Telefono adimenduna, telebista adimenduna eta erloju adimenduna badituzu dagoeneko. Orduan, zure hiria ere adimenduna izan daiteke, ezta? Zu bizi zaren eta zure denboraren parterik handiena igarotzen duzun hiriaz ari gara. Hiri adimendunak (smart cities) eraikitzen eta hobetzen dihardugu zenbait ikertzailek, organismo publikok, unibertsitatek eta enpresak. Izan ere, zerbitzu hobeak ematen dizkiete herritarrei hiri horiek, teknologiari esker. Hona hemen gaiaren gakoak.  

Angel Barrio EuskaltelLehenbiziko galdera: Nola lortzen da hiriak adimendunak izatea? Euskaltelen TIen segurtasunaren arduradun den Ángel Barrio lankideak azaldu digunez, kaleetan jartzen diren sentsoreen bidez lortzen da. Erabaki eraginkorragoak hartzen laguntzen duten datuak biltzen dituzte sentsore horiek. Autobus-geltoki bat jartzeko lekurik egokiena zein den erabakitzeko, adibidez, oso lagungarri dira hiri-mugikortasunari buruzko datuak, zeinak oso erraz eta geroz eta merkeago jasotzen baitira. Hiriko argiak kudeatzeko ere lagungarri da jakitea zenbait datu: jendearen zirkulazioa, eguraldia eta eguneko ordua, besteak beste. Haririk gabeko sentsoreez gain, programa informatiko aurreratuak ere behar dira datuak informazio erabilgarri bihurtzeko, eta aplikazioak informazio hori erraz ulertzeko moduan azaltzeko.

Baina, nola hobetzen du horrek guztiak gure bizimodua? Bada, era askotara, Ángelek dioskunez: "Telefono mugikorraren bidez, autobusa non dagoen denbora errealean jakin dezakezu, edo zein den hirirako sarbiderik azkarrena, trafikoaren arabera, edo non aparka dezakezun, leku libre bat aurkitzeko etengabe bueltaka ibili gabe". Nahi adina aukera dago.

Replicate proeiktua

Hiriak ikertzeko eta berritzeko Europako programarik handiena den Donostia da programako liderretako bat,Bristolekin eta Florentziarekin batera. Gipuzkoako hiriburuan, izan ere, energia-eraginkortasuna eta herritarren mugikortasuna hobetzeko zenbait programa ari dira bultzatzen. Teknologia-alorreko enpresak, berrikuntza-zentroak eta unibertsitateak ari gara elkarlanean (30 bazkidetik gora, guztira), erreplika daitezkeen hiri adimendunen ereduak eta proiektuak sortzea helburu dugula. Bertatik bertara ezagutzen du proiektua gure lankide Ángelek, zeinak azaldu digun "Donostiako herritarren zirkulazioari buruzko "informazio anonimoa, denbora errealean", ematen duela Euskaltelek, 4G sareari  eta Euskaltel WiFi sareari esker. Pribatutasuna eta gardentasuna ditu ardatz nagusietako bi programa horrek, bai eta hiri adimendunen desafio handienetakoak ere. Izan ere, sentsore gehiago egoteak ez dauka zertan ekarri intimitatea murriztea.

Parte hartzen dugun proiektu berritzaile guztien berri jaso nahi al duzu? Sare sozialetan gauzkazu!