Erriberri Nafarroako herri bat da, 3 000 biztanle besterik ez dituena, eta, han bertan, ipuinetatik aterea dirudien gaztelu bat dago, errege-erreginen bizitoki izandakoa, eta Erdi Arora garamatzana, luxu betera, dorre garaien, ondo zainduriko lorategien eta gela handientsuen artera. Hementxe kontatuko dizugu nola bisitatu Erriberriko gaztelua, zer sarrera-mota dauden, zer prezio duten, bisiten ordutegia zein den eta barruan zer ikusten ahal duzun.

Erriberriko gaztelua estilo gotikoko eraikin zibil harrigarria da, eta 1925ean Monumentu Nazional izendatu zuten.

Erriberriko gaztelua deritzogun arren, jauregi-multzo handi bat da, zati handia hartzen duena kale harriztatuz, armarridun fatxadak dituzten etxetzarrez, erromatar harresiz, Erdi Aroko galeriaz eta tenplu eta jauregi zainduz beteriko herri honen erdigune historikoan.

Europako gaztelu luxuzkoenetako bat da, eta bisita egiteko irekita dago.

Lehenik eta behin, haren historiaren berri emanen dizugu, labur-labur.

Erriberriko gazteluaren historia

Karlos III.a Nobleak eta haren emazte Leonor Trastamarakoak agindu zuten Erriberriko gaztelua eraikitzeko, 1402an. Gaztelua dagoen lekuan, antzina, erromatarren gotorleku bat egon zen.

Haren itxuran argi ikusten da Frantziako arkitekturaren eragina eta, hain zuzen, Karlos III.ak berak, Évreux frantziar dinastiakoa zenak, Frantzia bisitatu zuen gazteluaren arduradunekin batera, zuzen-zuzenean behatzeko erreferentziatzat zituen Europako jauregi handientsuak.

Nafarroako Erresuma oparoaldi ekonomiko betean zegoenez, gaztelua orotariko gelaz, apaingarriz eta detailez hornitu zuen. Dorreak, galeriak, patioak eta lorategiak fin-fin apainduta daude (arte mudejarra izan zen inspirazio-iturri handietako bat), kalitate goreneko material noblez.

Erriberriko gazteluak lorategi eseki bat ere izan zuen, etxalde- eta zoologiko-lanak egin zituena; han, hegaztiak eta zakurrak ibiltzen ziren, eta, haiekin batera, bestelako espezie exotikoago batzuk ere bai, hala nola papagaiak, bufaloak eta jirafak.

Gainera, askotariko festak, zaldun-torneoak eta ikuskizun artistikoak egiten ziren (eta egiten dira oraindik ere).

1937. urtean erabat zaharberritu zuten, eta denborak eginiko kalteak konpondu ziren orduan, baita, bereziki, Independentzia Gerran izandako suteak eraginikoak ere.

Erriberriko gaztelua: Jauregi Zaharra eta Jauregi Berria

Erriberriko gazteluak hiru zati ditu: Jauregi Zaharra, San Jurgi kaperaren hondarrak eta Jauregi Berria.

Gainera, gazteluari itsatsita Andre Maria Erreginaren eliza dago, errege-erreginen erlijio-ospakizunetarako tenplua. Arkitektura gotikoaren eredu ederra da, balio handiko polikromiak eta erliebeak dituena, baita erretaula errenazentista eta, fatxadan, arrosa-leihoa ere.

Jauregi Zaharra, gaur egun, Paradore Nazionala da, eta, hortaz, egun Erriberriko gazteluan bisitatu dezakeguna Jauregi Berria da, zatirik handiena, XV. mendearen hasieran eraikia Karlos eta Leonor errege-erreginen aginduz, jauregi zaharra zabaltzeko.

Erriberriko gaztelurako sarrerak

Erriberriko gaztelua bisitatzeko ordaindu beharra dago, eta bisita librea (audiogida, aukeran) edo gidatua egiten ahal duzu, aukeran.

Bietarako sarrerak Erriberriko Errege Jauregiaren webgune ofizialean eskuratzen ahal dira.

Mugikortasun urria dutenek jauregiaren zati bat bisitatzen ahal dute, beheko solairua eta lehenengoa igogailuz lotuta baitaude. Ezinen duzu haurrentzako orgekin sartu, ordea.

Bisita, gutxi gorabehera, 45 minutukoa da, eta sartzeko azken aukera itxi baino 30 minutu lehenago amaitzen da. Beraz, jaso ondo Erriberriko jauregiaren ordutegiak, zure bisita programatzeko.

Erriberriko gazteluaren ordutegiak

castillo olite navarra
Iturria: Erriberriko Errege Gaztelua

Erriberriko gazteluaren bisita-ordutegia ez da berbera urteko sasoi guztietan. Udan eta asteburuetan, bisitari gehien dituenean, ordutegi zabalagoa du.

Honako ordutegi honetan egiten ahal duzu bisita Erriberriko gazteluan:

  • Otsaila eta martxoa: astelehenetik igandera, 10:00etatik 18:00etara.

  • Apiriletik ekainera: astelehenetik ostegunera eta igandeetan, 10:00etatik 19:00etara; ostiraletan eta larunbatetan ordubete beranduago ixten du, 20:00etan.

  • Uztaila eta abuztua: asteko egun guztietan, 09:00etatik 20:00etara.

  • Iraila: igande, astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan, 10:00etatik 19:00etara; ostiral eta larunbatetan, 20:00etara arte.

  • Urria eta azaroa: asteko egun guztietan, 10:00etatik 18:00etara.

  • Abendua eta urtarrila: asteko egun guztietan, 09:30etik 17:30era.

Data berezietan, hala nola Aste Santuan, ordutegia jarraitua da, 10:00etatik 20:00etara arte.

