Linearik eta daturik gabe geratu zara atzerrian? Ba al dakizu zergatik dabilen motel zure etxeko WiFia eta nola bizkortu dezakezun abiadura? Zure Bezeroaren Gunera sartu nahi duzu, baina ahaztu egin zaizkizu pasahitzak?

Horra Bezeroaren Arreta Zerbitzuko gure lankideek maiz erantzun behar izaten dituzten galderetako batzuk. Post batean bildu ditugu erantzunak, eskura izan ditzazun. Hasiko gara?

“Oso motel dabilkit WiFia”

Etxean zaude igande-arratsalde batean eta, bat-batean, WiFia ez dabil lehen bezala: denbora-pila bat behar du edozer gauza kargatzeko, eta ez dakizu zer gertatzen den... Berrabiarazi dituzu modema eta mugikorra, begiratu duzu kanpoko norbait dabilen zure sarean... Seguru asko, gainezka egongo da zure WiFi sarea dagoen kanala. Zer esan nahi duen horrek? Bada zure WiFi sarea beste sare batzuen kanal berean dagoela, eta denok ari zaretela informazioa aldi berean transmititu nahian. Hori dela eta, gehiegi betetzen da sarea, eta nabarmen jaisten da errendimendua. Ulertu dut. Baina, nola konpon dezaket arazoa? Oso erraza da: deskargatu gure aplikazioa, bilatu Internet identifikatzeko erabiltzen dugun saguaren ikonoa, sakatu WiFiaren konfigurazioa eta markatu aldatu nahi duzun kanalaren zenbakia. Sakatu Aplikatu aldaketak, eta segundo gutxi barru izango duzu erabilgarri. Baina, zein aukeratu? WiFi Analyzer aplikazioak esango dizu zein den kanal gomendatua. Zure kable-modemaren konfigurazio-menutik ere egin dezakezu aldaketa hori, baina konplikatuxeagoa da. Badaezpada ere, hona erabiltzen ditugun ereduetarako estekak: Netgear 3300, Thomson 770, Cisco 3825, Cisco 2325.

“Lagundu! Atzerrian nago, Euskaltelen linearik eta daturik gabe!”

Kanpora joan zara asteburuan. Iritsi zara Hossegorrera, Landetatik gertu; egun zoragarria egiten du, eta poz-pozik zaude hondartzan, olatuei eta paisaiari begira … Instagramera igo beharra dago une hori! Atera duzu urteko argazkirik onena..., baina ez dago ez daturik, ez linearik... Ai, ene! Ahaztu egin zaizu Irundik iparraldera zerbitzua edukitzeko roaminga eta nazioarteko deiak aktibatu behar direla. Bidaiari ekin aurretik aktibatzea da onena, baina, ezin izan baduzu, ez da ezer gertatzen. WiFi punturen bat hurbil badaukazu, Euskaltelen aplikaziotik konekta zaitezke eta roaminga aktibatu.

Roaming-a aktibatu Euskaltelen

Beste aukera bat hau duzu: sartu Bezeroaren Gunera beste edozein terminaletatik, urrutitik aktibatzeko. Nahiago baldin baduzu guk laguntzea, deitu Euskaltelen mugikor batetik 688 688 222 zenbakira (doakoa da deia), edo beste operadore edo herrialde batetik 0034 688 688 222 zenbakira.

“Ahaztu egin zait Euskalteleko nire Bezeroaren Gunerako pasahitza”

Euskaltelen zerbitzu guztiak dituzu eskura zure Bezeroaren Gunetik: telefonia mugikorreko, Interneteko eta mugikorreko zerbitzuen alorreko izapide ugari egin ditzakezu eta, gainera, fakturak kontsultatu, matxuren berri eman, aldaketa administratiboak egin... Ezin bazara sartu pasahitzak ahaztu dituzulako, webgunearen esteka honen bidez berreskura ditzakezu, zure telefono-zenbakia, IFZ edo helbide elektronikoa emanda.

“Nola alda dezaket nire WiFi sarearen pasahitza?”

Hobe duzu onartzea, bai: ez zara gai etxeko WiFiaren pasahitza buruz ikasteko, eta lagunen bat bisitari joaten zaizunean hitzez hitz irakurri behar izaten diozu: maiuskulak, minuskulak, zenbakiak... Nahaspila galanta. Bada, baduzu garaia pasahitza nola pertsonalizatu ikasteko. Bi aukera dituzu: Euskaltelen aplikaziotik edo Bezeroaren Gunetik. Bigarrena hautatzen baduzu, Pasahitzak aldatu sakatu behar duzu; ondoren WiFiaren pasahitza, eta berria idatzi. Gogoratu, bestalde, aldaketa egin ondoren berrabiarazi egin behar duzula kable-modema, eta gailu guztietan sartu pasahitz berria.

“Nola konfigura dezaket mugikor berria?”

Azkenik! Mugikor berria! Aurkitu duzu zure smartphone ideala gure katalogoan, eta etengabe nabigatu nahi duzu, mundua amaitzear balego bezala. Baina, lehenbizi, datuak konfiguratu behar dituzu. Hau da horretarako modurik errazena: SMS bat bidaltzea, konfigurazio-profila barne duela; ondoren, sartu mugikorrera dei bat egiteko bezala, markatu *119# eta sakatu deitu/bidali. Mezu hau edo antzekoren bat jasotzen baduzu, dena ondo joan den seinale: “Solicitud cursada con éxito. En breve recibirá un SMS de ayuda para acceder a @. Zure eskaera ondo gauzatu da. Laster SMS bidez jasoko duzu internetera sartzeko laguntza”. Ez duzu batere arazorik izango. Handik bi minutura, SMS bat jasoko duzu; Instalatu profila dioen botoia sakatu, eta listo.

Zure mugikorrak ez badu onartzen horrelako konfiguraziorik, eskuz egin beharko duzu prozesua. Lasai! Android, iPhone eta Windows Phonerako argibide erraz batzuen bidez azalduko dizugu zer egin.

Post honek zure zalantzak argitzen lagundu izana nahi genuke. Bestela, gogoratu gure Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuaz balia zaitezkeela, zenbait zenbakitara deituz. Behar duzun laguntza emango dizugu. Gainera, posta elektronikoz ere egin ditzakezu kontsultak, edo Facebook zein Twitter bidez, eta gure foroan ikus ditzakezu gure Zerbitzu Teknikoaren eta bezeroen iruzkinak, gomendioak eta iradokizunak Zure zain gaituzu!