Erregeek  ekarritako  oparietan  gustatu  ez  zaizkizunak  saltzeko  edo  birziklatzeko  ideiak

Errege eguna. Zain-zain zaude, ilusioz gainezka, hainbeste denboraz amestu duzun gailu teknologiko mundial hori esku artean noiz edukiko. Edo azken asteetan han-hemen hamaika aldiz aipatu duzun osagarri dotore hori noiz jasoko… Baina ez. Opariari papera kendu…, eta lepoko bat ekarri dizute Erregeek. Eta Black Fridayan erosi zenuenaren berdin-berdina gainera!

Nolabait disimulatzen saiatzen zara eta opari-tiketa bilatzen duzu… Aurkitu ez, ordea. Eta ez zara eskatzen hasiko, noski; itsusi samar, ezta? Ezin emango diozu opari lepokoa “lagun ezkutua”n parean tokatzen zaizun aurrenekoari… Bi aukera baino ez dituzu: saltzea edo oparitzea.

Eta orduan konturatzen zara ez zarela bakarra, beste askori ere gertatu zaiela antzeko zerbait: webgune ugari daude bigarren eskuko produktu-klase guztiak saltzen dituztenak. Eman begiratu bat!

Arropa eta osagarriak

  • Chicfy. Ezagutzen duzu, ezta? Jakina! 11 milioi jantzi baino gehiago ditu, motaren, markaren, tamainaren eta egoeraren arabera sailkatuta. “Egoera” fitxan sakatzen duzunean, ikusiko duzu inolako lotsarik gabe jartzen duela jendeak “Erregetako oparia” izenburua sailkapenean. Horrek esan nahi du produktua berri-berria dagoela, etiketa eta guzti. Beste kategoria asko daude: “Berria, etiketarik gabe”, “Behin jantzia”, “Primeran” edo “Erabilia”, adibidez. Hala, oso ondo dakizu zer erosten duzun. Oso erraz erabiltzen da; zuk prezioa jarri produktuari, eta webguneak prezioaren % 20 eramango du, saltzen denean. Chicfy plataforma bat da; beraz, zuk biltzen edo bidaltzen duzu oparia, webguneak berak ematen dizun kode batekin; hala plataformak bakarrik ditu bi aldeen datuak. Eta kito.
  • Micolet. Micoleteko salmenta eta Chicfykoa ez dira berdinak: Micoleten, plataformak berak balioztatzen du zure arropa, eta berak jartzen dio prezioa. Saldu nahi duzuna aukeratu; jasotze-orri bat bete, mezularitza-zerbitzu bateak paketea jaso dezan; eta, bost asteko epean, webguneak esango dizu beraren ustez zenbat balio duen salgaiak. Ados baldin bazaude, zazpi eguneko epean jarriko dute salgai; bestela, itzultzeko eska dezakezu, edo GKE bati emateko.

Teknologia

  • Smartused. Tableta eta smartphoneen sal-erosketa du ardatz (Apple etxekoak batez ere, baina Android sistemakoak ere bai). Saltzeko, nahikoa da webgunean erregistratzea, produktuaren fitxa bat egitea, argazki batzuk eranstea, eta iragarkia argitaratzea. Kito.
  • Pixmania. Webgune hau paradisu benetakoa da elektronikazale eta gailuzale guztientzat. Eta fitxa berezi bat du gainera, “Produktu moldatuak” izenekoa, aukera ematen duena zure aparatuak saltzeko… 14 herrialdetan baino gehiagotan. Webgunean kargatu besterik ez duzu egin behar, eta webgunea bera arduratzen da kobrantza kudeatzeaz. Bidalketa-gastuak ere sartu salmenta-prozesuan, eta zeure kontu bidalketa. Erraza, ezta?

 

Altzariak

  • Pickeando. Erregeek Ikeako tresillo bat ekartzen badizute (opari bitxiak egiten dituzte batzuek… -;)) eta ez baduzu halakorik behar, lasai: erraz-erraz salduko duzu webgune honetan. Eta erosi ere, eros dezakezu, noski: tiradera-altzari bat, lanpara hedagarri bat… Edo altzari-mota jakin baten bila bazabiltza, argazkia jar dezakezu. Izan ere, auskalo, zuri hainbeste gustatzen zaizun sofa beix hori saldu nahiko du norbaitek beharbada. Oso webgune baliagarria da. Pentsa, blog bat eta altzariak muntatzen laguntzeko bideoak ere baditu! Mundiala.
  • Mi trastero. Aplikazio honek harremanetan jartzen zaitu zure inguruan edo auzoan zerbait erosi edo saldu nahi duten pertsonekin. Produktuak erabiltzailearen kokapen geografikoaren arabera ordenatuta daudenez, errazagoa da zuzeneko hitzordu bat egitea salmenta egiteko. Eta bi aldeak ados daudenean bakarrik burutzen da salmenta. Primeran, beraz.

 

Denetatik

  • Wallapop. Betile-luzapenak ekarri dizkizute Erregeek? Liburu-euskarri bat? Berdin dio zer ekarri dizuten; beti sal daiteke. Ez duzu sinesten? Eman begiratu bat Wallapopeko produktuei. Ikusgarria, ezta? Baita oraindik idatzi ez den abesti baten musika opari badizute ere; bai, bai, hori ere sal daiteke. Sinesgaitza.
  • eBay. Munduko onlineko sal-erosketa plataformarik handiena da. Denetarik du, ezertan huts egin gabe: produktu berriak, erabiliak, teknologia, mozorroak, modako jantziak, altzariak… Webgunean salgai jarri, eta saltzen duzun gauza bakoitzaren % 8 ordaintzen duzu (gehienez ere, 200 euro).
  • Vibbo. Sare sozial baten gisara funtzionatzen du webgune honek: beste erabiltzaile batzuen iragarkiak ikus ditzakezu, mezuak trukatu haiekin… Eta erosi ere bai, jakina. Zure eroslea gehienez ere zer distantziara egotea nahi duzun erabaki, eta kito.

 

Eman

Egin duzu dagoeneko hil honetako ekintza ona? Anima zaitez! Hasi berria da urtea eta! Badira donazioak hartzen dituzten webguneak ere. Beraz, izan gogoan, eta partekatu!

  • No lo tiro… “Zuretzat, batere kondiziorik gabe”. Hala funtzionatzen du webgune honek. Zerbait oparitu nahi baduzu, argazki batekin argitaratu behar duzu webgunean, eta zer hiritan edo ingurutan entregatu nahi duzun esan. Norbaitek ikusi eta interesa baldin badu, hitzordua egin, eta kito. Segundamanita webgunea aurrekoaren oso antzekoa da.
  • Mi aportación. Webgune honek baliabiderik ez dutenek behar dituzten gauzak, edo behar jakin batzuk dituztenenak, argitaratzen ditu. Batzuetan, dirua eskatzen du norbaiti betaurreko graduatu batzuk erosteko edo baliabiderik ez duen pertsona bat dentistarengana eraman ahal izateko.

Eta zuk zer egingo duzu Erregeek ekarri dizuten baina sekula erabiliko ez duzun opari horrekin?

Deja un comentario / Idatzi iruzkina

  • Criteria 2
    0.0

Valida tu comentario / Iruzkina balidatu *