Zer irudituko litzaizuke segundoko 10 gigako abiaduran nabigatzea, teknologiaren zaleez inguraturik ematea asteburu bat, droneak maneiatzen ikastea, dozenaka hitzaldi, lantegi eta lehiaketatan parte hartzea? Bada, horixe da Gipuzkoa Encounter, martxoaren 17tik 19ra Tolosan egingo den teknologiaren festa. Euskalkel Konektak antolatzen du ekitaldia, hamaikagarrena jada. Aurten, inoiz baino leku gehiago izango dute festan adin-tarte eta zaletasun-mota guztiek.

Abiadura du ezaugarri nagusietako bat Gipuzkoa Encounterrek. Usabal kiroldegian jarriko dugun sareari esker, hau guztia egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek: errealitate birtualaren arloko azken berrikuntzak probatu, droneak aireratu, lehiaketetan parte hartu, eta segundoko 10 gigako abiaduran nabigatu. Espainiako estatuko ekitaldirik azkarrenetakoa da Gipuzkoa Encounter. Baina ez gara gu azkar ibili diren bakarrak: hamabost segundoan erreserbatu dira ekitaldian erabiliko diren 400 ordenagailuak; beraz, gainditu egin da iazko errekorra (minutu-erdia).

Lekurik gorde ez badut ekitaldian parte hartzerik ez dudala izango esan nahi du horrek? Ez, inondik ere ez. Opengunean,  adin-tarte guztietako jendearentzako hitzaldiak eta lantegiak aurkituko dituzu, doan gainera. Besteak beste, gai hauei buruzko hitzaldiak emango dira: zibersegurtasuna, nola saldu Internet bidez, eta telekomunikazioen negozioari aplikatutako datu-adimena. Informazio Sistemetan espezialista dugun Ángel Barrio arituko da hizlari.

Errealitate birtuala eta droneak

Un niño vuela un drone durante la Gipuzkoa Encounter

Azken nobedade teknologikoak ere ikusgai izango dituzu Opengunean. Errealitate birtuala izango da aurtengo festako izar nagusietako bat. Inoiz egin izan diren VR-ko hiru betaurreko-modelorik onenetakoak probatzeko aukera izango duzu (bi HTC VIVE, bi Oculus DK2 eta Oculus RIFT bat). Etorkizunera hurbiltzen gaituen teknologia baten azken demoak izango dituzu ikusgai. Erabilera ugari ditu teknologia horrek: jokoak eta beste entretenimendu-mota batzuk, komunikazioak...

Errealitate birtualaz gain, gauza asko dituzu ikusteko aurtengo ekitaldian. Nahi baduzu, droneak maneiatzen ikas dezakezu, baimena duen pilotu profesional batek lagunduta. Zure 3D diseinuak ere inprima ditzakezu, edo ordenagailuak tuneatu, zenbait lantegitan parte hartu, errendimendu maximoa ematera behartu ordenagailua, edo musika konposatu ordenagailuarekin.

Whatsappa denontzat

Adin-tarte guztietako jendearentzat antolatuko dira lantegiak, bai adituentzat, bai haurrentzat eta teknologiaz askorik ez dakitenentzat. Besteak beste, Whatsappi buruzko oinarrizko lantegi bat, non aplikazio hori nola erabili pausoz pauso azalduko den. Helburua: inor atzera ez geratzea eta denok arazorik gabe teknologiaz gozatzeko aukera izatea.

Handia da jakin-nahia, eta inork ez du aukera galdu nahi. Aurtengo ekitaldian hiru mila bat lagun elkartzea espero dugu (bisitariak eta parte-hartzaileak). Ikasi, teknologiaren azken berrikuntzez baliatu, antzeko zaletasunak dituztenekin ezagutza partekatu eta lankidetzan jardun..., hori guztia egin daiteke topaketa horretan. Labur esanda, komunitate bat osatuko dugu. Festa bat da Gipuzkoa Encounter, eta denok zaudete gonbidatuta!

Etorri nahi al duzu Gipuzkoa Encounterrera? Etortzekoa bazara, zain izango gaituzu. Etortzerik ez badaukazu, berriz, ez kezkatu: han izango gara gu, eta sare sozialen bidez azalduko dizugu han gertatzen den guztia