Egun berezi batzuetan itxita egoten da; esaterako, Eguberri, Urteberri eta Errege egunetan.

Erriberriko gaztelurako sarreren prezioa

Helduentzako banakako sarrera libreak 4,40 € balio du.

Prezioa 2,50 eurokoa da Gazte Txartela dutenendako, 65 urtetik beherakoendako eta 6 eta 13 urte arteko haurrendako (azken horiek, helduren batek lagunduta).

0 eta 5 urteko haurrak eta dibertsitate funtzionala dutenak doan sar daitezke.

Nahi baduzu, audiogida bat erabiltzen ahalko duzu, 4 euroren truke.

Bisita gidatuen sarrerak 7,50 € balio du pertsonako. Horrek ere deskontua du Gazte Txartelaren titularrendako, 65 urtetik gorakoendako eta 6 eta 13 urte arteko haurrendako, 5,50 € bakarrik ordaindu beharko baitute. 0 eta 5 urte arteko haurrak doan sartuko dira, eta dibertsitate funtzionala dutenek 1 € ordaindu beharko dute.

Egun batzuetan, Erriberriko gazteluaren bisita doakoa da bisitari guztiendako. Ondarearen egunak dira, eta honako hauek izanen dira 2024aren lehen erdian: Urtarrilaren 10a, 17a, 24a eta 31; otsailaren 7a, 14a, 21a eta 28a; martxoaren 4a, 6a, 13a eta 20a; apirilaren 3a, 10a, 17a eta 24a; maiatzaren 8a, 18a, 22a eta 29a; eta ekainaren 5a, 12a, 19a eta 26a.

Aukera dago talde-bisitak eta bisita bereziak, antzerki-bisitak, bisita enologikoak edo haurrentzako bisitak egiteko, eta azken horretan material didaktikoa ere barne dago.

Zure aukera hautatu eta sarrera erosi ondoren, Erriberriko Errege Jauregiko leihatilara bertaratzen ahalko zara, bisitaz gozatzeko.

Zer ikusten ahal duzu Erriberriko gazteluaren barruan?

Erriberriko gaztelua luxu handiko handitasun- eta bake-oasia da. Sumatzen da asmoa ez zela inoiz izan defentsa-gaztelu bat egitea, baizik eta lasaitasuna topatzeko eta pasaiaz eta inguruaz gozatzeko errege-erreginen bizitokia eraikitzea.

Nabarmentzekoak dira errege-ganberak, gazteluaren gunerik garrantzitsuenak, harrigarriak txaranbeldun leihateak dituztelako.

Errege-ganberen gainean, zut, gazteluko dorreak daude, hasieran zazpi zirenak. Garrantzitsuenak dira Dorre Nagusia, garaiena; Lau Haizeen Dorrea, erdiguneko patiorako eta gazteluaren ingururako bista ederrak dituena; eta Hiru Koroen Dorrea, forma eta eite originalekoa.

Bide batez, ibil zaitez lorategietan barrena. Gazteluaren sarreran Lorategi Nagusia topatuko duzu, laranjondoz josia, baina Txoritokiaren Lorategiak eta Masustondoaren Lorategiak ere merezi dute bisita; azken horretan, hain zuzen, Monumentu Natural izendatutako ehun urtetik gorako masustondo bat dago.

Gazteluaren beste elementu bitxi bat da haren izoztegia. Izenak berak dio zertarako den: esparruko lekurik hotzenean dagoenez, han biltzen zen izotzari eta elurrari esker jakientzako biltegi paregabea zen.

Erriberriko gaztelua herriaren erdigunean zegoen, leku pribilegiatuan, eta han bizigaiak biltzen ziren, bilkura garrantzitsuak egiten ziren, baita jai eta oturuntza handiak ere... eta oraindik ere gaztelua protagonista da herrian.

Erriberri: jaiak, antzerkia, ardoa...

Erriberrik eta bertako gazteluak Erdi Arora garamatzate urteko edozein unetan, baina are gehiago garai berezi batean: abuztuko lehen asteburuan.

Orduan, Erdi Aroko Jaiak egiten dira, eta kalea merkatariz, trobalariz, arkulariz, txotxongilolariz eta malabaristaz betetzen da. Besteak beste, desfileak, berregite historikoak, artisautza-azokak, «Erdi Aroko estiloko» gastronomia-erakustaldiak eta abar egiten dira.

Badago beste ekitaldi bat Erriberrira jende andana erakarri ohi duena: Antzerki Jaialdi ospetsua; eta haren egoitza nagusietako bat da, hain justu, Erriberriko gaztelua. Ba ote leku hoberik obra klasiko eta garaikide handiak taularatzeko?

Ardozalerik zaleenek ere badute Erriberrin zer ikusi eta zer dastatu. Nafarroako ardo onaren eskualde bereizgarrietako bat da, eta erromatar garaiko upategiak ere topatu dira han.

Erriberriko gaztelua Game of Thronesen

Ez al duzu uste horrelako gaztelu bat paregabea dela Erdi Aroan giroturiko film edo telesail eder baterako?

Ba, horixe pentsatu dute telesail arrakastatsuenetako bateko ekoizleek, Game of Thronesekoek (Tronu Dema).

Erriberriko gaztelua erabili zuten Dorneko Martell Etxearen jauregia irudikatzeko, telesail ospetsuaren seigarren denboraldian.

Hala ere, askoz gehiago gozatuko duzu bertatik bertara ikusten :). Ikusi duzu zenbat arrazoi eman dizkizugun Erriberriko gaztelua ezagutzera eta bisitatzera hurbiltzeko.

Goiburuko irudiaren iturria: Nafarroako Turismoa.