Nor daAlma Botxera? “Tabernetako barran ukondoka saiatzen dena zerbitzariak zurito pare bat eta pintxo batzuk atera ditzan. Zurekin joaten naiz metroan, eta oso gustuko ditut musika-kontzertuak. Ez nauzu ezagutzen, baina nire ezizena entzungo zenuen inoiz beharbada: Alma Botxera. Zazpi kaleetan ibili naiz beti, gora eta behera, txiki-txikitatik, eta orain nire blogean partekatzen ditut benetan merezi duten esperientzia gastronomiko guztiak.”
Euskaltel bloga. Zergatik aukeratu zenuen Alma Botxera izena?

Alma Botxera. Jon Uriarteren eta Tomás Ondarraren De Bilbao de toda la vida liburua irakurtzean bururatu zitzaidan. Istorioetako batean irakurri nuen bilbotar batek bere arima “botxero”aren koloreko pintura-poto eskatu zuela Madrilgo drogeria batean. Baina ez zuen edozein urdin nahi, ez, Bilboko urdina baizik. Eta hori nahi nuen nik, gure hiriarekin bat etorriko zen izen bat.

E. B. Zergatik ez duzu esaten nor zaren? Presiorik ez izateko?

A.B. Ez nau kezkatzen presioak, baina edozein bezerok bizi dezakeen egoeratik ahalik eta gertuen egon nahi dut, hau da, errealitatetik ahalik eta gertuen. Nor naizen jakingo balute, aldatu egin liteke tratua. Behin ikusi nuen zerbitzari batek ohar bat zuela idatzita, “Oso ondo tratatu” zioena. Eskertzekoa da, baina denentzat balio behar luke horrek.

B.E. Noiztik dago martxan bloga? Nola hasi zinen?

A.B. 2012tik dago martxan. Pentsatu nuen egokia izan zitekeela nire gomendio gastronomikoak partekatzeko blog bat idaztea. Gerora konturatu nintzen halako zenbat blog zeuden, hasi nintzenean ez bainekien ezer haietaz.

AlmaBotxeraE.B. Gaur egun, 13.000 jarraitzailetik gora dituzu Facebooken, 8.700 inguru Instagramen eta 2.500 Twitterren. Horiek guztiak ez dituzu lagunak izango...

A.B. Ja, ja, ja… Egia esan, lagunen laguntzarik gabe ezinezkoa zatekeen. Nire artikuluak beren saretan partekatzean, izugarri zabaldu ziren artikuluak. Garai hartan, eskuzabalagoak ziren Facebookeko eta Instagrameko algoritmoak. Gaur egun, ordea, ordaintzen ez baduzu, portzentaje txiki batengana bakarrik iristen zara, nahiz eta jarraitzaile asko izan. Baina, tira, hainbeste jendek jarraitzen badio Alma Botxerari, edukia gustatzen zaielako izango da.

E.B. Nola bihurtu zinen influencer foodie arrakastatsu bat?

A.B. ‘Influencer’hitza ez zait asko gustatzen, egia esan. Ez dut inoren erabakietan eragiteko asmorik, nahiz eta ulertzen dudan niri iritzia garrantzitsua izatea batzuentzat. Pentsatu nahi dut irakurleen konfiantza lortu dudala nire artikuluei esker. Badirudi asmatzen ari naizela gomendioekin...

E.B.Bihur daiteke zaletasun bat lanbide?

A.B. Lanbide bihurtuko banu, alde batera utzi beharko nuke nire iritzia, eta blogean azaltzeagatik ordaintzen dutenei buruz idatzi beharko nuke. Eta hori egingo banu, sinesgarritasuna galduko nuke berehala; jendea ez da hain ergela. Zaletasun gisa lantzen jarraitu nahi dut, eta ilusiorik gelditzen ez zaidanean, itxi eta kito; lehen bezalaxe gozatuko dut jaten eta edaten.

E.B. Zer gaitasun behar ditu blog bat idazten hasi nahi duen eta zurearen antzeko bat egingo nahi lukeen pertsona batek?

A.B.Ufff… Hainbeste blog daude gaur egun, zaila da nabarmentzea. Garrantzitsua da diseinu egokia eta eduki interesgarria izatea, noski, baina hori bezain garrantzitsua da jakitea denbora asko eman behar dela bloga eta hari loturiko sare sozialak eguneratzen. Blog fresko, irakurterraz eta ongi diseinatuak gustatzen zaizkit.

