektua aurkezten duen bideoan, arazoa aztertzen dute ikasleek lehenengo —kasu honetan, animalien heriotza errepideetan—, konponbideak bilatzen dituzte, merkatua aztertzen dute gero eta, azkenik, prototipo bat egiten. Arreta handiagoa jartzen diote lanari ikasleek halako proiektu praktiko batean lan egiten dutenean?

Amaia: Egia da, bai, proiektuka lan egiteak ikasleen arreta areagotzen duela eta lanean biziago parte hartzera animatzen dituela. Horrez gain, taldean lan egiten ikasten dute eta autonomia handiarekin.

E. B. Zuen ikastolako ikasleak, robotika ikasteaz gain, Apple eta beste enpresa handi batzuetako arduradunekin ere elkartzen dira, beren proiektuak erakusteko.

Amaia: Bi helburu dituzte enpresetara eta unibertsitateetara egiten diren bisitek: proiektuaren berri emateko dibulgazio-lana egitea, metodologia zientifikoaren atal gisa, eta egindako lana adituekin kontrastatzea. Ikasleek, hala, lana aurkezten ere ikasten dute, ahoz zein idatziz, eta formatu askotarikoetan. Bisitetarako hitzorduak ere lortu behar dituzte, gainera. Beraz, aurkezpen-gutunak eta informazio-txostenak idazten ere ikasi behar dute, eta hizkuntza batean baino gehiagotan gainera.

Merkat Bernaola, Begoñazpi Ikastolako irakasleaE.B. Zuen ikastolan, bost urtetik hasi eta Batxilergoko lehenengo urte arte sartu duzue robotika ikasleen curriculumean. Zer ekarpen egiten die ikasleei?

Merkat: Curriculuma gaur egungo ikaskuntza-beharretara egokitzeko saio bat da. Eduki zaharkituak zeuden curriculumean, errealitaterekin bat ez zetozenak. Robotikak aukera ematen du eduki horiek modu dinamikoagoan lantzeko eta, horrez gain, ikasitakoa praktikatzeko. Ekarpen nabarmena egiten du adimen logiko-matematikoaren garapenean. Oso balorazio positiboa egiten dugu, nahiz eta badakigun beste herrialde batzuk —Alemania, kasurako— gu baino askoz aurrerago dabiltzala.

E. B. Emango dizkiguzu zuen ikasleen proiektu esanguratsuenen adibide batzuk?

Merkat: Lau esperientzia nabarmenduko nituzke, mugarri gisa: mendeko pertsonak dituzten zentroei uholde-arriskuaz ohartarazten dien aplikazio bat; paper-zapi bustien konposizioari eta hura arroparen osagai termiko gisa birziklatzeari buruzko ikerketa bat; ikastolako zenbait espaziotan zarata kontrolatzeko software baten garapena; eta, azkenik, otsoen erasoa saihesteko software baten diseinua, Arduino plakak eta mugikorreko aplikazio bat baliatuta

E. B. Zuen ikastolako ikasleek emaitza ikusgarriak lortu dituzte FLL lehiaketetan. Zer da ikasi duten hoberena?

Merkat: Faunity taldeak AEBko Saint Louis hiriko munduko finalean parte hartu du. Aurreko ikasturtean, Ecolors taldea Global Innovation Award-eko munduko finalera iritsi zen. Hemen bertan, Estatuan eta munduko beste leku batzuetan bizi dituzten esperientziak apartak dira taldeontzat. Lehiaketa gorabehera, maila gorena eman beharrak ez die uzten bertan goxo egiten ikasleei; den-dena eman beharra daukate.

Euskaltelek zorterik onena opa die bi taldeei laster izango dituzten nazioarteko lehiaketetan. Bidaliko diguzu iruzkin bat taldekideak animatzeko? ;-)