Askotan, berrikuntzaz ari garela, Kaliforniako enpresa handiren bat datorkigu burura. Baina baditugu adibide askoz hurbilagokoak. Bilbon, adibidez, hor dugu mugikorretarako aplikazioak egiten dituen Batura enpresa, zeinarekin maiz aritzen garen elkarlanean. Hamar urtetik gora daramatza aplikazioak sortzen, eta garai gozoa ari da bizitzen: egoitzaz aldatuko da, eta langile-kopurua handituko. Nork esan du Euskadin ez del berrikuntza bultzatzen?

Inguruan dugun berrikuntza-alorreko enpresen sarea ezagut dezazun nahi dugu. Horregatik, Bilbon mugikorrerako aplikazioak sortzea erabaki zuen garatzaile-talde baten historia kontatuko dizuegu gaur. Hasi zirenean, jende gutxik zekien zer ziren aplikazioak. Batura enpresako sortzaileetakoa eta negozio-sailaren arduradun den Gotzon Arzelusek emango dizkigu xehetasunak.

EUSKALTELEN BLOGA: 2006az geroztik ari zarete aplikazioak sortzen. Zer gogoratzen duzu lehenbiziko urte haietaz?

Gotzon: Garai hartan, hauek ziren mugikorretarako eduki bakarrak: politonoak, pantaila-atzealdeak eta jokoren bat edo beste. Android ez zen existitzen, iPhone sortu berria zen, eta Nokiak eta Blackberryak ziren jaun eta jabe. Baina bagenekien erabiltzaileei baliagarriak zitzaizkien aplikazioak egin zitezkeela. Hala, bada, turismo-gidak aplikazio-formatuan egiten hasi ginen. Bluetooth igorgailuen eta beste teknologia batzuen bidez banatzen ziren gidak. Merkatuan kokatzen hasi ginen. Teknologia, ordea, merkatua bezainbat aldatu da.

B. E. Hamar urte eta gero, iraun ez ezik hazi ere egin zarete, lehia hain gogorra den sektore horretan. Nola lortu duzue?

Gotzon: Ez da arrazoi bakarra egon, asko baizik. Erakunde publikoentzat eta zenbait enpresa ezagunentzat lan egin duenez gehienbat Baturak (Euskaltelentzat, adibidez), askoren konfiantza bereganatu du; hori dela eta, urterik urte ari da berritzen proiektu-zorroa. Horrez gain, ezinbestekoak izan dira Baturako kideon konpromisoa, apaltasuna eta ezagutza garai gogorrei aurre egiteko. Eta, batez ere, honek lagundu dio aurrera egiten: gure sektorean izan den iraultza kudeatzen asmatu izanak. Iraultza izan baita, ez bilakaera.

B. E. Bazkide teknologikoek leku nabarmena dute zuen webgunean; Euskadikoak dira, gainerako haietako asko. Ba al dago lehiatzerik hemendik merkatu hain orokorrean?

Gotzon: Enpresa bati eragiten dioten faktoreen baturatzat hartzen badugu merkatua, jakina badagoela. Enpresa txikia da Batura, eta Euskadin dauka bezero-zorro nagusia, baina player handiek (Android, iOS...) ezartzen dituzten arauen arabera jardun beharra dauka. Aldaketeierreparatzen saiatzen da, eta egiten dakien horretan espezializatzen, hau da, aplikazio-proiektuetan. Playerrek jotzen duten musika "dantzatzea" dagokigu guri. Esango nuke "dantzan" pixka bat ikasi dugula hasi ginenetik.

Nire ustez, enpresa orok egon behar du teknologikoki prestatuta, hau da, software eta hardware onak ez ezik, haiek erabiltzen dakiten profesional onak behar ditu batez ere. Horra, nire iritzian, lehiakor izateko enpresa batek behar dituen osagaiak.

Trebakuntzaren garrantzia 

Gotzon_Arzelus, Batura MobileB. E. Master bat sortzea da zuen proiektuetako bat. Emango al diguzu xehetasun gehiagorik gai horretaz? Zergatik behar da master bat mugikorretarako aplikazioen sektorean?

Gotzon: Enpresetatik hurbil egon behar dute trebakuntzak eta espezializazioak, gure beharrak asetzeko. Baina ez da beti horrela izaten. Teknologiak eta tresnek eboluzionatu ahala, tituluak baino zerbait gehiago behar dituzte etorkizuneko profesionalek. Ezagutza errealak behar dituzte, ahalik eta lasterren eraman ditzaten praktikara eta ahalik eta kosturik txikiena izan dezan haiek enpresen jarduerara egokitzeak. Baina mugikorretarako aplikazioen sektorean ez da betetzen baldintza hori.

Gabezia hori ikusirik, master bat ari gara prestatzen Bilbao Berrikuntza Factoryn (BBF), Mondragon Unibertsitatearekin batera. Mugikorretarako aplikazioetarako garapena, marketina eta erabilgarritasuna (ui/ux) dira masterraren ardatzak.

B.E. Aldaketa-prozesu betean dabil Batura: langile-kopurua hazten ari da, eta egoitza berria du. Zer uste duzue ekarriko duela etorkizunak? Betiko iraungo du mugikorren egungo iraultza honek? Betiko iraungo du etengabeko berrikuntza-erritmo honek?

Gotzon: Lehenik eta behin, inoiz izan duen unerik ederrena eta ilusionagarriena ari da bizitzen Batura gaur egun. Ez dakit Batura 2.0-n edo Batura 4.0-n gauden… Egoitza berria, diozu? Gusturago lan egiteko eta bezeroak hobeto artatzeko handitu dugu egoitza. Langile-kopuru bikoitza izango dugu urtebete barru; ziurtatua dugu lan-karga, eta, itxura guztien arabera, hazten jarraituko dugu. Sistemen/backenden analista-programatzaile baten bila gabiltza orain, eta iOSen diharduen garatzaile bat ere behar dugu.

Berrikuntzari dagokionez, berriz, maizegi lotu ohi da hitz hori teknologiarekin. Baina batik bat jarrera-kontua dela esango nuke. Berritzeko jarrerarik gabe ezin dira hobetu gauzak. Berrikuntzaren emaitzetako bat da teknologia; jarrera, berriz, haren eragilea.

B.E. Amaitzeko... Zenbait aplikazio egin dituzue guretzat; besteak beste, Bilboko eta Donostiako jaietarakoak. Eta badakigu beste zerbaitetan ere bazabiltzatela. Aurreratuko al diguzu zerbait, esklusiban? ???? 

Gotzon: Egia esan, oso erraza izan da, beti, zuentzat lan egitea. Finean, jendea da enpresa guztien osagai nagusia. Zuen kasuan, esker oneko hitzak eta enpatia besterik ez dugu Euskalteleko profesionalentzat, gurekin lanean aritzen direnentzat. Nire ustez, ibilbidea bera da horren frogarik onena. Zenbait proiektutan jardun gara: Behobia-Donostia lasterketako korrikalariei postu eta denbora ofiziala jakinarazteko SMSen bidalketa, Aste Nagusietako aplikazioak,  ikastolen jaietakoak...

Hobekuntzak egin ditugu urtero, eta aurten ere eman nahi diegu sorpresaren bat erabiltzaileei. Badirudi baietz, emango diegula, baina ezin dut besterik esan oraingoz. ????