E.B. Esaguzu nola lan egiten duzun: nola erabakitzen duzu zer lokaletara joango zaren?

A.B. Besteak bezala, ni ere lagunekin, kuadrillarekin, ateratzen naiz bazkaltzera eta afaltzera, eta zerbait gustatuz gero, blogean partekatzen dut. Jatetxe-erronda egiten dugu, eta sortzen diren berrietara ere joaten gara bisitan. Ez naiz joaten frankizietara, ez eta hotel-kate handien lokaletara ere. Nortasuna eta “arima” berezia duten negozio txikietara joaten naiz, batik bat.

E.B. Zenbat taberna eta jatetxetan izan zara? Zenbakirik ematerik bai?

A.B. Ez, ezinezkoa zait hori. Taberna eta jatetxeak nire habitat naturala dira; oso gustura egoten naiz han. Baina erreferentzia bat izateko: 250 artikulu ditu ia nire blogak gaur egun.

E.B. Zein da inoiz probatu duzun errezetarik originalena?Imagen de un Huevo de caserío, guiso de trigo y jugo de pimientos a la brasa con pan de maíz de Mungia.

A.B. Bada, agian, Eneko jatetxeko bat. Eneko Atxak duen hiru Michelin izarreko jatetxeaz ari naiz: “Baserriko arrautza, eta gariz eta txingarretan erretako piperrez egindako gisatua, Mungiako arto-ogiarekin”. Gezurra dirudi nola egin daitekeen hain errezeta gozo eta ikusgarria osagai xume horiekin.

E.B. Bilboko hanburgesarik onena aukeratu duzu blogean. Animatzen zara pintxorik gozoena aukeratzera?

A.B. Ez da hanburgesarik onena aukeratzea bezain erraza, baina hemen doa: La Viña del Ensanchen zartaginean egiten duten bat, arrautza, foie, onddoak eta patata-purea konbinatuz. Azkenaldian gehien dastatzen ari naizenetako bat da. Eta laguntzeko, txakolina.

E.B. Zer jatetxetara eramango zenuke euskal sukaldaritza sekulako dirutza ordaindu gabe dastatu nahi duen lagun atzerritar bat?

A.B. Iñakiren Tabernara, Barrenkale Barrenan dago. Oso modu onean jan daiteke. Antxoa frijituak, porru- eta arroz-odolkia, piper berdeak, Iratiko gazta... eta txekor-hegal goxo-goxoa, mokofin asko erakartzen dituena. 80ko hamarkadako Athletic taldearen posterra ere sartuta dago prezioan, eta taberna bene-benetako bat dela bermatzen du horrek.

E.B. Eta errezeta berriago bat dastatu nahi duen norbait?

A.B. Euskal sukaldaritza berriko adibide bat nahi baduzu, eta modu onean gainera, Paul Ibarraren Los Fueros jatetxera joan behar zenuke. Eta Euskadiko eta Asiako sukaldaritzen konbinazio bitxi bat nahi baduzu, Iván Abrilen Kimtxu duzu aukerarik onena.

E.B. Inoiz zabalduko du norbaitek Bilbon taberna bat kañarekin batera pintxo bat eskainiko diguna doan, edo hobe dugu etsitzea?

A.B.Beharbada egingo du eskaintza hori tabernaren batek Uribarrin, Errekalden edo La Peñan... Baina hiriguneko tabernetan, behintzat, etsi egin beharko zenuke. Pintxoak turistak erakartzeko amu ezin egokiagoa dira, eta, beraz, negozio bat.

E.B. Zure gastronomia-zaletasunaz hitz egin dugu, baina zure beste ezaugarri batzuk falta zaizkigu. Food, Music & Fun. Ba al da hori baino konbinazio hoberik?

A.B. Bakoitzak esan behar du hori. Ni zoriontsua naiz jaten, baina kontzertuetara joatea ere asko gustatzen zait, euskal kostaldekoetara batez ere. Lagunekin beti, noski. Bizitza bakarra dugu; beraz, ahal dugun neurrian, egin dezagun nahi duguna eta izan gaitezen zoriontsu.

E.B. Zure aholkuari jarraitzen ahaleginduko gara. ???? Eskerrik asko, eta hurrengo postera arte!